Goiener elkarteak laugarren urtez segidan antolatu du Udanbizi txirrindulari bira. 2026ko uztail honetarako bost eguneko bira bat prestatu dute, hilaren 13tik 17ra, Araban barrena, Dulantzin hasi eta Araba zeharkatu ondoren Gasteizen amaituko dena.
Energia arloarekin zerikusia duten gaiez gain, beste eremu batzuk lantzea ere aurreikusi dute, aurreko edizioetan egin duten legez. Helburu horrekin, solasaldi edo bisitak antolatu dituzte lotarako herrietan zein errepidean. Goienerrek esplikatu duenez, "Udanbizi aukera bat da oporrak modu jasangarriago batean lagunen artean pasatzeaz gain, aztarna ekologiko handiagoko bidaiak ekidin eta gurean lurra eta burujabetzaren aldeko ekimenak ezagutzeko".
Energia trantsizio justuaren aldeko ekimena da udanbizi martxa
Udanbizi ekimenaren helburua da Goienerreko boluntario, bazkide eta jarraitzaileak egun batzuetan bildu eta Euskal Herriko bazterrak bizikletaz ezagutzea. "Udanbizi irabazi asmorik gabeko Goiener elkarteak antolatutako txirrindulari bira bat da. Energia eredu jasangarri, justu eta demokratikoak sustatzeaz gain helburu sozialak, elkarlan bidezkoak eta herrigintzatik abiatutakoak bistaratzea du helburu. Aldi berean, gizartean kezka sortzen duen eta gehiegizko kontsumoan oinarrituta dagoen gaur egungo eredu energetikoan ere jarri nahi dugu begirada", azaldu dute antolatzaileek.
Bost etapa
Araban egingo duten Dulantzi eta Bernedo arteko lehen etapan Alaitzako elizako margoak bisitatuko dituzte txirrindulariek, baita Sabandoko biomasa galdara komunitarioa ere. Hilaren 14an, berriz, Bernedotik Bastidara egingo duten ibilbidea aprobetxatuz, Lantziegon dagoen Erroiz olio errota ezagutzeko aukera izango dute, eta Villabuenan ere geldialdia egingo dute, upategi batean hitzordua dutelako.
Bastidatik Gaubeara egingo du salto Goinerreko tropelak, uztailaren 16an, eta 46 kilometroko ibilaldian aukera izango dute Tierra, Papel, Tijera Salcedoko nekazari ekologikoekin eraldaketarako nekazaritza gertutik ezagutzeko.Solariak Araban dituen makroproiektuez ere mintzatuko dira.
Hurrengo egunean Gaubeatik ibiliko dira txirrindulariak, eta Garoñako zentral nuklearraren eraispena nola dihoan ezagutuko dute. Alde gastronomikoan, Arabako gari espezie zaharrekin egindako ogiak dastatu ahalko dituzte. Azken etapan Gasteiza joango dira, Gesaltza Añanako gatzagetan geldialdia egin ondoren.
Udanbizi 2023az geroztik urtero antolatzen da. Prestakuntza, eztabaida eta aisialdia uztartzen ditu, eta energia trantsizioaren eta kontsumo arduratsuaren garrantziaz kontzientziatzeko balio du. Lehenbiziko urtean, Nafarroan barrena ibili ziren Goienerreko kideak, Iruñean hasi eta Leitzan amaitu zen martxan. 2024an, berriz, Bilbotik Zumaiara bidaia egin zuten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuz, eta 2025eko uztailean, Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian barrena, Irun eta Hendaia arteko mugan hasi eta Beran amaitu zen ibilaldian.
Ohi bezala, aurten ere plazak mugatuak dira, eta gehienez ere 40 txirrindulari inguru bildu ahal dira ekimenera. Interesa dutenek Goiener elkartearen webgunean eman dezakete izena. Kooperatibatik ohartarazi dute gogoa eta bizikleta egoki bat beharrezkoa direla ekimenean parte hartzeko.