Errekaren bihotzean lo dauden errotak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 11

Trebiñuko Uda ibaiaren errota sare zabalaren parte da Sasetako Roda Vieja. Argazkia: PHOT.OK

Araba ez da ur errota gehien dituen Euskal Herriko lurraldea, baina bai ondare hori paisaia naturalean garbien kontserbatu duena. Bostehun errota historikoetatik gutxi daude martxan, baina erreka eta herri ugari bisitatzeko aitzakia ematen dute.

Arabako errota zaharren bila abiatu gara. Historia joria daukate. Ibaietako eta erreketako urak baliatu zituzten mende luzez, duela gutxi arte, zereala ehotzeko. Historia polita dute atzean, sarritan kondairak ere gorde dituzte, eta paraje freskoetan, ur-jauzi txikien eta presen ondoan aurkitzen dira, udako beroaldiari aurre egiteko txoko aproposetan. Arabako errotak gure paisaia kulturalaren elementu biziak dira, hortaz ibilaldian errota txiki bat aurkitzen baduzue errespetatu eta zaindu. Ez hartu landarerik, animaliarik edo mineralik; paisaiaren oreka hauskorra da.

Edozein herritan topatu daitezke errota bat, errota baten hondarrak, presak, kanalak, ur-jauzi txikiak edo ura gordetzeko karkabak. Araban 553 errota daude erroldatuta. Banaketa geografikoa ez da ausazkoa: ur baliabideen eskuragarritasunak baldintzatu du erroten garapena, Añana Kuadrillako ibai sarearen dentsitateak (135 errota) eta Arabako Errioxako eremu lehorragoak (27 errota) argi erakusten duten bezala. 

Ehoketa herrien eguneroko bizitzaren motor nagusia izan dela islatzen duten errota ugari gorde dira herrialdeko mutur batetik bestera. Arbasoen ingeniaritza eta memoria ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute, ura eta harria nola bihurtu ziren ogi eta bizitza ulertzeko.

Urizaharreko Errota da lurraldeko zaharrenetarikoa, 1178koa, eta bere jatorrizko mekanismoa gorde duen bakarrenetakoa. Gainera, duela gutxi arte ospe handiko Alonso okindegia zabalik izan da bertan. Errota zaharrak betidanik erakarri du bisitarien atentzioa, etxe aurrean iturburuak sortzen duen urmael gardenarekin batera. 

Urizaharreko herritarrek Hijarko dukearen Las Herrerias errotan eho behar zuten alea, garesti, udalbatzak 1778an herriarentzako beste errota hau erosi zuen arte. Alonso familiak errentan hartu zuen lehenik, eta jabe bilakatu ziren ostean. Sotero eta Aquilina Alonso arduratu ziren lehendabiziko ehoketez, eta hurrengo belaunaldiak ibili ziren ogia egiten 2025eko abenduan ateak itxi zituzten arte. 

Garai batean, Arabako Mendialdean, hogei irin errota inguru izan ziren martxan. Musitu aldean, oihan berde paregabe batean, esaterako, Igoroingo Errota dago, 1561ean eraikia eta duela gutxi birgaitua. Igoroingo Errotan gizakiak eta abereak elikatzeko irinak egin izan ziren XIV. mendetik XX. mendearen azken herena arte. Halaber, errotak pila bat zuen larruak eta artileak astintzeko. XIX. mendera arte, ibai arro berean beste hiru errota izan ziren, La Poza, Santa Pia eta Santo Toribio, gaur egun desagertuta edo oso hondatuta daudenak. Haietatik guztietatik Igoroingoa izan zen errendimendu handiena izan zuena.

Ancoratik Gobeora

Lurraldearen bilakaera soziekonomikoaren eta ingeniaritza hidraulikoaren arteko harreman estuaren adibide gisa ditugu Gasteiz inguratzen duten errotak.Garrantzi handia izan dute hiriburuaren eta Arabako Lautadaren historian, bai hornidura sistema gisa, bai paisaia kulturala moldatu dutelako. Garaiko nekazaritza jardueraren erreferente nagusiak dira.

Hiriburuan 56 errota jaso ditu guztira Leandro Zufiaurre arkeologoak eta beste 77 Arabako Lautadan. Errota hauen jatorria IX. mendean dago, askotan komunitate erlijiosoei lotuta sortu ziren, baina baita herrietako kontzejuen aginduz edo tokiko jauntxoen menpe ere. Alta, XX. mendean, irin fabrikak sortzen hasi ziren eta turbina elektrikoak sartu ziren, eta antzinako egitura hauen gainbehera etorri zen. 1960ko hamarkadan herrietan gertatu zen despopulazioak errota zaharrren gainbehera bizkortu zuen.

Gaur egun ondare hau ezagutzeko 34,5 kilometroko ibilbide zirkular bat dago, bederatzi errota nagusi biltzen dituena. Zadorra ibaiaren eta haren adarren ardatz hidrografikoa jarraitzen du ibilbideak eta Erdi Arotik industria trantsiziorako jauzia nola eman zen erakusten du. 

Ibilbidea Ancoratik hasten da, Abetxukuko Erdi Aroko errotaren gainean eraikitakoa. Arabako irin fabrika ospetsua XIX. mendearen erdialdean sortu ziren lehen irin lantegien adibidea da, baita Gasteizko lehenengo industria eraikinetako bat ere. 1854an sortu zuen Ardanza Molinuevo y Cía elkarteak; XX. mendearen erdialdean Panificadora Vitoriana eta Ancora okindegien sorreran parte hartu zuen enpresak. 2003an ateak itxi zituen eta Gasteizko Udalak erosi zuen berreskuratzeko asmoz.

Acapulcotik Forondara

Ihurrerantz jarraitzen du bideak. Herriak 1550ean eraikitako errota bat gorde du regolfo sistemarekin –turbinaren aitzindaria–. Sistema honek uraren korronteaz gain, zilindroan sortutako presioa ere baliatzen du ehotzeko. Arangizkoa mende bat zaharragoa da, baina tradizionalagoa. 

Forondako errota Acapulcora emigratutako Martin de Astegieta bizilagunaren 100.000 errealeko diru laguntzarekin berreraiki zuten, XIX. mendean. Martiodako errota, berriz, XV. mendean eraiki zuten, Arabako Lautadako zaharrenetakoa da, eta presa ikusgarri baten ondoan dago. XX. mendearen amaierara arte martxan egon zen.Hain zuzen, Foronda eta Martioda artean herri huts bat dago, Urrialdo, ibilbidetik gertu. Bertako basiliskoaren elezahar bitxia oso ezaguna da arabarren artean. 

Otobarrengo errota XVIII. mendekoa da eta Mendotzakoa Erdi Arokoa. Azken horretan hegoaldeko fatxadan arkupe bat nabarmentzen da, kontzejuaren bilerak egiteko erabiltzen zena. 

Egoera oso kaxkarrean daude Legardagutxi (1591) eta Gobeu (1628) errotak. Alfredo Donnayren abesti bati esker oso ezaguna da Legardagutxikoa eta Gobeukoa, berriz, 1900. urtean Azucarera Alavesa enpresak erosi zuelako, salto hidraulikoa aprobetxatuz elektrizitate fabrika bihurtzeko.

Gasteizko ondare hidraulikoaren aldean oso gutxi ikertu dira, esaterako, Trebiñuko errotak. Uda ibaiaren arroan, Okina, Saseta, Pariza eta Urarte artean, historian zehar hainbat errota, presa eta ubide egon ziren. Uda ibaiak errota sistema edo sare txiki bat elikatzen zuen, nahiz eta gaur egun gehienak hondatuta edo ia desagertuta egon. Errota horien ikerketa sakon bat egiteke dago oraindik, eta ondare hidraulikoaren ikuspegitik Arabako eta Trebiñuko gunerik interesgarrienetako bat dira. 

Gaur, aisialdirako baliatzen dute lagun askok Sasetako errotaren ingurua, ur-jauzi ederra eta garbiaren inguruan atseden hartzeko. Urarteko errotaren egitura hidraulikoren zati bat ere ikus daiteke oraindik, antzinako ondare hidraulikoaren logika erakusten duena. 

Trebiñuko harri zuria

Halere, Trebiñuko barrendegia Arabako beste eskualdeetatik bereizten da errotarrien ekoizpenean izan duen pisuagatik. Harri zuria da Trebiñuko bereizgarria. Oso preziatua. Harrien prezioa 700 eta 1.500 pezeta artekoa zen, tamainaren arabera. 
Trebiñun, Gorbeialdean ez bezala, errotarri zatiak lantzen zituzten. Trebiñuko harrobietan enborrak edo kuartzita zatiak erabiliz egiten ziren errotarriak, hau da, pieza bakarrak izan beharrean, segmentuka muntatzen ziren. Horrela, garraioa errazten zuten, pieza bakarreko errotarri handien pisu eskerga saihesten zutelako. 

Errotarriak, buruteak, karkabak, kalapatxak. Guztiak Arabako ur erroten ezinbesteko piezak dira. Baina zer litzateke errota bat bere presa edo presa sistemarik gabe? Araban bitxiena Sebe errotaren presa da, harriz eta egurrez ezagutzen den bakarra, eta 2015 eta 2016 urteen artean zaharberritu zutena. 

Omecillo ibaiaren arroan dago XVIII. mendeko erlikia, Uribarri Gaubean. Alta, ez da erraza bertara iristea; soroen, baratzen eta sastraken artean igaro behar da eta etxe partikular baten ondoan ere, baina abenturak merezi du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago