Mikel Inoriza

"Ez dago inongo beharrik hau egiteko, baina hau da gustatzen zaiguna"

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 10a

Mikel Inoriza eskalatzailea. Argazkiak: M. INORIZA

Bada jendea erosoago sentitzen dena izotzetan galduta, edo ehunka metroko altueran pareta batetik zintzilik, eraikin artean dagoenean baino. Mendiko pasioa ogibide ere bihurtuta bizi da Mikel Inoriza.

Euskal Herriko alpinista eta eskalatzaile belaunaldi berrian leku nabarmena lortu du Mikel Inorizak (Gasteiz, 1996) azken urteetan. Lagunez inguratuta, askotariko balentriak egin ditu munduan zehar, alpinista zaharren erromantizismoa bizirik mantendu nahian, joera berrien distiratik ihes.

Gauza asko egin dituzu, eskaladan, alpinismoan, eskiatzen… Nola definitzen duzu zeure burua kirolari gisa?

Euskaraz badaukagu hitz bat ona: mendizalea. Azkenean mendian gauzak egitea gustuko dut. Eskalatu, eskiatu, izotzetan eskalatu… eta oraintxe bertan mendi gidari bezala nabil gainera, nire pasioa eta ogibidea ere bada. Gustatzen zait, egia esan, euskaraz daukagun hitza, mendizalea. Mendiarekin zerikusia daukan guztiaren zalea, hori banaiz.

Eta zer da alpinismotik erakartzen zaituena? Esplorazioa, zailtasuna, bidaia bera…

Gehienbat ulertzen dut mendia lagunarteko zerbait bezala, partekatzekoa, hori oso garrantzitsua da niretzako. Eta gero estiloa ere bai; ez nau betetzen edozer gauza egiteak, baizik eta nola egiten den, eta zeinekin. Eta noski, esploratzea, ezagutzen ez dituzun tokiak ikustea. Turismoa izango da, baina ez naiz joaten hiri bat bisitatzera. Hala ere eskalada eta mendiari esker herri asko ezagutu ditut, eta asko deitzen nau horrek. Garrantzitsua da noski mendia erakargarria izatea, eskalatu nahi duzun bidea motibagarria izatea, teknikoki erronka bat izatea. Baina zer eskalatu baino, garrantzitsua iruditzen zait estiloa, eta norekin egiten dudan. Ez nintzateke joango joateagatik, ezagutzen ez dudan norbaitekin.

Asko aldatu da alpinismoaren mundua? Bilakaera ona edukitzen ari da?

Mendia ez doa gaur egungo gizartearen erritmoan. Kontsumistagoak bezala gara denok, dena nahi duzu azkar eta ja. Eta horrek ere eragina du alpinismoan. Ikusten dugu zortzimilako komertzialetan; urtero egoten da Everesteko albisteren bat, ez dakit zenbat jendek egin duela Everest, mundu guztia oxigeno gehigarriarekin. Azkenean hori da norbanakoari mendia egokitzea, eta ez norbanakoa egokitzea mendiari. Alde hori ere badago, eta gure gizartearen isla ere bada. Baina ni mugitzen naizen inguruetan iruditzen zait, zorionez, oraindik badagoela jendea garai bateko alpinismo horren erromantizismoa mantentzen duena, betiko esentzia hori bilatzen duena. Ez guk mendia garaitzea, baizik eta mendira joatea eta mendiak planteatzen dizkigun erronka horiei ahalik eta modu zintzoenean aurre egitea; eta ahal badugu gailurra egin, hobeto.

"Mendiak askotan umiltasunera bueltatzen zaitu, belarriak jaitsi eta etxera itzuli"

Teknologia eta teknika berriek zer ekarri dute?

Argi dago jarduera bera aldatu dela, batez ere teknologiarekin. Ekarri du material arinagoa, eraginkorragoak diren pioletak, kranpoiak, katu-oinak, dena. Baina agian teknologiak ekarri digun onurarik handiena da gaur egun egon zaitezkeela espedizio batean kanpo base batean, guztiz inkomunikatuta zegoen toki batean, eta telefono satelitalei esker egon zaitezke zibilizazioarekin konektatuta. Eta horrek asko lagundu du. Mendira zoaz ezjakintasun puntu gutxiagorekin. Eduki ditzakezu meteo aurreikuspenak! Nik hori bizi izan dut beti, baina hitz egiten duzu garai batean espedizioetara joaten zen jendearekin, eta egoten ziren zain, kanpo base batean, barometro batekin presioa begiratzen… Eta horren arabera, haien intuizioaren laguntzaz, eta ikusten zuten eguraldiaren bilakaeraren arabera, sartzen ziren paretara. Askoz arrakasta aukera gutxiago zuten. Gaur egun esaten dizute etxetik: "edukiko duzue eguraldi ona hiru egunez". Berme handiagoa daukagu orain, seguruagoa izateko espedizioa bera, eta aukera gehiago ditugu helburua betetzeko.

Hala ere jarraitzen du abentura izaten, ez? Zer harreman duzu zuk arriskuarekin?

Esandako honek kendu die abentura puntu bat espedizioei eta. Baina bai, mendian zaudenean badago arrisku bat, objektiboa, bertan egotearekin bat datorrena. Harriak erori daitezke, edo izotza gainetik, edo dena delakoa. Eta arriskuarekin dudan harremana… uste dut ez dugula asko pentsatzen. Besterik gabe, norberak ezagutzen du bere burua, badakizu zein diren zure puntu indartsuak, ahulak, zein diren zure gaitasunak. Normalean ez dut uste sartzen garenik gure aukeren gainetik dagoen zerbaitetan. Arriskua noski badagoela, baina iruditzen zait normalean neurri horren barruan egoten garela.

Beldurra lagun ona da kirol hauetan?

Bai, noski, eta argi dago beldurra ere pasatzen dugula. Ez dizut esango mendira beldurra pasatzera joaten garenik, ez da hala, baina bai ematen dio puntu bat. Agian parkera zoazenean paseo bat ematera ez zaitu hainbeste betetzen, eta tentsio puntu hori sentitzen duzunean biziago sentitzen zara, gehiago betetzen zaitu. Argi dago, ezin duzu itxaron gauza guztiak kontrolpean eduki arte, bestela ez ginateke inoiz etxetik aterako. Baina bai, esperientzia izatea, baldintzak aztertzea, gauzak ondo prestatzea, material egokia eramatea, prest egotea fisikoki zein mentalki… neurri horiek bermatzen dute aukera gutxiago izatea istripuak izateko. Hori da arriskua kudeatzeko modua, etxean bertan hasten da.

Istripu handirik ez duzu eduki. Sustoren bat edukiko zenuen…

Istripu handirik momentuz ez dut eduki, ez, eta espero dut horrela jarraitzea. Sustoak noski eduki ditudala. Oso kontziente izan behar duzu zer arrisku ari zaren hartzen, eta badaudela momentu batzuk ezin zarena erori, kalte handia eragingo lukeelako. Momentu horietan super kontzentratua egon behar duzu. Zoritxarrez ikusi ditut istripu larriak; gauza horiek gertatzen dira. Alpinista eta eskalatzaileok hausnartu behar dugu horren inguruan, gure jardunarekin batera datorrelako. Noski, parkeko paseoak arrisku gutxiago dauka, baina gauzak modu egoki baten eginda asko gutxitu daiteke arriskua. Mendi gidari izanda ere nire lana hori da: jendea eramatea mendira, eta arriskua kudeatzea.

Zenbat aldiz esan dizute erotuta zaudela?

Askotan. Askotan, askotan, ez dakit zenbat aldiz. Baina bakoitzak badu bere konfort eremua. Ni adibidez uretan igerian oso beldurtia naiz. Jende askok esango dizu uretan oso aske sentitzen direla. Ni sartzen naiz itsasoan, eta lurra ukitzen ez dudan momentutik aurrera oso ahul sentitzen naiz. Eta aldiz mendia nire ingurua da. Askotan esaten didate egiten duguna eroena dela. Argi dago ez dagoela inongo beharrik egiten duguna egiteko, baina hau da gustatzen zaiguna, eta horrela ibiltzen gara.

"Ez gara mendira beldurra pasatzera joaten, baina horrek ere ematen dio puntu bat"

Azken urteetan Yosemiten ere ibili zara, AEBetan. Zergatik da Yosemite hain erakargarria eskalatzaileentzako?

Toki oso garrantzitsua da, historia asko dago bertan. Niri beti gustatu izan zait jakitea zeinek ireki zituen bideak, nor izan zen lehenengoa han eskalatzen, nola eskalatzen zuten… Yosemite arroka eskaladako Meka bat da, azken finean, erreferente bat. Eta gero tokia ikaragarria dela. Ez dakit zenbat metro eta metro arroka egongo diren bailara horretan, baina ikaragarria da. Hasieran pixka bat agobiatu ere egiten zara, "ez daukat denborarik nahi dudan guztia egiteko". Gainera, nik Gasteizen eduki nuen erreferenteetako bat Adolfo Madinabeitia izan zen, mendira eta eskalada egitera eraman ninduena, eta berak bere garaian eskalada garrantzitsuak egin zituen han, ni jaio aurretik. Horregatik ere beti izan dugu buruan. Gehienbat, Yosemiten asko dagoela, eta kalitate oso altuko eskalada.

Freerider bidea egin duzue, adibidez. Soka gabe?

Ez, ez, soka gabe ez. Freerider bidea egin genuen iaz [Jon] anaiak eta biok. Bide hori da Alex Honnoldek soka gabe egin zuena. Guk eskalatu genuen librean, paretako seguruak erabili gabe, free deitzen zaion moduan, baina sokarekin. Ez dut eskalatzen soka gabe ia inoiz, eta hor goian ziur ezetz. Freeriderrean lau gau pasa genituen paretan anaiarekin, hamaketan lo egiten. Kanpin batean lo egitea bezalakoa da, baina paretan zintzilik.

Zure afizioa ogibide bihurtu duzu, mendi gidari bezala.

Hori da. Niretzako ibilbide nahiko logikoa izan da. Azken bost urteetan horretan egiten dut lan, eta egia esan oso gustura. Nire pasioa den mendia jendearekin partekatzea, beste norbaitentzako egingarria ez den mendi bat egingarri bihurtzea zure zerbitzuei esker... Eta aldi berean ere erakutsi ahal izatea, haiek joan daitezen mendiaz disfrutatzera, ni noan bezala.

Nola bizi duzu besteen segurtasunaren ardura edukitzea?

Jendearekin nagoenean mendian, haien ongizatearen ardura nirea da, onik itzuli daitezela etxera. Egia esan normaltasunez daramat, ez da zama bat izaten. Noski, lagunekin baino adiago zaude, eta soka ateratzen duzu pixka bat lehenago. Baina hori da, segurtasunez egin gauzak, ondo, eta jendeak disfrutatu dezala. Gure eginkizuna ere bada erakustea nola mendia egun batzuetan ez den segurua, baldintzek ez dutela ahalbidetzen genuen helburua betetzea, eta egin behar dugula B plan bat. Hori irakastea oso garrantzitsua iruditzen zait.

Zein dira akats ohikoenak jendearengan?

Askotan nik ere egiten ditudanak, uste izatea ahal baino gehiago egin dezakezula. "Eguraldi txarra ematen dute, baina egingo dugu berdin-berdin". Gehiegizko konfiantza arriskutsua da mendian. Askotan pentsatzen da guk ahal dugula mendia garaitu, dena moldatu dezakegula gizakiaren beharretara, eta mendiak askotan eragiten digu umiltasunera bueltatzea, belarriak jaitsi eta onartzea etxera bueltatu behar dugula.

Arabara etorrita, baduzu hemen leku kuttunik?

Bai noski. Arabako mendietan hasi nintzen txikitan eskalatzen. Egino, Oro, Arabako Mendialdea, Apilaiz, Atauri, hor eskalatzen, eta mendi bueltak ematen Arabako edozein menditan, Aratzen, Gorbeialdean… Arabara joaten naizen aldiro gustatzen zait inguru horietara joatea. Hor hasi ginen. Eta nahiz eta gero urrutira joan garen mendiak egitera, gure etxeko txokoak beti dira gustuko.

Zer gomendatuko zenioke orain eskalatzen hasten ari den gazte bati?

Batez ere, disfrutatzea. Ez pentsatzea zailtasunean, graduetan. Lehiakortasun pixka bat izatea agian bai, denoi sartzen zaiguna, baina nik uste mendia eta eskaladak ahalbidetzen digutela bakoitzari bere mailan disfrutatzea, eta hori da garrantzitsuena. Azkenean, gozatzen badugu, nahi gabe egingo dira aurrerapausoak, hobetzen joango da bakoitza, bere neurrian.

Proposatuko diezu plan bat ALEAko irakurleei, uda honetarako? Zerbait egingarria…

Aukera asko daude Araba aldean. Mendira joateko nik baso bat bilatuko nuke. Adibidez nik Aratz mendia beti izan dut buruan txikitatik. Araian aparkatu, han goian, Ajuriako fabrika zahar horretan, handik gora igo, pagadi zahar horietatik, eta handik Aratzera igotzea. Beti izan da txikitatiko oroitzapen polit bat, eta edozein mendizalerentzako plan polita da. Eskalatzeko ere plan asko daude, aukera pila Araban

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago