Buesaren balizko salmentak eztabaida piztu du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 7a

Buesa Arenaren salmentak erreakzio ugari sortu ditu. Argazkia: WIKIMEDIA

Hainbat eragile sozial eta politikok "gardentasun handiagoa" eskatu dute eta auzian jarri dute jabetza publikoaren salmenta.

Baskonia-Alaves taldeak Fernando Buesa Arena, aparkalekua eta inguruko lurrak erosteko asmoa iragarri ondoren, eztabaida piztu da herrialdean. Proiektuak 153 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du pabiloia modernizatzeko, erabilera areagotzeko eta jarduera ekonomiko berria sortzeko helburuarekin.

Momentuz, eragiketaren baldintza ekonomiko zehatzak, salmentaren prezioa eta izapide administratiboak ez dira publiko egin. 

Josean Kerejeta Baskonia-Alavesen presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak agerraldia egin dute astelehenean proposamena aurkezteko. 
Arabako ahaldun nagusiak defendatu du operazioa "berme guztiekin” egingo dela, tasazio tekniko eta juridikoetan oinarrituta eta interes publikoaren defentsa bermatuz. Foru gobernuaren arabera, proiektuak nazioarteko erreferentziazko gune bihurtu nahi du Buesa Arena, talentua, ekitaldiak eta jarduera ekonomikoa erakarriz.

EAJk eta PSEk foru gobernuko taldeek proiektua aukera ekonomiko eta estrategikoa bezala definitu dute, eta nabarmendu dute operazioak "inbertsioa eta enplegua" erakartzeko gaitasuna duela. Arabarren interesak lehenetsiko direla ziur daudela esan du EAJko Iñaki Ruiz de Galarretak.

PPk ere begi onez ikusten du salmenta.

"Luparekin"

Hala ere, oposizioko talde politikoek zalantzan jarri dute operazioa. EH Bilduko batzarkide Eva Lopez de Arroiabek gardentasun handiagoa eskatu du operazioaren inguruan, baita ondare publikoaren salmentaren inguruko eztabaida sakonagoa ere, eta proiektua "luparekin begiratuko" dutela azpimarratu du. 

Elkarrekin Araba taldeko eledun David Rodriguezek esan du operazioa gelditzen saiatuko direla eta "pelotazo" bezala definitu du Buesaren salmenta operazioa. Ildo beretik, Ezker Anitza-IU Arabak gogor kritikatu du salmenta, "arabar guztien ondare publikoa” esku pribatuetara pasatzea dela iritzita. Halaber, erakunde publikoak interes pribatuen mesedetan ari direla salatu du.

Mendizorrotzaren lekualdaketa

Bestalde, Deportivo Alaveseko akziodunen elkarte Gurea Dak ere kezka agertu du. Elkarteak proiektuaren inbertsio osoa, finantzaketa eredua eta klubaren egoera ekonomikoan izan dezakeen eragina argitzeko eskatu du. Era berean, galdetu du ea inguruko lurren erosketa Mendizorrotzaren etorkizuneko lekualdaketarekin eta estadio berri baten eraikuntzarekin lotuta dagoen.

Akziodunen elkarteak kritikatu du, gainera, salmentaren baldintzei buruzko informazio falta eta erakunde publikoek azpiegitura estrategiko baten titulartasun publikoa mantentzeko duten erantzukizuna azpimarratu du. Haien ustez, Buesa Arenaren pribatizazioak instalazioaren izaera komunitarioa eta erabilera publikoa ahuldu ditzake.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago