Buesa Arena erosi nahi du Baskonia-Alavesek

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 6a

Orotara planak 253 milioi euro aurreikusten du. Argazkia: AFA

Josean Querejeta Baskonia-Alavesen presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak gaur aurkeztu dute 153 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen plana. 

Baskonia-Alaves Taldeak Buesa Arena erostea bere gain hartuko lukeen 153 milioi euroko inbertsioko proposamena ezagutarazi dute gaur Josean Querejeta Baskonia-Alavesen presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak.

Fernando Buesa Arena guneaz gain, haren aparkalekua eta lotutako lursailak eskuratzeko proposamena da, gaur aldundiak zabaldu duen prentsa oharraren arabera. Operazio horrek instalazioa "epe luzerako" ikuspegi batean integratzea ahalbidetuko luke, pabiloia modernizatzeko, erabilera areagotzeko eta jarduera ekonomiko berria sortzeko helburuarekin. Ondare Proiektu izendatu dute operazioa.  

Buesa Arena eskuratzea "urrats estrategikotzat" jo dute sustatzaileek. Querejetaren hitzetan, helburua da pabiloiak Baskoniaren etxea izaten jarraitzea, baina aldi berean urteko 365 egunetan jarduera izango duen "nazioarteko erreferentziazko espazio" bihurtzea, "talentua, ekitaldiak eta jarduera ekonomikoa" erakartzeko gai izango dena. Besteak beste, Euneiz zabaltzeko erabiliko dute erosketa. 

Hazkunde plan berriak aurreikusten duen 153 milioi euroko inbertsioari beste 100 milioi euro gehitu behar zaizkiela erantsi dute, inbertsio metatua 253 milioi eurotik gorakoa izango litzatekeelarik. Zabalpenari esker, 345 enplegu berri sortuko direla dio aldundiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago