Irati Antia

"Arteak emozioen bidez konektatzen gaitu istorioekin"

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 5a

Sormen erronka handi eta oso desberdinetan dago murgilduta Irati Antia. Argazkia: EKAITZ ANDA / ALEA

Azaroaren amaieran argitaratuko duen bere azken ikerketa artistikoa aurkeztu du Irati Antia sortzaile gasteiztarrak, Kuban esklabu izandako emakume baten bizitza ardatz duen lana. Sormen prozesuaren nondik norakoak eta artearen funtzioa aztertu ditu ALEArekin. 

Irati Antia diseinatzaile grafikoa (Gasteiz, 1994) sormen erronka handi eta oso desberdinetan murgilduta dabil azkenaldian. Besteak beste, azaroan argitaratuko duen Burdinezko ohea ezohiko liburua prestatzen ari da, Kubako erresidentzia artistiko batean jasotako esklabutzaren zauri eta testigantzetatik abiatuta. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irudi berria ere diseinatu du, sormen kolektiboa oinarri izan duen lanean.

Zure aurreko lan nagusia 'Azukre beltza' izan zen, eta orain proiektu berri batekin zatoz: 'Burdinezko ohea'. Aurreko sorkuntzari jarraipena eman nahi izan diozu? 

Bai, proiektuaren jarraipen bezala ulertu daiteke, baina ikuspegi aldaketa batekin oraingoan. Aurreko lanean nire arreta eta ikerketa Julian de Zulueta esklabu trafikatzailearen figuran zentratzen zen gehienbat. Burdinezko ohea lanarekin, berriz, nire asmoa izan da gehiago esklabu jakin baten bizitzan zentratzea. Proiektuaren ideia Haziak lehiaketan aurkeztu nuen, eta orduan hasi nintzen modu formalago batean lanean. Beka horri esker, Kuban egonaldia egin nuen berriro, eta orain hemen buru-belarri nabil material guztia antolatzen, material berria sortzen eta hori guztia liburu formatuan biltzen. Helburua da liburu hori azaroaren amaieran argitaratzea.

Ma Carlota da proiektu honen protagonista nagusia, baina nor da emakume hau? Nola izan zenuen haren berri?

Azukre beltzarekin lanean nengoen garai hartan Kubara joan nintzen, 2023an, eta han Eneida Villegas Zulueta ezagutu nuen, hain zuzen ere, Ma Carlotaren zuzeneko ondorengoa. Ma Carlota Julian de Zuluetaren esklabua zen, eta Eneidak esklabu askoren inguruko informazioa dauka gordeta; memoria historikoaren bilketa lan garrantzitsua egin du, eta museo txiki bat ere antolatu du, Tras las huellas de nuestros ancestros deitzen dena, garai bateko Ingenio Alava azukre faktorian, Colonen. Ma Carlotaren inguruko informazio askorik ez dago, baina badakigu Julian de Zuluetaren esklabuetako bat izan zela, Afrikako kostaldean bahitutako emakume bat, Kubara indarrez ekarria eta Zuluetak esklabu moduan hartu zuena. Bertan, inude izateko aukeratzen dute, Zuluetaren haur jaioberria elikatzeko.

"Biolentzia desberdin asko gurutzatzen dira Ma Carlotaren figuran"

Eta Gasteizen ere izan zen? 

Umea izan eta denbora gutxira hil zen Zuluetaren emaztea, eta Gasteizera etortzea erabaki zuen, bere lehengusinarekin ezkontzera. Berarekin batera ekarri zuen Ma Carlota, etxeko esklabu moduan, eta 11 urte egin zituen hemen; ez dakigu zehatz mehatz nola eta zer baldintzatan izan zen. Kubara itzuli zenean, bertako faktoriako jabeek esan zioten bere semea hilik zegoela, hiru urte zituenean hil zela. Eta min hori konpentsatzeko Zuluetak aurkitu zuen modua izan zen burdinezko ohe bat oparitzea Ma Carlotari. Bera zen ohe bat zuen esklabu bakarra Ingenio Alava faktoria osoan. Barrakoi bat eta lursail batzuk ere eman zizkioten. Eneidak istorio hau kontatu zidanean asko inpaktatu ninduen, izugarria delako eta geruza asko lotzen dituen istorio bat delako. Biolentzia desberdin asko gurutzatzen dira pertsona bakar batean, emakume horretan gorpuztuta: esklabutza, patriarkatua, arrazakeria... Ma Carlotaren ohe hura bera museoan gordeta du, gainera, Eneidak.

Zer irudikatu nahi du burdinezko ohe horrek zure proiektuan? 

Niretzako ispilu bat da, guk oraindik gaur egun daukagun dilema moral baten ispilua. Gaizki sentitze horren aurrean, iraganean egindako sarraskien aurrean zer egin eta nola konpentsatu egindako mina? Uste dut burdinezko ohe horrek hori irudikatzen duela nolabait: egindako kalte izugarria konpentsatzeko saiakera hutsal bat. Faktoriako jabeek uste zuten ohe batekin konpentsatzen zela pertsona honek bere bizitza osoan sufritutako guztia, eta bere inguru guztiak pairatutakoa... baina argi dago ez dagoela modurik hori konpentsatzeko. Burdinezko ohe hori saiakera ahul bat da, eta uste dut gure gaur egungo dilema ere irudikatzen duela. Badakigu gure arbasoek zer egin duten, eta guk horren aurrean zer egin dezakegu, nola jokatu behar dugu, eta zerk konpentsatu dezake? Jakina, ez dago hori ordaintzerik.

Eneida Villegasekin izandako bileretako batean, Colonen. Argazkia: ERLANTZ ANDA/ ALEA

Zer garrantzi dauka, zure ustez, arteak memoria historiko ezkutua argitara ateratzerako garaian? 

Nire ustez, arteak beste modu batetik kontatzen du historia, beste hizkuntza bat erabiliz. Ez du historialari moduan egiten, ez kazetari moduan, eta ez da urtez urteko datu zehatzen narrazioa. Aldiz, balio du konektatzeko istorio batekin pertzepzioaren bidez, sentsazioen bidez, emozioen bidez. Artearen helburua da zure barruan zerbait mugiaraztea, eta ikuslearengan interesa piztea, gai horren inguruan gehiago jakiteko, gehiago irakurtzeko, historian sakontzeko... Arteak egin behar duena da, nire ustez, mugiarazi eta interesa sortu, hausnarketa bat eragin gai desberdinen inguruan. Uste dut horretarako tresna indartsua dela: jendearekin konektatzeko, istorio desberdinak mahaiaren gainean jartzeko, konexio hori bilatu eta beraiek interpelatuta sentitzeko.

Nolakoa izan da aurtengo erresidentzia artistikoa Kuban? 

Oso berezia izan da, alde askotatik begiratuta. Alde batetik, herrialdearen egoera orokorragatik. Momentu honetan herrialdearen egoera ez da onena, oso une kritikoan dago. 2023an egon nintzen azkenekoz han, eta denbora gutxi honetan herrialdearen egoera oso desberdina da eta. Pixka bat harrituta nago nola aldatu daitekeen herrialde bat hain denbora gutxian, kanpotik dituzten zailtasun eta blokeo guztiengatik. Herrialde bat guztiz ahalmenik gabe ikustea bezala izan da, argindar faltak erabat baldintzatuta. Habanan, adibidez, itzalaldiak etengabeak ziren. Eta, aldi berean, egoera horren aurrean, sekulako erresilientzia dago, eta jendeak indarrak ateratzen ditu ez dakit nondik, eta bizipoza ere bai. Sinestezina da horrelako egoera muturreko batean daukaten indar hori. Pentsa nola jartzen garen hemen arratsalde bateko itzalaldi batekin...

"Ispilu bat da 'Burdinezko ohea', gurean oraindik dugun dilema moral baten ispilua"

Bertatik bertara lan egiteak aldatu du buruan zenuen proiektuaren norabidea? 

Bai, erabat. Egonaldian zehar gune artistiko desberdinak bisitatu ditugu, F·brica de Arte Cubano esaterako, eta hauetan jendearekin konpartitzeak eta jendearen feedback zuzen hori jasotzeak asko aldatzen du zure pertzepzioa eta zure diskurtsoa. Interesgarria da konturatzea hainbat gertakari historiko ez direla horren ezagunak han; Julian de Zuluetaren figura bera ere jende askok ez du ezagutzen Habanan.  Esklabutzaren gaia oro har landu dute, baina uste dut jendeak gogoa daukala gehiago lantzeko, gai horrekin gehiago sakontzeko. Hor badaude oraindik min asko irekita, eta badago historia berreskuratzeko eta azaleratzeko beharra. Esklabutzaren zauriak oraindik azalean daude, eta emoziotik hitz egiten dute. Horrek nire proiektuan ere eragina izan du.

Nolakoak izan dira topaketak? 

Oso politak. Marrazki desberdinak egin bitartean, jendeak bere sentsazioak konpartitu ditu, nola bizi zuten beraiek, zer erlazio zeukaten esklabutzarekin beraien familietan, edo zer pertzepzio zuten gaur egun, nola landu duten eskoletan... Publiko zabala hurbildu zaigu eta oso interesgarria izan da jendearekin modu horretan konpartitzea. Gero nire lana izan da marrazki guzti horiek jasotzea, material eta testigantza horiek biltzea, ondoren liburuan gorpuztuko direnak.

Bereziki Kubako artistekin izandako elkarrizketetan, zer kontatu dizute? 

Zer aukera dituzten Kuban artista gazteek gaur egun. Hori zen gai nagusietako bat, gure bileretan askotan ateratzen zena. Eta beraien pertzepzioa, egia esan, samina da. Beren belaunalditik  bakarrik geratu diren lagunekin hitz egin dugu askotan, eta horrekin nahiko etsita daude. Eta hemen zer egiten dugu?, galdetzen diote beren buruari. Neke hori nabaritu nuen beraien artean. Beren lekua egin eta nabarmendu diren artistak ere badaude, Kuban geratzea erabaki dutenak, baina ohikoa izaten da nazioarteko galerien babesa izatea beraien artelanak kanpoan mugitu ahal izateko, eta arteaz modu duinean bizi ahal izateko. Beste askok daukaten egoera da artea egin ahal duten moduan egitea, baldintza txarretan, eta bitartean beste zerbaitetan lan egitea bizirauteko. Egonaldi honetan hainbat artista eta espazio interesgarri ezagutu ditut, egia esan; Ines Garrido margolari eta San Alejandro akademiako irakaslea, Guanabacoako Corral Falso arte labotarorioko Tomas Nuñez, Edel Bordon artista ezaguna...

'Burdinezko ohea' liburu artistikoa aurkeztuko du Irati Antiak azaroaren amaieran. Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

Nolakoa izango da liburu artistikoa? 

Liburu artistikoek daukaten berezitasun handiena da ahal duzula esploratu liburu formatutik harago, enkoadernazio tradizionaletik pixka bat harago joan zaitezke nahi duzun lekura. Irudiarekin jolastuko dut gehienbat, eta testuak ere presentzia edukiko du, baina ez da izango Ma Carlotaren historiaren narrazio biografiko klasiko bat, besteak beste, historia zehatza jakiterik ez dagoelako. Liburuaren bitartez, historia hori mahaiaren gainean jarri nahi dut modu ez-konbentzional batean.

Proiektuak Gasteizen jarraituko du orain, ezta? Zer asmo duzu? 

Kuban izandako esperientzia horiek, jendearekin elkartu eta marrazten genuen bitartean sentsazioak partekatze hori, hemen Gasteizen ere errepikatzea gustatuko litzaidake, udazkenean antolatuko ditugun saio desberdinetan. Ea zer ateratzen den, zer sentsazio mugitzen diren hemen, eta jendeak nola bizi duen halako istorio gordin bat gure testuingurutik.

Noiz piztu zitzaizun memoria historikoaren inguruko har hau? 

Historia betidanik gustatu izan zait. Gertatzen zait zerbaitekin obsesionatzen naizenean, ahalik eta sakonen iristea gustatzen zaidala, hari batetik tira egin eta beste batera jo. Proiektu honek obsesio puntu hori ere badu. Bat-batean zerbaitek nire interesa pizten du, eta barruan sartzen naiz buru-belarri. Kasu honetan, Zuluetarekin harrituta geratu nintzen bere inguruan mugitzen zen informazio guztiarekin, eta gainezka ere bai hainbeste daturekin. Pixkat bat tira egin eta beste hamaika istorio ateratzen dira. Prozesu ireki horrek erabat engantxatzen nau.

Arabako Arte Ederren Museoan plaka bat jarri behar dute jauregiaren iragan esklabista gogoratzeko... 

Urak harrotzen direnean eta gauzak mugitzen hasten zarenean, kontzientzia pizten da, eta ikusten ari gara jendeak gogoa daukala halakoak argitara ateratzeko eta aitortzeko. Diputazioak egingo duen moduan, plaka bat jartzea bada modu bat gure ondarea zein den ezagutu eta nondik datorren jakiteko. Beste kasu batzuetan monumentuak eraisteko erabakia hartu dute, eta hori ere zilegi da. Niri pertsonalki agian interesgarriagoa iruditzen zait lekuari beste esanahi bat ematea, eta historia zein den azaltzea, baina norabide berean bide guztiak dira legitimoak.

Beste proiektu batzuen artean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako irudia sortu duzu.   

Zoragarria izan da, egia esan. Oso aberasgarria izan da. Bertsozale elkartetik sekulako lanketa egin dute irudi berriarekin irudikatu nahi zutena adierazteko, eta dosier bat prestatu ziguten guk landu ahal izateko. Hainbat kontzeptu izan ditugu esku artean, eta horiekin osatu dugu irudia eta sintonia. Erronka nagusietako bat tradizioa eta modernitatea uztartzea izan da. Prozesu ederra izan da. Irailean aurkeztuko dugu osorik.

Kuban antolatutako tailer artistikoetako bat. Argazkia: ERLANTZ ANDA / ALEA

Zure lanetan zerekin disfrutatzen duzu gehien? 

Amaierako emaitza ikustea baino, prozesuak gehiago gustatzen zaizkit niri. Hasieran sortzen den txinparta hori, buruan ideia argitzen denean eta esaten duzunean: "hau da, badugu bidea". Eta gero hori taldean edo besteekin konpartitzen duzunean eta ikusten duzunean besteen sentsazioak ere bat datozela. Emaitza kasi modu naturalean ateratzen da ondoren; nabaritzen da gauzak sintonia eta fluxu berean joan direla, eta hori oso polita da. Gehien gozatzen dudana ideia hori bilatzen denean da. Denbora luze bat pasa dezaket, adibidez, beroen mapak begiratzen interneten edo liburuetan, zer forma dituzten aztertzen, nola neurtzen den beroa fisikan, lurrikara bat nola irudikatzen den grafikoki... Bilatze lan hori asko gustatzen zait, eta gero, behin txinparta hori aurkituta dagoenean, hori lurreratzea eta ikustea paperaren gainean zentzua daukala.

Bien bitartean, irratian ere bazabiltza, sortzailez inguratuta... 

Tarteka izeneko saioa egiten dugu Hala Bedin. Hiru neska gara saioa gidatzen dugunok, hirurok Arte Ederren fakultatean ikasitakoak, baina bakoitza adar desberdin batekoa da. Uxue Ruiz de Arkaute artetik dator, Celia Saenz zaharberritzetik, eta ni diseinutik. Arte plastikoak mainstream izan ez arren, gure pasiotik eta gure interes pertsonaletik leku hori egitea da asmoa.

Elkarrizketa horietan zer gai errepikatzen da? 

Oso eskertuta daude halako saio batera gonbidatzeagatik. Ez dago leku asko bakarrik arte plasikoen inguruan eta modu lasai batean hitz egiten, eta jendeak asko eskertzen du halako espazio bat.. Hori da gehien errepikatzen dena solasaldietan. Leku eta topaketa hauetatik ere inspirazio handia sortzen da, taldekide berriak ezagutzen dira, eta gure sormenerako gogoeta berriak pizten dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago