Bola zoro batzuk jira-biraka dabiltza Arabako bolatokietan barrena, eta burrunbatxo bat eragiten dute bolak kantoia jo bakoitzean, areago erdikoa, guarda edo karraka botaz gero. Las Bolas Locas taldearen instagram kontuari begirada bat botaz gero, nabari da arabar bola-jokoaren oihartzuna asko hedatu dela azken hiru urteotan.
Jugoko bolatokian elkartu gara larunbat eguerdi bero-bero batean. Bertan, zain: Ametzagako Saioa Urdingio, Orozkoko Lorea Larrea, Gasteizko Naroa Ortiz de Orruño, Murgiako Maite Gobantes eta Markinako Angela Apodaka. Etorri ez diren beste bolaloca batzuk daude Izarran, Maurgan, Buruagan, Murgian, Aperregin, Izarran... Hamalau lagun guztira.
2023an arabar bola-jokoan emakume hutsez osatutako lehen taldea egin zuten. Larrea eta Ortiz de Orruñoren aitek elkarrekin jokatzen dute Jugo A taldean, Larrearen ahizparekin batera. Biek ezagutzen zuten jokoa, Larreak xaxatu zituen Ortiz de Orruño, gero Ainhoa Aretxaga, gero ahoz aho beste lagun bat tabernatik, ondoko herriko beste bat... "Talde bat osatu nahi nuen, Ainhoa eta Naroari esan nien, eta azkenean neskak bakarrik ginen", dio Larreak. Denek onartu zuten, jokatzeko gogoz zeuden. 2023 urtea zen, eta Jugo B taldea osatu zuten. Las Bolas Locas izena, berriz, taldea sortu berritan bolatokian zeudela Instagram kontua egitean proposatu zuen Aretxagak.

Hamaika lagun dira taldean. Adinez gehienak gazteak dira, zaharrenak 34 dauzka, gazteenak 20; eta horrek energia ematen dien arren, batzuetan ez da hain lagungarria suertatzen igandean hamaiketan aurpegi onez hamaiketakoa eskaini eta bola zuzen bota behar denean. Barrez aitortu dute inoiz edo behin aje handiaz egin diotela aurre igande eguerdiko jokoari.
Oso gustura sentitzen dira taldean eta, oro har, oso ondo hartu dituzte bolatokietan. Inoiz edo behin "baina zuek ez al zineten txarrak?" entzun duten arren, Urdingiok irribarre erdiz dioen gisan: "Ez dugu gizonek bezain indartsu botatzen, baina nesken talde bat egotearekin erakutsi nahi dugu emakumeak ere lehiatu ahal garela". Izan ere, gogoratu dutenez, batzuetan, oraindik emakumeek ez dute botatzen eta eserita egoten dira jokoari begira. "Gainera, beti ez da hain indartsu bota behar". Larreak erantsi du euren helburua kirol hau zaintzea dela, eta umeek parte hartzea, emakumeek parte hartzea. "Aurrekoan bat haserretu zen berandu hasi ginelako jokoan. Haserretu zaitezke berandu hasteagatik, edo poztu horren motiboa gure aurretik ume askok parte hartu dutela bada".
Arabar bola-jokoa Vs amerikar bowling-a
Arabako bolatoki txiki polit horietako batean bola bota, eta batzuetan jiraka zuzen joaten da, beste batzuetan pirrita, iraulka, zilipurdika, okerka. Bola hartzen duen oholak ere badu bidetxoa egina, baina bere koxka, ezpal eta zimurrekin. Zer esan bolaz? Gramo batzuk gorabehera, bi kilo eta erdi arte zurezko pieza da –beste zur nobleren batzuez egin daitekeen arren, gehienetan arte-zurez zizelkatua da–, eta esku baten ahurrean heltzekoa. Beharbada, ez da borobil perfektua, Lur planeta bera ere ez den bezala.
Bowling-ean, berriz, dena da perfektua. Bolak borobil-borobilak eta koloretakoak, lurra parke distiratsua da, zapatak diseinuzkoak, markagailua elektronikoa, boloak jaso eta ezartzeko mekanismo erosoa, barra bat kontsumitzeko... "Horrela begiratuta, ezin gara bowling-arekin lehiatu, guk libretan apuntatzen ditugu puntuak", diote irribarrez.
Baina jarri dezagun orain arabar bola-jokoak dituen gauza eder piloa mahai gainean.
Kirol txikia?
Kirol edo joko txikitzat ikusi ohi dugu "kanpotik", baina 700-800 bat pertsona federatuta daude Araban, haietarik 190 bat emakumezkoak. Arabako herriarteko txapelketan 49 talde lehiatzen dira, 30 herri baino gehiagokoak. Badira gizonez osatutako taldeak, talde mistoak eta talde bat emakumez osatua: Jugo B, Las Bolas Locas.
Udaberrian jokatu dute herriarteko txapelketa, igandero, 11:00etan. "Lehenik, bolak boteaz, proba txiki bat egiten dugu, bolatokian dena ondo dagoela begiratzeko. Gero, etxeko taldeak hamaiketakoa eskaintzen du, eta, ondoren, jokatu. Va buena! esandakoan hasten da", azaldu du Apodakak. Ez dirudi batere plan txarra denik: "Guk badakigu igandeetan noiz ateratzen garen etxetik, baina inoiz ez noiz itzuliko garen. Hamaiketakoa hartu eta aurrera! Bazkaldu denbora galdu!", Larreak esan, eta denek egin dute barre. Modu horretan Arabako hainbat eta hainbat herri, bolatoki eta jende ezagutu dituzte.

Herri artekoa, genero artekoa eta adin artekoa ere bada jokoa: 12 urtetatik gorputzak "nahiko" esan arte. Talde batean inoiz etxe bateko hiru belaunaldik egin dute bat. Hori bai, taldean nahi beste lagun egon badaitezke ere, jokatzeko sei dira.
Herri arteko txapelketaz gain, otsailetik ekainera luzatzen dena, udazkenean badute beste txapelketa bat "aldundikoa", larunbat arratsaldeetan. Hor ez dute parte hartzen, larunbat arratsaldeetan beste plan batzuk egin ohi dituztelako. Udaran, herrietako festetan txapelketak antolatzen dituzte; han banaka edonork bota dezake.
Herri txikien alde: 'beatus ille'
"Azkenean, gure tradizioa polita ere bada. Gero eta gauza gehiago galtzen dira, gauza moderno asko daude pantailatxoekin-eta... Baina hemen harreman asko egin ditugu, talde barruan lehenik, eta besteekin ere bai, baita adin ezberdinetakoak ere. Gure txokoan badago gizon zahar bat abuelo esaten dioguna, oso harreman polita dugu. Nik tatuatuta dauzkat boloak", azpimarratu du Apodakak.
Gobantesek erantsi du beti dagoela gatazka moduko bat herriko bizitza eta hiriko bizitzaren artean: "Gure jertsean beatus ille jarrita daukagu –latinezko esamolde honek 'zorionekoa hura' esan nahi du, Horazio poetak idatzia; aipagaitzat du herriko bizitza lasaia, hirietako bizimoduarekin alderatuta–, herrietako bizitza hirikoaren gainetik jarriz. Hiriko bowling-era joatea askoz eskuragarriago dago hona etortzea baino, zaila da hiritarrak herrietara erakartzea".
Bowling-aren kontra lehiatzea ezinezkoa dela nabarmendu du Larreak, musika amerikarraren kontra lehiatzea ezinezkoa den bezala. "Kontua ez da lehiatzea, zuk zure lagunekin joan nahi baduzu, joan zaitez. Geu ere inoiz edo behin joan gara, eta super ondo. Baina hau, azkenean, gure herrikoa da, gure kultura; ezagutzeak, noizean behin etortzeak, jolasteak garrantzia du".
Arabako herriarteko txapelketan 49 talde lehiatzen dira, 30 herri baino gehiagokoak
Arabako herri ugaritan daude bolatokiak, izan duen garrantziaren erakusgarri: "Asko estalita eta jolasteko egoki daude, bolak eta txirloak bertan... Beste batzuetan ez, norbait ezagutu behar duzu. Bestalde, pena bat da bolatoki batzuk eraitsi dituztela. Konpontzen diren bolatoki asko herrikoek euren diruz eta auzolanean egiten dira", esan du Urdingiok. Bitxikeria gisa aipatu dute herri askotan bolatokia elizaren ondoan dagoela, eta horrela bilatzen dutela beste herriren batera joatean. Diotenez, garai bateko gizonek mezetara joan eta gero, jolasten eta ardo batzuk edaten egoten ziren han.
'Influencer' eta dinamizatzaile
Las Bolas Locas taldeak Instagramera igo dituen bideoetako batzuek 20.000tik gora ikustaldi dituzte, eta ez da kasualitatea; gakoa egiten duten horretan asmatzea eta joko tradizional bati buelta bat ematea izan da. Denetariko bideoak dituzte: bitxikeriak azaltzeko quiz-ak, Armentian San Prudentzion, koreografia eta dantzak, Korrika... Hainbat herritara eraman dituzte kideak bola-jokoa dinamizatzeko, eta batean eta bestean aurki daitezke: Izarrako rural boxing-ean, Zuiako jaietan, Maurgan eta abarretan. Ematen dieten dirua hamaiketakoak egiteko baliatzen dute. Merchandising-a ere atera dute, kirol-jertseak, poltsak, pegatinak... "Pila bat saldu ditugu. Hortik goazela, bat-batean, ezagutzen ez dugun bat ikusi dugu gure kirol-jertse bera jantzita... eta non eta Bilbon! Jugo A taldeak baino diru gehiago daukagu, eta ez dugu inoiz irabazi, eta eurek bai!", dio barrez Larreak. Isunen bidez ere auto finantzatzen dira: berandu iristeagatik, lokartzeagatik, txirlorik ez botatzeagatik...
Sareetan zein bolatokietan egindako lan horrek guztiak badu kirol eta kultur mailako onarpenik. Federazioak berak 2025eko finalean aipamena eta eskertzea egin zien arabar bola-jokoari emandako ikusgarritasunagatik: Arabako bola-jokoa goraka doa!