Hegatxabal arrunta kantari infinitua

"Orduak ematen ditut kantuan eta kiribiletan hegan egiten"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 28a

Hegatxabal arrunta, kantari infintua da. Argazkia: THEOTHERKEV

Ero moduan kantatzen duen hegaztia da hegatxabal arrunta, eta biriketara konektatuta dituen airez betetako zakuei esker txorrotxio infinituak bota ditzake. Gandorra soilik lurrean dagoenean altxatzen du.

Kantabriako mendilerroaren magalean gaude, antzinako belaze zati batean, mahastien, nekazaritza bideen eta hegoaldeko isurialde honetan oso ohikoak diren arteen mendi hegalen artean. Arabako zonalde mediterranearrena dugu hau. Gaur ondo jotzen du eguzkiak, eta han goian, hainbat metrora, eztarria urratu arte oihu egiten ari den hegatxabal bat dago. Ea berarekin hitz egiteko aukera dugun kantu eta kantu artean.

Mila esker lurreratzeagatik. Zer egiten duzu hor goian? Zergatik kantatzen duzu hainbeste? 

Kaixo, ero baten moduan kantatzen ari naiz. Alondra ar bat naiz (Alauda arvensis), eta udaberrian eta udan orduak ematen ditut kantuan etengabe, kiribiletan hegan egiten, airean. Jende asko ikusi dut ni aurkitu nahian, baina kolore deigarririk ez dudanez eta eguzkiaren distira dela eta, gehienek alde egiten dute, kantatzen duena ni naizela ohartu gabe. Esango nuke nire lumen tonu nabarrek, kontraste gabekoek, eragiten dutela oharkabean pasatzea. Lurrean, aldiz, lumen mototsagatik atentzioa deitzen dut, baina zaila da ni hurbiletik ikustea. Nire lumadia kamuflaje perfektua da. Habia zuzenean lurrean egiten dudanez, belar artean, lur koskor baten itxura hartu behar dut. Arrosa fluoreszentea banintz, ez nuke bi egun ere iraungo. Lurrean apalak gara, zeruan izar bat. Tira, aizu, hitz egin dezagun azkar, eguna garbi dago eta kantatzeko irrikaz nago eta!

Zer egiten duzu, suziri bat bezala igotzen zaren bitartean, kantatu ahal izateko? Gizakioi arnasa falta zaigu eskailerak igotzean!

Kar, kar, kar. Teknika kontua da. Gizakiok oso birika aspergarriak dituzue. Guk airez betetako zakuak dauzkagu biriketara konektatuta, airea etengabe dabil eta txorrotxio infinitua  bota dezakegu, ito gabe, ehun metroko altueran gora egiten dugun bitartean. Adrenalina hutsa da! Eta, gainera, ez dut mikrofonorik edo autotunerik behar!

"Akatsik egiten badut, abeslari izatetik eguneko menua izatera igaro naiteke"

Zergatik kantatzen duzu horren goian, ikusi ere egiten ez zaituzten lekuan?

Bi arrazoirengatik. Lehenengoa, postureo erromantiko hutsa da: inguruko ar guztiek jakin dezaten nork agintzen duen eta neskek ondo entzun nazaten. Bigarrena, segurtasuna: lurrean kantatuko banu, azeri batek jango ninduke. Laurogei metroko altueran kantatuz, ordea, munduko erregea naiz!

Eta zure kontzertuetara zuzenean joan nahi duten zaleentzat… Ez zaituztegu baso marduletan ikusten. Zer nolako giroan bizi zara? 

Tira, tira! Basoek klaustrofobia ikaragarria ematen digute. Gu  minimalistak gara. Asko gustatzen zaizkigu zuhaitzik ez duten eta ikuspegiak kentzen ez dizkiguten eremu irekiak, lauak. Zeruertz zabala ikustea maite dugu, eta horregatik oso gustuko ditugu zereal soroak (garia, garagarra...), ganadua bazkatzen den larreak eta sastrakadi txikiak. Zoru garbia behar dugu korrika egiteko eta zomorroak bilatzeko, eta belar baxua habia ezkutatzeko. Zuhaitz gehiegi badago, ezin dugu ikusi etsairik datorren, eta gainera, traba egiten digute ehun metroko gure aireratze bertikalak egiteko! Lur orotakoak gara, gustuko ditugu kostaldeak eta mendi garaiak ere, 3.000 metroko altueran dauden Alpeetako zelai polit horiek. Hori bai, neguan Europako iparraldea izoztu eta elurrez estaltzen bada, trasteak jaso eta hegoaldera mugitzen gara, hau bezalako eremu mediterraneoetara, non lurzorua ez den izozten eta elikatzen jarraitu ahal dugun. Zoru garbi eta naturalik gabe ez gara inor!

Eta zein da zure menurik gogokoena? Zertaz elikatzen zara?

Ba, begira, gaur bero egiten du, beraz kakalardoak eta beldar mamitsuren bat hartuko ditut. Neguan barazkijaleagoak bihurtzen gara, eta haziak jaten ditugu, baina orain proteina ona hartu behar dugu udako biraren erritmoari eusteko.

Uda osoan kantatzea ondo dago, baina ziur landetan bizitza ere ez dela larrosaz betetako bide bat. Zeri egin behar diozu aurre?

Publikoak zoriontsu kantatzen entzuten gaitu, baina ondo egotea egun osoko lana da. Hor goian arriskuak atzaparrak eta lumak ditu. Belatzak (Falco subbuteo) eta gabiraiak (Accipiter nisus), adibidez, radarrean gauzkate. Laurogei metrora gogo handiz kantatzen ari naizen bitartean, zerura begiratu behar dut zeharka, eta itzal azkar bat agertzen bada, bat-batean kantatzen utzi behar dut, hegoak itxi eta lurrera erortzen utzi, harri bat bezala, kamuflatzeko. Akatsik egiten badut, abeslari izatetik eguneko menua izatera igaro naiteke. Gainera, habiak zuhaitzetan beharrean lurrean, belar artean, egiten ditugunez, gure arrautzak eta txitak edozeinen mende daude. Despistatzen bagara, azeria, sugea, mika edo txangozale baten txakurra agertu daitezke, eta agur txitaldiari. Atzamarrak gurutzatzen ditugu goizero.

"Basoek klaustrofobia ikaragarria ematen digute. Gu minimalistak gara" 

Gizakiekin ondo konpontzen zarete? Traba egiten dizuegu? 

Gure egungo drama handiena nekazaritza modernoak sortzen dituen trabak dira. Zereal soroak maite ditugu, baina makineria berriak oso azkar egiten du aurrera. Uzta biltzeko makina mekanikoek dena suntsitu egiten dute, eta, askotan, habiak ere suntsitzen dituzte txitak hegan egin aurretik. Gainera, pestiziden erabilera masiboak janaririk gabe utzi gaitu, buffeta husten ari dira. Intsektu guztiak hiltzen badituzte, zer emango diegu jaten gure txitei? Espazioa eta errespetu pixka bat besterik ez dugu eskatzen: nekazaritza jarduerek muga batzuetan belar altuak zabaltzen utz ditzatela ezkutatzeko, kimiko gutxiago erabil daitezela, eta gizakiak eta haien txakurrak ez daitezela bidezidorretatik kanpo ibili txitaldiaren garaian. Zuekin kantatzen jarraitu nahi dugu urte askoan!

Badakit ego artistiko handia duzula, baina nola daramazu Shakespearek zu eta urretxindorra 'Romeo eta Julieta' obran historiako iratzargailurik dramatikoena bezala erabili izana?

(Begiak xuringoturik barre egin du). Ai, mesedez, ez iezadazu dramoi horri buruz hitz egin! 

Badakizu Julietak esaten zuena: "Ez zen hegatxabala kantatzen ari zena, urretxindorra baizik!".

Nolako mania zuen Julietak gure talentuari muzin egiteko! Ulertzen dut maiteminduta zegoela neska, eta ez zuela nahi Romeo goizaldean joatea, baina gure ahotsa ukatzea belarri gogorra izatea da. Urretxindorra diskoteka-bazka da, gauez kantatzen du. Hegatxabalak goizeko lehen orduetako heraldoak gara, argia dakargunak.

Beraz hegatxabala zen goizeko bostetan bere kontzertua egiten zuena? Julietak boikota egiten zizuen?

Erabat! Romeok argi zeukan: "Hegatxabala da, joan egin behar dut edo hil egingo naute". Baina urretxindorra zela tematu zen Julieta. Azkenean, nork zuen arrazoia? Hegatxabala zen! Eta eguna argitu zuen. Shakespeareri eskertzen diot munduko obrarik ospetsuenean gu ekarri izana, baina Julietari ondo etorriko zitzaion kafe kargatu bat espabilatzeko eta onartzeko hegatxabalak abesten duenean, ohetik altxatzea tokatzen dela.

Eta azkenik, txutxu-mutxu bat kontatu digute. Lehengusina bat omen duzu, kutturlio arrunta (Galerida cristata), orrazkera kopiatzen dizuna. Ba al dago familia dramarik?

(Bere gandor txikia ukitu du hegalarekin). Ea, kutturlioa jatorra da, baina gandor hori tente darama egun osoan, gomina poto bat bota izan balu bezala. Nirea sotilagoa da. Nik gandorra altxatzen dut erne jartzen naizenean edo hunkitzen naizenean. Harena gehiegikeria hutsa da, ez du bat egiten nirekin... Gainera, gaizki kantatzen duela iruditzen zait, ez dugu zerikusirik...

Eskerrik asko, hegatxabal! Zure eszenatokira itzultzen utziko dizugu.

Ez horregatik! Hodeietan ikusiko dugu elkar! Eta egiguzue mesede bat: Begiak zabalik eduki eta zaindu landa eremua! (eta zerurantz abiadan irten da arnasa betean kantatuz). 

Hegatxabal arrunta (Alauda arvensis)
Ordena: Passeriformeak (kutturlio arrunta, zentzuntle bekainzuri, txoriandre arrunta…).
Egoera: Kaltebera (Espezie Mehatxatuen Espainiako katalogoaren arabera).
Habitata:  Zereal soroak, larreak, basamortuak.
Tamaina: 18-19 zentimetroko luzera.

Erlazionatuak

Hegatxabal arrunta

xeno-canto eka 22 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago