Markel Arriolabengoa

"Ezinezkoa omen zen uztartzea ekoizpena eta naturaren babesa"

Jon Hidalgo Gereñu 2026ko ekainaren 29a

Urteetako lanaren fruitua izan da Argiarekin ateratako liburua. Argazkia: ALEA.

'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburu mardula ondu du Markel Arriolabengoak (Aramaio, 1990), Jakoba Errekondo eta Iñaki Etxebesterekin batera. Argia aldizkariaren bidez, Euskal Herriko zuhaitzen alderdi natural eta kulturalak bildu dituzte liburuan, luze ikertu ostean.

Urteak daramatza basogintzan Arriolabengoak. Beste eredu bat sustatu nahian, baina herri bezala ditugun ardurei muzin egin gabe.

Esaten duzue gure kultura eta historia ezin direla ulertu zuhaitz eta arbolarik gabe. Zergatik?

Nik uste kultura gehienetan daukatela garrantzi asko arbolek, eta Euskal Herrikoan zalantza barik. Arbola aberastasun oso handiko eremu batean bizi gara, eta hizkuntzak eta kulturak erakusten digute oso harreman estua izan dugula. Esaten dugunean, hau "errotu" da, edo "kimuak", edo "adarrak", hitz asko erabiltzen ditugu arbolei erreferentzia egiten dietenak. Eta mila tresna egin ditugu arbolekin, gure elikagai iturri garrantzitsuenetarikoak hortik etorri izan dira, hurrak, ezkurrak, aurrerago gaztainak, edo pago-ezkurrak, gure elikaduraren oinarria izan dira. Espiritualki eta kulturalki ere eman izan diegu garrantzia handia, gurtu izan ditugu, egin ditugu batzarrak arbolen azpian, eraikuntzak… gauza asko egin dira.

Liburura hurbiltzen denak zer topatuko du?

Lehen begiradan zuhaitz espezie ezberdinen gida bat izan daiteke, baina gida oso kulturala. Azaltzen ditugu arbolak bereizteko ezaugarri botanikoak, ekologikoak, eta gero bat-batean abesti bat arbola horri lotuta, erabilera konkretu bat, bitxikeria ezberdinak. Leku oso ezberdinetatik gerturatu daiteke jendea liburu honetara. Euskarak zentraltasun handia hartzen du; adibidez, 5.000 hitzeko hiztegi bat gehitu diogu, gure bizitzetan zehar jasotako hitzekin. Hiruok bizi dugu arbolen mundua oso gertutik. Beste gai orokor asko ere lantzen dira, izan paisaiaren bilakaera, ekologiaren inguruko gaiak, edo arbolen zaintzaren ingurukoak; adibidez arbola bat noiz zerratu behar den espeziearen arabera, egurra zelan zaindu… zuhaitz eta arbolei lotutako mila gai, bai alde naturaletik zein kulturaletik.

"Basoak interes indibidualen arabera kudeatzen dira, baina gero eraginak kolektibizatu"

Jakoba Errekondo eta Iñaki Etxebesterekin egin duzu liburua. Zer moduzko bidaideak dira?

Iñaki eta biok sortu genuen Errez kooperatiba 2018an, ilusio handiz, eta apurka-apurka hasi ginen basogintza eredu kritiko bat lantzen. Asko ikasi dugu elkarrekin eta proiektu interesgarriak atera dira, besteak beste Tantai, baso jabeen kooperatiba. Jakoba ez genuen ezagutzen zuzenean, baina 2019an liburua idaztea proposatu zigun. Prozesu bat izan da, bost urte pasa ditugu idazten elkarrekin. Informazio bilketa izan da, asko irakurri dugu eta ahalik eta modu ulergarrienean idazten saiatu gara, etengabe genbiltzan elkarren lanak errebisatzen. Labur esanda, Jakoba alde kulturalenetik dator, asko daki hiztegiaren inguruan eta erabilera tradizionalen inguruan. Iñaki da hiruretan zientziari lotuen dagoena, ikerketari; oso abila da datuak biltzen, mapak egiten... Eta ni gehiago basotik, basoaren kudeaketaren alde praktiko horretatik, eta nik ekarri ditut ezaugarri botanikoak, ekologikoak, arbolak zelan zaindu…

Pisu nabarmena izan dute arbolek, baina asko aldatuko zen harreman hori azken mendeetan, ezta?

Bai. Liburuan aipatzen dugu nola neolitoan hasi zen gizakia paisaia eraldatzen, progresiboki, hemen duela 6.000 urte edo. Eta historialariek diote XIII. mendean bilakatu zela esponentzial aldaketa hori, burdinolek indarra hartu zuten, lehen baserriak eraiki ziren, populazioaren igoera potentea… basoko errekurtso asko behar ziren, eta asko ustiatzen ziren. Esaten da XIX. mendean izan duela Euskal Herriak historiako zuhaitz azalera txikiena. Duela mende eta erdi oso arbola gutxi zeuden hemen, bilakaera horren ondorioz. Gaur gaurkoz azalera zuhaiztua oso handia da.

Orain menpekotasun gutxiago daukagu zuhaitzekiko? Plastiko asko erabiltzen da…

Egur kontsumoa handitu egin da, baina portzentualki ez. Orain kontsumitzen ditugu beste produktu asko lehen ez zirenak kontsumitzen. Baina populazioa hainbeste hazi da, egur kontsumoa ere sekulakoa dela. Erakutsi nahi izan dugu egurra ez dela soilik antzinako beharrak asetzeko, baizik eta potentzial handiko materiala dela gaur egungo eta etorkizuneko beharrak asetzeko. Egurra oso ondo egokitu da garai desberdinetara, behar eta teknologia desberdinetara, eta erabilera badu oraindik, zentrala izaten jarraitzen du, nahiz eta beste material asko ere badauden. Eta zuhaitzen egoerari dagokionez, azalera zuhaiztua pila bat handitu da, baino hori bere horretan ez da datu ona. Euskal Herriko eremu batzuetan bereziki, oso egoera txarrean daude zuhaizti horiek. Duela 100 urte kezka zen zuhaitz kopurua, gaur gaurkoz zuhaiztien egoera da.

Bereziki larri aipatzen dituzue Gipuzkoa eta Bizkaia.

Bai. Euskal Herrian jabetza eredu oso desberdinak daude, basoak kudeatzeko eredu ezberdinak oso. Kantauri isurialdean jabetza pribatua da nagusi, Zuberoatik hasita, Baxenabarre, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaian. Jabetza publikoak askoz indar gehiago dauka Araban eta Nafarroan, Mediterraneo isurialdean. Gipuzkoa eta Bizkaian basogintza eredu intentsiboak indar handia hartu du, batez ere 50eko hamarkadatik aurrera. Jendea industriara joan zen lanera, eta baliatu zituen lur horiek, ordura arte bizirauteko zirenak, inbertsiorako lur moduan. Haustura bat egon zen hor, nahiz eta askori lagundu zien bizirauten. Ia mende bat daramate bizkaitarrek basoak oso modu intentsiboan ustiatzen, eta horrek ondorio oso larriak ekarri ditu: gaixotasun eta izurriteen gorakadak, uraren kutsatzea, lur galerak,…

"Potentzial handiko materiala da egurra etorkizuneko eta egungo beharrak asetzeko"

Araba eta Nafarroa zertan dira ezberdin?

Araba eta Nafarroan baso komunal asko ditugu, eta uste dugu horien logikak zentzu asko duela. Basoak kudeatzen dira interes kolektibo batzuen arabera. Beste leku batzuetan, aldiz, basoak interes indibidualen arabera kudeatzen dira, baino gero eraginak kolektibizatu egiten dira. Hori da gure kritika handienetako bat. Denetariko ereduak ditugu Euskal Herrian, Iratiko oihana, esaterako. Hor egur asko ateratzen da, baina oihanak mantentzen ditu ekosistemaren gainerako zerbitzu guztiak: jendea paseatzera joaten da, perretxikoak biltzen ditu, CO2 finkapenerako bere potentziala mantentzen du, uraren zikloa hobetzen du, biodibertsitate balio oso inportante bat dauka… erakusten digu posible dela funtzio guztiak mantentzea. Eta Iratiko basogintza ez da agian eredu puntakoena ere, zentzu honetan, baina halako mila adibide daude Araban eta Nafarroan.

Liburu salmenta bakoitzarekin m2 bat baso landatuko duzue. Zein da ideia?

Liburu honek zati zurrun batzuk ditu, baina beste batzuk dinamikoak izango dira. Hiztegia edo "zuhaitz aparten mapa", adibidez, Argiako webgunean egongo dira, eta elikatzen joango gara, proiektua handitzen eta aberasten. Bide beretik doa hau. Baso bat sortuko dugu, Tantai baso jabe kooperatibak antolatu eta finantzatuko du, eta auzolan bidez egingo dugu, urte bukaeran. Saldutako liburu bakoitzeko metro karratu bat baso sortuko da, eta baso hori liburu honen irudi bizia izango da.

Badaramatza urte batzuk Tantai proiektuak. Zer moduz dabil?

Ondo. Kooperatiba eredu ezberdin bat da, denok gara bazkideak, bai baso jabeak, laguntzaileak zein langileak. 200 bazkide inguru gara orain, eta guk laguntzen diegu baso jabeei euren lurrak kudeatzen. Gaur gaurkoz baso jabe pribatuen 1.200 hektarea egongo dira Tantain, eta publikoak 3.000 hektarea inguru. Eurak hartzen duten konpromisoa da basogintza eredua aldatzea. Ikusi genuen Euskal Herrian kristoren aukera geneukala basoko lehengaiak eskuratzeko, baina dena hankaz gora jarri gabe, modu errentagarri eta bideragarri batean, lan baldintzak hobetuz. Tantai sortzea erabaki genuen, honek eskala handiko zerbait eskatzen zuelako benetako aldaketa bat egiteko.

Zuri nondik datorkizu zuhaitz eta arbolekin harremana?

Batez ere aitak sartu zidan harra. Oso umetatik pasa dut nire denbora librearen zati handiena basoan, izan perretxikotan edo ehizan, edo paseo bat ematen. Betidanik izan dut kuriositate oso handia animaliekiko eta landareekiko. Apurka hasi nintzen nire kabuz liburuak erosten, eta inguruko jendearengandik ikasten; eta ikasketak ere hortik egin nituen.

"Posible da basoa ustiatzea ekosistemaren funtzioak mantentzen diren bitartean"

Txikitako interesa ogibide bihurtuta, gehiago erromantizatu duzu natura? Gutxiago?

Basoa baserriko ekosistemaren suburbioa da, alderik ilunena, gutxien ezagutzen dena, eta bertan gertatzen dena askotan kanpoan ez da ikusten. Mundu oso polita da, baina aldi berean oso zaila. Bereziki lan baldintza txarrak dauzkan sektorea da, lanen arriskua beste maila batean dago, gauzak egiteko moduak ere beste mende batekoak dira askotan. Basogintzak egun irauten du muturreraino prekarizatutako eskulan baten gainean. Gu, beste batzuen artean, saiatzen gara hori aldatzen, eskala osoan aldaketa bat eman dadin. Asko disfrutatzen dut basogintza, basoaren funtzionamendua ulertzea. Gure proiektuak militantziatik ere badu asko, esfortzu oso handia egiten dugu, aldaketa batean sinisten dugulako.


Iñaki Etxebeste, Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoa, Antza inprentan. Argazkia: Dani Blanco / Argia.

Ezberdin kezkatzen gara gertuko naturaz edo hemendik kanpo sortzen ditugun egoerez?

Askotan hausnartzen dugu horretaz taldean. Ekoizpen eredu intentsiboak arduratzen gaitu, baina baita gure prestutasun faltak ere herri moduan ardura hartzeko. Noski, ezin dugu hasi kontsumitzen dugun dena ekoizten, baina baso lehengaiak ekoizteko oso leku apropos batean bizi gara, asko kontsumitzen dugu, eta baditugu baliabideak ondo egiteko. Orduan, ez duena balio da posizio eroso batetik ekoiztearen kontra egotea, iraultzaileagoa balitz bezala, kontra egiteagatik. Uste dut beste ikuspuntu batetik heldu behar diogula. Naturaren parte izan gara orain arte; izaten jarraitu dezakegu, baina oreka topatu behar dugu. Modu perfektua ez dugu topatuko, hiru milioi pertsona bizi gara oso eremu txikian, baina baditugu aukerak. Horrek ez du esan nahi gure kontsumo eredua aldatu behar ez dugunik. Bai, aldatu behar da, baina sinetsarazi digute ezinezkoa zela ekoizpena eta babesa uztartzea, eta gure erronka da dikotomia hori apurtzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago