Galarretako suteak aktibo jarraitzen du, haizeak indartu ostean

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 24a

50 bat lagun ari dira sua itzaltzeko lanetan; irudia, Agurainetik. Argazkia: IRATI IBÁÑEZ DE MAESTU

Une honetan, 50 pertsona inguru ari dira lanean lurrean; besteak beste, Agurain, Iruña Oka, Espejo eta Kanpezuko suhiltzaileak.

Joan den ostiralean tximista batek piztutako sutea berriz ere indartu da Galarreta mendian, Zalduondon. Astearte arratsaldean sugarrak nahiko kontrolatuta bazeuden ere, haizearen norabide aldaketa bortitz batek, muturreko tenperaturekin eta lurra lehor egotearekin batera, sua ezarritako perimetrotik kanpora zabaltzea eragin du goizaldean, eta beste pinudi batzuei eragin die.

Egoera honen aurrean, Arabako Foru Aldundiak eta larrialdi zerbitzuek indartu egin dute sutea itzaltzeko operatiboa. Une honetan, 50 pertsona inguru ari dira lanean lurrean; besteak beste, Agurain, Iruña Oka, Espejo eta Kanpezuko suhiltzaileak, baso brigadak, eta Bizkaia, Gipuzkoa zein kanpotik etorritako errefortzuak. Suaren perimetroa lehenbailehen itxi nahi dute, eta horretarako hondeamakinak eta eskuzko tresnak erabiltzen ari dira hesia eraikitzeko.

Lurreko lanei laguntzeko, aireko baliabideak funtsezkoak izaten ari dira, azaldu dutenez, batez ere ingurunearen orografia malkartsuagatik eta irisgarritasun zailagatik. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako helikopteroez gain, Errioxako unitateak eta bi hidrohegazkin ari dira zerutik ura botatzen; horien artean, Zaragozatik bidalitako edukiera handiko FOCA hegazkin bat.

Galarretako sutea, bart gauean, Aguraindik. Argazkia: IRATI IBAÑEZ DE MAESTU

 

 

 

Erlazionatuak

Sutea piztu da Galarreta mendian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute eka 23, 10:13 Lautada   Zalduondo

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago