Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek beste mobilizazio fase bati ekingo diote udan, eta Gasteizko jaietako egun batean greba deituko dutela iragarri dute, eguna oraindik zehaztu ez badute ere. Greba egu bat egingo dute BBK Live jaialdian ere, eta baita Donostiako eta Bilboko jaietan ere.
Deialdiaren atzean Teknikariok, ESK, LAB, CCOO, ELA eta CNT sindikatuak daude, eta guztiek batera salatu dute patronalak blokeatuta dituela negoziazioak. Duela bi urte eratutako mahaiak ez du aurrerapenik izan, ohartarazi dutenez, eta patronalaren "pasibotasuna" kritikatu dute. Bereziki, lan egutegiaren inguruko eztabaidak ekarri du gatazka: enpresek bost eguneko aurrerapenez jakinarazi nahi dute lana, baina sindikatuek gutxienez hilabeteko epea eskatzen dute, langileen kontziliazioa bermatzeko. Beste hainbat hobekuntza ere eskatzen dituzte langileek, hitzarmen batean adostu beharko liratekeenak.
Maiatzaren 15ean egindako lehen greba egun "arrakastatsuaren" ondoren dator urrats berria. Orduan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako teknikariei eragin zien mobilizazioak, eta sindikatuek langileen batasuna nabarmendu zuten, sektorearen atomizazioa kontuan hartuta. Salatu dute hainbat enpresek greba eskubidea urratu zutela, kanpoko langileak kontratatuz, eta hainbat salaketa aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan. Egoera horren aurrean, uste dute udako grebek presioa egingo dutela negoziazioa berpizteko.