Adinekoen zaintzaren inguruan albiste izan da azken astean aldundiak 180.000 euroko isuna jarri diola egoitza pribatu bati arau-hauste "oso larriagatik". Ez da lehen zigorra. Izan ere adinekoen familiek kezka handiz bizi dute egoera eta gizartean beldurra ere zabaltzen da horrelako kasuak argitara ateratzen direnean. Claudia Venceslao (Madril, 1979) EH Bilduko batzarkideak bertatik bertara ezagutzen du Arabako gizarte zerbitzuen sarearen errealitatea, eta sarritan jasotzen ditu senideen deiak. Foru Gobernuaren kudeaketa "etsigarria" dela esan du, eta "emakume prekarioen bizkar" egiten den gizarte zerbitzuen "pribatizazio basatia" salatu du.
Gorka Urtaranek jakinarazi du bi zigor jarri dituztela aurten adinekoen egoitzetan. Kasu isolatuak edo arazo zabalago baten sintomak dira?
Ezin dugu orokortu eta ez litzateke arduratsua izango jendea larritzea. Badakigu gauzak oso ondo egiten dituzten egoitzak eta etxebizitza komunitarioak daudela, kalitatezko zainketak dituztenak, baina egia da urtez urte senideen eta langileen salaketa gehiago ikusten ari garela.
Oinarriak ditu senidea gaizki tratatzearen inguruan dagoen beldurrak?
Egoitzak oso baliabide onak dira nahi ez den bakardadeari aurre egiteko, eta batzuk gauzak oso ondo egiten ari dira. Baina, jakina, gero familiek hitz egiten dizute eta batzuetan lur jota geratzen zara. Zure senitartekoa egoitza batera eramateko urratsa ematea oso gogorra da, eta familia asko oso eskertuta daude, oso gustura daudelako eta ondo zainduta daudelako. Batez ere alzheimerra duten profiletan, etxean oso zaila baita horiek tratatzea eta zaintzea. Egoitzak, batez ere formatu txikian, miresgarriak dira.
"Egoitza batera eramateko urratsa ematea oso gogorra da, eta familia asko oso eskertuta daude, oso gustura daudelako"
Halere, familien salaketa asko jasotzen dituzuela esan duzu.
Askotan deitzen digute benetan gogorrak diren testigantzekin. Batzar nagusietan gizarte politiken arloan egiten dudan lan guztietatik, agian, horixe da gogorrena. Argazkiak ikusten dituzulako, testigantzak entzuten dituzulako, oso gauza larriak. Argi utzi behar da familia batek salaketa jartzen duenean edo langile batek berak salatzen duenean eredua dela jomugan jartzen ari garena, ez emakume langileak, baizik eta onura ekonomikoa bilatzen duen eta zaintzak prekarizatzen dituen eredu hori.
Zeri buruzkoak dira kexa horiek?
Adibidez, baditugu egoitzak, ez ditut izenak esango, irabaziaren bila dabiltzanak eta belaki on batzuk erosi beharrean belaki zurrunagoak eta gogorragoak erosten dituztenak, erabiltzaileen larruazalari kalte egiten diotenak, langileek beraiek erakutsi dizkigutenak; edo kostuak aurrezteko eguneroko menuan frutarik eta elikagai freskorik eskaintzen ez duten egoitzak. Horretaz eta gauza larriagoez ari gara hizketan. Ez da gertatzen egoitza eta etxebizitza guztietan, jakina, baina ez dira Urtaran esaten ari den bezain kasu isolatuak. Datuak hor daude. Ezin dugu jendea ikaratu, baina ez dira kasu bakan batzuk.
"Ez dira legea betetzen ari. Urtean gutxienez egoitza guztien ikuskapena egin behar da"
Zure ustetan, gaurko ereduak bultzatzen ditu kasu horiek?
Jakina. Publikoetan familiak ez dira horretaz kexatzen. Beste gauza batzuetaz kexatzen dira, eta langileak ere, baina publikoetan ez dira kexatzen frutarik ez dagoelako. Salaketak batez ere sektore pribatuan zentratzen ari dira.
Ikuskapen gutxi egiten direla esan du EH Bilduk. Zer datu darabilzue?
Ez dira legea bera ere betetzen ari. Legeak dio urtean gutxienez egoitza guztien ikuskapena egin behar dela. Araban 84 egoitza eta etxebizitza komunitario pribatu ditugu, Trebiñu kontuan hartu gabe. 2024an, zentroen %34 ikuskatu ziren, baina, adibidez, 2025ean egoitza guztien %16 baino ez ziren ikuskatu, eta hori oso gutxi da. Urtaranek adierazi du 2026an 57 ikuskapen egin direla. Horrek ez du esan nahi 57 zentro ikuskatu dituztenik, egoitza batek agian bost ikuskapen izan dituelako. Kontua da ikuskaritzak adinekoen egoitzak kontrolatzeaz gainera desgaitasuna duten adingabeen zerbitzuak, gizarte bazterkeriarenak eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeenak ere ikuskatzen dituela. Milaka plaza eta ehunka zentro ikuskatzen dituzte sei pertsonako lantaldearekin, eta langileek ezin dute lan hori guztia egin.

Zer egiten dute familiek beren senitarteko bat tratu txarrak jasaten ari dela detektatzen dutenean?
Askotan ni naiz lotura lanak egiten dituena eta familiei zer egin pixka bat aholkatzen diena, edo Zaintza Araba elkartea, familiek ez dakitelako nola jarri salaketak ezta kexak non jarri ere. Gainera, beldur dira kexatzeagatik errepresaliak jasoko dituztela. Nik jaso ditut salaketa jartzea edo ikuskaritzan kexa bat jartzea erabaki duten familien testigantzak, eta esaten dute egoitzako zuzendaritzak kexa horren berri izan duenean, hilabete baten buruan, familia hori egoitza horretatik kanporatua izan dela. Orduan, noski, beldur handia dago. Guk ekimen bat aurkeztu dugu hau guztia zuzentzeko, ikuskaritzaren plantilla handitzeaz gainera, familientzako protokolo seguruak egitea proposatu dugu, irisgarriak eta gardenak.
"Familientzat ez da erraza. Beldur dira kexatzeagatik errepresaliak jasoko dituztela"
Familiek ez al dute parte hartzeko, kezkak adierazteko edo informazioa jasotzeko biderik?
Ezertxo ere ez. Ikusten ari gara familien kexengatik egiten diren ikuskapenek gora egiten dutela, familiak ere mugitzen ari direlako, baina oraindik ere beldur handia dago. Ez da erraza familientzat. Nik familia askorekin dut harremana eta Zaintza Arabak ere, eta ikuskaritzan kexa bat jartzeko pausoa ematen dutenak edo epaitegian salaketa jartzen dutenak gutxiengoa dira. Gainera, kexatzen den eta kanporatzen duten jende hori egoitza pribatuetan dagoelako kanporatzen dute, kontratu pribatuak dituztelako, eta pribatuak direnez aldundiak esaten dizu: "hor konpon!".
Zer egin dezake aldundiak?
Ikuskaritzako plantilla handitzea, jakina, eta zigorrak ezartzeaz gainera prebentzio lana berreskuratzea. Begiratzen baduzu ikuskatu diren egoitzen zerrenda zentro batzuk ez dira agertzen, eta ez dira agertzen ez direlako ikuskatu. Agian lan ona egiten ari dira, baina legeak markatzen du urtero Arabako egoitza guztietan egon behar zarela, eta ez da gertatzen.
Zein da adinekoen zainketa sarearen Arabako egungo erradiografia?
Araba aitzindaria izan da egoitza publikoetan. Bederatzi zentro publiko ditugu, Bizkaiak eta Gipuzkoak ezin dute horrelakorik esan; eta egoitzez gain, estatuan aitzindariak diren bestelako gizarte zerbitzuak ere bagenituen. Baina iraganaz ari gara. Erradiografia erreala da egoitza publikoak sortzen aitzindaria izan den herrialdean gaur egun arlo publikoaren pisua %12koa baino ez dela. Oraintxe bertan mendekotasun maila bat onartuta duten pertsonen %85 sare pribatura joaten da bai ala bai. Bestalde, bederatzi egoitza publikoetan artatzen ari dira arlo pribatuak artatu nahi ez duena. Eta zer ez du pribatuak artatu nahi? Ezer ez daukana, pisurik ez daukana, aurrezkirik ez daukana, sare sozialik ez daukana, osasuna oso hondatua duena, dependentzia handiak dituena, pluripatologiak… Hori pribatuarentzat kostu ekonomiko handia da, ez du dirurik ematen, eta arlo publikora doa. Pribatizazio basatia egon da.
"Azken plaza publikoa 2008koa da, eta hortik aurrera ez da plaza publikorik sortu"
Ez dira plaza publiko berriak sortu?
Azken plaza publikoa 2008koa da, eta hortik aurrera ez da plaza publikorik sortu. Bat ere ez. Egoitza pribatuei bide eman zaie. Araban zegoen etxebizitza komunitarioaren eredua, etxe-girokoa, pixkanaka desagertzen ari da eta orain datoz egoitza handiak, aseguru medikoen makroegoitzak, multinazionalenak, Sanitas, Caser, IMQ, Igurko. Nahi duten bezala deitu ahal diote, lankidetza publiko-soziala... nahi dutena, baina finean pribatizazioa da.
Pandemiatik okerrera egin du adinekoen zaintzak?
Kalera atera eta galdetu mendekotasuna duten pertsonak ondoan dituztenei eta esango dizute okerrago gaudela. Pandemian profesionalek asko ikasi zuten, baina Foru Gobernuak ez zuen ezertxo ere ikasi, pribatizazioaren eta makroegoitzen aldeko apustua egiten jarraitzen baitu. Pandemian arlo publikoaren ateak ireki behar izan ziren, egoitza publikoenak, pribatuak ezin izan zuenari erantzuteko, eta funtzionatu zuen, nahiz eta heriotza asko izan egoitza publikoetan ere, baina ikusi zen arlo publikoak ratioengatik, baldintzengatik, guztiagatik funtzionatu zuela.
Zure ustez, zeintzuk dira gaur egun sistemaren gabezia nagusiak?
Egon den pribatizazio basatia, eta horrekin batera, prekarizazioa, lan baldintzena eta zainketena ere bai. EAJk murrizketak egiteko modu oso desberdina du Espainiako eskuinaren aldean. Laster inauguratuko da Samaniegoko egoitzaren erreforma, publikoa da, eta hor plaza publiko batzuk kendu dituzte. Arana itxi dute eta Zadorra sortu dute, baina, adibidez, garbitegia edo sukaldea kanpora atera dituzte, edo egoitza plazak kendu dituzte. Apurka-apurka desegiten dute publikoa, modu ezkutuan. Guztia, gainera, emakumeen bizkar dago. EAJren eta PSEren politikek prekarizatuta dauden emakumeen aurpegia dute. Hori da eredua.
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa ere murrizketak ezartzeko erabili dela salatu duzue. Zergatik?
Araban "zerbitzu-txeke" horren erabilera eta abusua gertatzen ari da, EAJk aurkitu duen formula ezin hobea delako zaintza sistema guztia modu basatian pribatizatzen joateko. Legeak dioenez, zuk aldundiaren ziurtagiri bat duzu, eta horrek bermatzen dizu egoitza plaza bat izateko eskubidea. Aldundiak ez badu itundutako plazarik ezta plaza publikorik ere, guztiak beteta daudelako, pribatura bidaltzen zaitu gastuaren zati oso txiki bat ordainduz. 1.200 pertsona baditugu txeke horrekin, horrek esan nahi du 1.200 pertsonako plaza publikoen edo itunduen defizita dugula.
"Egoitza pribatu batera sartzen diren gehienek hori ordaintzeko etxebizitza merke saldu behar dute"
Itxaron zerrendan ez daude jasota "txeke" hori jasotzen dutenak?
Uztailekoa da sailak eman duen itxaron zerrenden azken datua, eta 288 lagun daude. Kontua da 288 horiek ez dutela plaza pribaturik ezta zerbitzu-txekerik ere, ez dute ezer, etxean daude. Horiei egoitza pribatuetan dauden 1.200 pertsona gehitu behar zaizkie, pribatuan daudenak beste aukerarik ez dutelako. Plazen defizita izugarria da.
Dena den, askok ez dute gaitasun ekonomikorik hilean 3.500 edo 4.000 euro ordaintzeko. Zer egiten dute?
Bizitza osoa aurrezten eta zergak ordaintzen eman duten emakumeak dira nagusiki, 900 euroko pentsioa dutenak, pisu bat dutenak, eta aurreztutako diru koltxoi bat dutenak bizitza osoan lanean aritu direlako, 3.500 euro ordaindu behar dutenak bai ala bai, eta aldundiaren 500 euroko laguntza jasoko dutenak. Samingarria da. Aurrekoa astean atera zen Urtaran, antza, orain Gizarte Politiketako diputatu izatetik higiezinen agentzia izatera pasatu da, eta programa bat aurkeztu zuen: "Ez kezkatu, egoitza batera bazoaz, zure etxebizitza alokatuko dugu". Eta diru horrekin, etxebizitzaren espekulazio horrekin, egoitza ordaindu ahal izango duzu. Urtaranek ez daki, edo bai baina ez du esaten, egoitza pribatu batera sartzen diren pertsona gehienek hori ordaintzeko etxebizitza merke saldu behar izaten dutela.
"Familientzat jasanezina den sufrimendua eragiten ari dira. San Prudentzion esan genuen, eta berriro Arabarrenen"
Non dago EH Bilduk Foru Gobernuarekin duen desadostasun nagusia?
EAJk eta PSEk pribatizazio basatirako egin dituzten erabakiez haratago, nik uste dut desadostasun nagusia egiteko moduetan dagoela. Ez gatoz bat Foru Gobernutik hartzen ari diren eta bizitza arriskuan jartzen ari diren erabaki politikoekin. Eta ez ditut gauzak bere onetik atera nahi, baina bizitza arriskuan jartzen duten erabakiak hartzen ari dira, eta familientzat jasanezina den sufrimendua eragiten ari dira. San Prudentzion esan genuen, eta berriro gertatzen ari da Arabarrenen.
Zer gertatzen ari da Arabarrenen?
Duela urtebete, aldundiak erabaki zuen San Prudentzio udalaren esku geratuko zela eta 1. mailako, eta 2. mailako adinduak beste egoitza batzuetara eraman zituen. Zer ekarri zuen lekualdaketak? Ehun urte inguruko 23 pertsona mugitu zituzten, zaintza aringarriekin oheratuta, mendekotasun maila altuekin, beren oheetan urteak zeramatzatenak. Foru Gobernuari bost axola izan zitzaizkion familien gutunak, salaketa publikoak, pertsona horiek baldintza horietan ezin zirela eraman zioten txosten medikoak…. Bada, joan den astean Arabarreneko familiek deitu eta esan zidaten, "Claudia, begira zer bidali didaten". Eta aldundiaren beraren gutunak dituzte, esanez irailean Sanitasera eramango dituztela. Eta ados ez badaude, nahitaezko lekualdaketak egongo direla. Zer ez du ikasi gobernuak? Patologia oso altuak dituzten ehun urte inguruko emakumeak lekualdatzeak dituen ondorioen inguruan zer ez dute ikasi? Non dago gizateria? Zer desadostasun ditugu EAJrekin? Milaka gauza, baina batez ere egiteko moduak. Ezin zara izan erabaki horiek hartzen dituen politikaria.
"Ez badut zalantzan jartzen osasunaren eta hezkuntzaren bideragarritasun ekonomikoa, ez dut zalantzan jartzen zainketena"
Bideragarria al da sare publikoa zabaltzea biztanleriaren zahartzeak eskatzen duen erritmoan?
Guk sistema publiko komunitario bat defendatzen dugu. Argi dago. Gure ustez, sare publikoak zaintza sistemaren buru izan behar du. Bistan da erronka demografikoa dugula baina badirudi orain jakin duela gobernuak. Planifikazio falta dago, kontrol falta, kudeaketa txarra. Badakigu hori ezin dela aldatu gauetik egunera, baina gutxienez oinarrizkoa daukaguna mantendu behar da eta sare publikoa defendatu. Formula berriak sor ditzagun, ez da hain zaila, kudeaketa hobetzea da, eta jendearekin kontatzea.
Kudeaketa zuzeneko plaza bakoitzeko zeharkako kudeaketako bi plaza sortzen direla esan du Urtaranek.
Diskurtso tranpatia da, munduko eskuinik zakarrenaren diskurtsoa. Bideragarritasun ekonomikoa osasunera eramango dugu? Hezkuntzara? Ez. Osasuna eta hezkuntza eskubideak direla uste dugulako eta kalean borrokatu ditugun eskubideak direlako. Zaintzak ere eskubideak dira, eta nik ez badut zalantzan jartzen osasunaren eta hezkuntzaren bideragarritasun ekonomikoa, ez dut zalantzan jartzen zainketen bideragarritasun ekonomikoa.