Asafesek eta Arabako Foru Aldundiak Pisu ikusezina: krisi suizidari arreta ematen dietenak zaintzea izeneko mintegia antolatu dute asteazkenerako, ekainaren 10erako, Gasteizko Europa jauregian. Suizidio krisi egoeretan esku hartzen duten profesionalen eta gizarte eragileen ongizateari buruzko hausnarketa sustatu nahi dute topaketa honekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, larrialdi zerbitzuetan, osasun mentalean, gizarte esku-hartzean edota hezkuntzan lan egiten duten pertsonek intentsitate emozional handiko egoerei egin behar izaten diete aurre, eta etengabeko esposizio horrek higadura psikologikoa eragiten die, askotan ikusezina izaten dena.
Goizeko saio profesionala 09:00etatik 14:00etara izango da, eta aurrez aurre zein online parte hartzeko aukera egongo da. Mercedes Cavanillasek eskainiko du hitzaldi nagusia, Zaindu zaintzailea izenburupean, norbere zaintzaren garrantzia eta babes testuinguruak hizpide hartuta. Ondoren, mahai inguru batean hainbat profesionalek euren ikuspegiak partekatuko dituzte, eta saioari amaiera emateko Aidatu elkarteko Cristina Blancok zaintzaileen gain erortzen den zamaz hitz egingo du.
Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, herritar guztiei irekiak egongo diren bi tailer egingo dira Europa jauregian bertan, suizidioaren prebentziorako tresna eta estrategien inguruan.