Asafes

Gordelekutik plazara, mende erdiko jauzia

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 12a

50. urteurrena ospatzeko, 24. Korrikan kilometro bat hartu zuen Asafesek Murgian. Argazkia: ASAFES

ASAFES elkarteak bost hamarkada bete ditu buru osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzen. '50 urte zure ondoan' lelo hartuta, egindako lana ikusarazi nahi dute, eta buru osasunaren inguruko hainbat sentsibilizazio jarduera antolatu dituzte

Ezkutuan gordetzetik, gaia jendartean plazaratzera. Hori izan da Asafes Arabako buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkartearen ibilbidea. Mende erdi beteta, buru osasuna medikuntzaz haragoko auzia dela erakutsi du elkarteak, eta ez norberaren erronka bakarrik, komunitate osoarena baizik, babes sare zabal batek bakarrik aurrera atera dezakeena. Laida Urzelai, Mikel Knorr eta Joseba Alzelairen ahotik, bost hamarkada hauetako lorpenak eta oraindik gainditzeke dauden hormak aztertu ditu ALEAk elkarteak Lakuan duen egoitza nagusian.

1976. urtean eman zituen lehenengo pausoak elkarteak. Solaskideek ez zituzten hasiera haiek ezagutu, baina ondo jaso dute aurreko belaunaldiek egindako lana. Buru osasunari lotutako egoerak eremu pribatuko gaiak ziren orduan, etxeko sukaldean edo ospitaleetako geletan gordetzen zirenak. Administrazio publikoaren aldetik zeuden baliabideak urriak ziren, eta buru nahasmenen bat pairatzea familiarentzako estigma sozial handia zen. Gizarteak bizkarra ematen zien. Testuinguru itogarri horretan, Gasteizko Las Nieves ospitaleko guraso talde bat eta zentroko langile bat harremanetan jarri ziren seme-alaben etorkizunari irtenbide bat emateko asmoz. Buru gaixotasunen inguruko informazio falta nagusi bazen ere, ordura arte zegoen ikuspegi asistentzial eta itxia aldatu nahi zuten, pertsona bere osotasunean hartuko zuen eredu baten truke. Hala, tailer txikiak antolatzeari ekin zioten, babes sare bat sortzeko helburuarekin.

Elkarte honen sorrerak paradigma aldaketa ekarri zuen lurraldera, eta buru nahasmena duten pertsonen duintasuna erdigunean jarri zuen. Asafes mota honetako lehen elkartea izan zen Estatu osoan, eta funtsezkoa izan zen ondoren sortu ziren Espainiako Buru Osasun Konfederazioaren eta Buru Osasuna Euskadi federazioaren sorreran ere. 1976ko ekimen hark Arabako arreta ereduaren oinarriak ezarri zituen, eta isolamenduan oinarritutako eredutik komunitatean oinarritutako batera igarotzeko bidea ireki zuen.

"Gazteen artean beste begirada bat antzematen da gaiaren inguruan"

Laida Urzelai

Gaur egun, 50 langile inguru ditu elkarteak, boluntario sare zabala, eta lau egoitza; egoitza nagusia, Argibide eguneko zentroa, Gasteiz zentro okupazionala eta RAEP enplegu zentro berezia. Horietan, senitarteko eta ingurukoentzako harrera eta babes soziala, esku hartze soziokomunitarioko programa, hezkuntza arloko programa, senideentzako aholkularitza juridikoa, senideentzako atseden zerbitzua eta Erroak gaztegune programa eskaintzen dituzte, besteak beste. Hasierako guraso talde txiki hark, beraz, egitura profesionala du egun, gizartearen behar berrietara moldatuz urteekin. Lantaldearen profesionalizazioak bide eman du laguntza juridikoa, gizarte laguntza eta laguntza psikologikoa modu integratuan eskaintzeko, administrazioak izan ditzakeen hutsuneak betez.

Buru osasun arazoak gizarteratzen

Laida Urzelai gizarte hezitzaileak hamabost urte daramatza elkartean, gaur egun Argibide eguneko zentroan, eta erakundea nola handitu den lekuko izan da. "Elkarteak ateak zabaldu dizkie herritarrei, gero eta jarduera gehiago eskaintzen ditu alor desberdinetan, eta buru osasunaren gaia gizarteratu du, erreferente bihurtu da. Osakidetzan edo Aldundian zerrenda oso luzeak daude, agian poliki doaz, eta Asafesen, ordea, badute nork entzun". Pandemiaren ostean erabiltzaile kopurua areagotu egin da, eta nabarmentzekoa da gazte kopurua, elkartera geroz eta lehenago heltzen baitira. Erroak programak behar horri erantzuten dio, hain zuzen, gazteak etxean isolatuta gera ez daitezen eta lan mundura "motxila esperientzia osasuntsuez" beteta joan daitezen, hezitzaileak nabarmendu duenez. "Diagnostikoak 18 urterekin finkatzen dira, eta hemen konturatu ginen 30 urterekin heltzen zirela. Non zegoen jendea, ordea? Etxean, agian egoera latz batean. Agian bere burua behartzen ikasketa batzuk eta lan batzuk egitera, baina esperientzia oso txarrekin. Asafesera heltzen zirenerako, nahiko erreta zeuden". Erroak egitasmoaren bitartez, batez ere lan mundura bideratutako formakuntza jasotzen dute gazteek, eta aisialdi esperientziak ere bizi dituzte. "Taldetxoak egitea bilatzen da programa hauekin, berdinekin harremanak sendotzea, aisialdi osasuntsua izatea".

Mikel Knorr, Joseba Alzelai eta Laida Urzelaim, Asafesek Lakuan duen egoitzan. Argazkia: ALEA

Urteotan eman den jauzia nabarmena da, Urzelairen ustez. Buru osasunari garrantzia ematen zaio gaur egun, eta belaunaldi gazteek garai batekoek ez zuten oinarria dute gaiaren inguruan. Eskoletan formakuntzak ematen dituztenean nabari dute hori, batik bat. "Beste begirada bat antzematen da, aniztasuna beste modu batean arnasten dute". Bide horretan, hedabideetan egin den aldaketa ere aipatu du; salbuespenak salbuespen, beste aldarte bat nabari da, komunikatzeko modua ere aldatu baita, hizkuntza bera. Aldiz, buru osasuna bera banalizatzeko arriskua ere bada gaur egun, hezitzaileak azpimarratu duenez. Ezjakintasunak babestuta, arinkeriaz erabiltzen dira maiz hitzak, depresioa esaterako, testuingurutik kanpo, benetako arazoari garrantzia kenduta. "Askotan ez dira bereizten gaixotasun kronikoa eta pasako den gaixotasun bat, eta horrek dena nahasten du. Asafesen, batez ere, gaixo kronikoekin egiten dugu lan".

Modu integralean

Elkarteak kudeatzen duen Gasteiz zentro okupazionalean egiten du lan Mikel Knorr gizarteratze teknikariak. Batetik, haien denbora okupatu eta osasun egoera hobetu nahi dutenak bertaratzen dira, eta, bestetik, lan munduan sartzeko prestatzen direnak. "Guk jarduerak antolatzen dizkiegu. Baratza dugu espazio garrantzitsuenetariko bat, gehien bat talde okupazionalerako, eta gero tailerrean eskulanak egiten ditugu edo beste enpresa batzuentzako lanak", azaldu du. Horretaz gain, transbertsalki lantzen dituzte egunerokotasunerako gaitasunak. "Modu integralean egiten dugu lan. Askotan hori ahaztu egiten da, baina jarduerekin batera, pertsonak ezagutu, harremanak landu, eta horren bidez lagun horren ongizatea ere bilatzen dugu", azpimarratu du.

"Asafesen lorpen handiena buru osasuna kalera ateratzea izan da"

Mikel Knorr

Arreta osoa eskaintzea dute helburu nagusia elkartean, nahiz eta horretarako maiz zailtasunak izan, Knorrek aitortu duenez, baliabide faltagatik. "Askotan ez gara heltzen bete beharreko guztiak egitera, ezin dugu behar den moduko arreta eman". Zerbitzuak hankamotz geratzen dira batean eta bestean, arreta bermatzeko aukerarik gabe. Urzelaik azaldu duenez, Gasteiztik kanpo dute hutsunerik handiena, landa eremura heldu ezinik baita elkartea. "Arabako Errioxan, esate baterako, programa bat dugu, baina gure gaitasuna mugatua da, eta ikusten ari gara gero eta lagun gehiagok jotzen dutela zerbitzura, beharra dagoela". Lautadan ere antzeko egoera bizi dute, eskaria handia da, eta hiriburura gerturatzea beste aukerarik ez dute erabiltzaileek, eguneko zentroan edo zentro okupazionalean parte hartu nahi badute.

Lagun sarea

Pertsona erabiltzaileen ikuspegia Joseba Alzelaik eman du, 25 urteko gasteiztarrak. Gurasoek lagunduta heldu zen Asafesera, gazteentzako programan parte hartu zuen lehenago, eta gaur egun Gamarrako Gasteiz zentro okupazionalean dabil jarduera desberdinekin, tartean malgukiak antolatu edo kutxak prestatzen. "Egunaren arabera izaten da, baina normalean pozik joaten naiz lanera. Batez ere, lagun sarea egiten laguntzen du elkarteak". Lan jarduerekin batera, sukaldean eta higieneari lotutako kontuetan trebatu da ere Asafesen Programa Psikohezitzailean, eta bestelako gai batzuk ere ikasi ditu azken urteetan. Hiriburuan garraio publikoan mugitzeko zailtasunik ez duela dio harro. Gurasoekin bizi da egun, baina etorkizunean pisu batean bakarrik bizitzeko aukera ez du baztertzen. "Oraingoz ez dut nahi, baina agian 27 urterekin...".

Guraso talde batek eta profesional batek antolatu zuten Asafes elkartea. Argazkia: ASAFES

Gazteekin pauso sendoak ematen ari diren bitartean, zahartzaroan hutsunea dagoela dio Urzelaik. 65 urtetik gorakoentzako arreta espezializatua falta da, eta adin horretara iristean hirugarren adineko zerbitzu arruntetara bideratzen dituzte, haien beharrak asetu gabe, azaldu duenez. "Eguneko zentroan hori ikusten dugu. 65 urterekin amaitzen dute gurean. Eta bihar zer? Nora doaz?". Zahartzaroak eta buru gaixotasunak osatzen duten binomioa erronka erraldoia da oraindik administrazioarentzat, eta inplikazioa behar da etapa horretan. "Gaur egun ez zaie ematen behar duten arreta; premiazko inbertsioak behar dira alor horretan".

"Pozik joaten naiz lanera. Lagun sarea egiten laguntzen du elkarteak"

Joseba Alzelai

Bizi proiektu integrala eskaintzea da Asafesen helburua, eta asmo horri heldu diote urteurren ospakizunetan ere, 50 urte zure ondoan goiburu. Korrikaren lekukoa Murgian hartu zuen Asafes familia osoak martxoaren 27an, eta horrekin piztu zuten urtean zehar antolatuko dituzten ekitaldien programa. "Ederra izan da lekukoa eramatea, benetan hunkitu nintzen", gogoratu du Alzelaik. Korrika igarota, maiatzean bertan hasiko dira ate irekiekin, herritarrek erakundearen programak eta egoitzak ezagutu ditzaten. Jardunaldi teknikoak ere ez dira faltako aurten, suizidioarekin eta gazteen osasun mentalarekin lotutako beste arazo batzuei buruz. Izan ere, ugari dira erronkak, eta horietara egokitu behar du elkarteak. Pantailekiko adikzioa da erronka horietako bat. "Gazteengan badu inpaktua, bai. Zentro okupazionalean ikusten dut badela talde gazteago bat pantailei lotuta, eta askotan moztu behar izaten dut mugikorraren erabilera txar batengatik eta horrek dakarren menpekotasunagatik", gogoratu du Knorrek. 

Jardunaldi informatiboekin batera, 50. urteurreneko ekitaldiek jaialdi nagusi bat izango dute, uztailaren 2an Gasteizko Europa jauregian egingo dena, elkarteko kide guztiekin. Ekitaldi horretan, bost hamarkada hauek posible egin dituzten pertsona eta erakunde guztiei aitortza egiteaz gain, elkarteak datozen urteetarako dituen etorkizuneko erronkak ere aurkeztuko dituzte. Ez dira gutxi izango.

Munduko Osasun Erakundearen datuek argi uzten dute osasun mentala egungo erronka global handienetako bat dela: munduko biztanleriaren laurden batek buruko nahasmenen bat izango du bizitzan zehar. Kalkuluen arabera, depresioa izango da 2030erako zamarik handiena sortuko duen gaixotasuna mundu mailan. "Asafesen lorpen handiena errealitate hau kaleratzea eta gizarteratzea izan da", Knorrek azpimarratu duenez. "Horren gertu dugun errealitatea, eta askotan estigmatizatua izan dena. Normaltasunez eta naturaltasunez jorratu behar da, estigmak hautsi".

Urteroko hitzordua du Asafesek Ibilaldi Solidarioa, urriaren 10ean, buru osasunaren nazioarteko egunean. Argazkia: ASAFES

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago