Espainiako Gerra Zibilean 1936an hil zituzten pertsonak omenduko dituzte igande honetan Eltziegon, eta omenaldiaz baliatuko dira ere Araban memoria eta "kultura demokratikoaren" alde jardungo duen La Pilastra elkartea jendaurrean aurkezteko.
Hala iragarri du elkarteak, ohar batean, "kultura demokratikoaren defentsan eta zabalpenean buru-belarri" aritu nahi duela esanez. "Gizartearen funtsezko ardatza da hori, are gehiago balio horien defentsa etorkizuneko berme bakarra den testuinguru batean", aurreratu dute.
Ekainaren 14an, goizeko hamaiketan jarri dute hitzordua, herriko pilotalekuaren ondoan dagoen parke batean. Bertan, errepresio frankistak hil zituen lagunak omenduko dituzte beren senideek. Haien oroimena herrian mantendu dadin, olibondo bat landatuko dute, Duintasuna ereiten lelopean egingo duten omenaldian. Irakurketa bat egingo dute, musikaz lagunduta, eta, ondoren, herriko hilerrira joango dira, bertan lore eskaintza bat egiteko.
Hilerri horretan daude, hain zuzen, senide talde batek 1979an bere kabuz Zanbranako hilerriko hobi komun batetik atera zituen hildakoen gorpuzkiak, euren izenak biltzen dituen hilarri baten azpian. Estatu kolpearen aldeko indarrek 1936ko abuztu eta urri artean hamar eltziegar bahitu eta hil zituzten. Gehienak Zanbranako La Pilastra izeneko eremuan hil zituzten. Toki horretatik hartu du izena, hain zuzen, elkarte berriak. Arabarrak ez ezik, Gaztela eta Leongo zein Errioxako herritar ugari hil zituzten bertan, hiru erkidegoen arteko muga izanik krimen horiek argitzea zailagoa izango zelakoan.
Inguruko herrietako beste hainbat pertsona hil zituzten Eltziegon. Horietatik gehienak —hamahiru, orotara— Aldeanueva de Ebro (Errioxa) herriko anarkistak, errepublikazaleak eta sozialistak izan ziren. Elkarteak aurreratu duenez, horiek ere gogoan izango dituzte ekitaldian.