Eskola berriak bidean, kezkak inguratuta

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 6a

Umandi eta Aita Orbiso eskolen fusioarekin jaio da Arriagako Haritza eskola. Argazkia: EKAITZ ANDA

Irailean abiatuko dira Olarizu eta Errota eskolak, lau ikastetxe publiko bateratzearen ondorioz. Jaurlaritzak aniztasuna kudeatzeko proiektu berritzailetzat jo duen arren, sindikatuek eta guraso elkarteek gardentasun falta, baliabide falta eta itunpeko ikastetxeen mesederako pausoa izatea salatu dute.

Gasteizko hezkuntza mapak aldaketa sakona jasango du denbora gutxian. Ikasturte honetan abiatu da aldaketa Umandi eta Aita Orbiso eskolen fusioarekin sortutako Arriagako Haritza eskolarekin, eta irailetik aurrera hiriko beste lau ikastetxe publikok bide berri bati ekingo diote, bi proiektu bateratu sortuta; Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek bat egingo dute Olarizu eskola sortzeko, eta Santa Maria eta Landazuri ikastetxeek indarrak bilduko dituzte Errota eskola berria abiatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaldu duenez, bateratzea bi urteko geletan hasiko da, eta "gainerako etapak mailaka joango dira egiten, zentro bakoitzak erabakitzen duenaren arabera".

Prozesu hauen atzean, ordea, egiturazko arazo bati aurre egiteko asmoa dago, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez: eskola segregazioa. Defendatu du eskola publikoen bateratzeak "benetako inklusioa bermatzeko" tresna bat direla, gertuko ikastetxeen artean "desoreka nabarmenak eta iraunkorrak" daudenean. "Ikastetxeei urtez urte ikasleak galtzen jarraitzen uztea, gero eta talde txikiagoekin eta zaurgarriagoekin, aukerarik gabeko etorkizun batera kondenatzea da", nabarmendu du sailburuak. Haren arabera, bateratze prozesuak ez dira antolaketa edo egokitzapen hutsak, eta ez dute baliabideen murrizketarik ekarriko; "aldiz, ikasleen ongizatea, ikaskuntza eta aukera pedagogikoak bilatzen dituzte". Azaldu duenez, gainera, hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa izan da eskola berriak martxan jarri ahal izateko.

Diskurtso ofizialaren atzean, ordea, kezka, haserrea eta ziurgabetasuna nagusitu dira bateratzeak izan diren komunitateetan eta hezkuntza eragileen artean. Prozesuan parte hartzeko aukera falta eta atzetik egon daitezkeen interes politikoak mahai gainean jarri dituzte protagonistek ALEAn.

Aldebakarreko erabakia

Olarizu eskolako fusio prozesua bertatik bertara bizi du Patxi Ibarzabalek, Adurtzako Ikasberri guraso elkarteko kideak, eta hasiera "oso traketsa" izan dela gogoratu du. Euren kasuan, bi eskola bateratzearen lehendabiziko zurrumurruak aspaldi hasi baziren ere, Hezkuntza Sailaren behin betiko erabakia duela bi urte jakin zuten. "Sorpresa eta disgustua izan zen hasieran gurasoen artean. Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakia izan zen, eta sekretismo handiarekin gainera, hezkuntza komunitatearekin partekatu gabe". Prozesuan izan beharreko komunikazioan, halaber, "hutsune" bat izan dela azpimarratu du, eta horrek kezka areagotu egiten duela, besteak beste, epe luzerako planifikazio baten berririk ez dutelako. "Hezkuntzak fusioa aurrera eramateko erabakia hartu du, baina guk ez dugu ikusi zirriborrorik hurrengo hamar urteei begira: ez eraikinak, ez baliabideak, ez ezer". Gaur gaurkoz, ez dakite, esate baterako, jolastoki "prekarioak" berrituko dituzten, ezta San Ignacion dagoen gurutzea kenduko duten ere. "Baliabideak behar direla argi dago. Egoera berezia da, eta errefortzuak beharko ditugu".

"Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakia izan zen, eta sekretismo handiarekin gainera"

Patxi Ibarzabal, Ikasberri guraso elkartea

Dena dela, Ibarzabalek familien eta irakasleen arteko elkarlana goraipatu nahi izan du. San Ignacioko Olaitu guraso elkartearekin bi urteko harreman aberasgarria izan dute, asanbladetan 60 bat lagun elkartuz, kohesio soziala zutabe hartuta: "Harremana eraiki eta errespetutik komunitatea indartzea lortu dugu". Irakasle taldeak ere "lan karga izugarria" hartu du bere gain metodologia eta funtzionamendua zehazteko, eta ikasleek beste ikastetxeak ezagutzeko egindako ahalegina ere nabarmendu nahi izan du.

Eskola bateratzeen irakurketa kritikoa egin du Maribel Lopez de Luzuriagak ere, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak. Esku artean dituen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta, 18 ikastetxe publiko fusionatuko dira, eta horren ondorioz, erdia desagertuko da. "Bateratzea deitu diote, baina horrek murrizketa dakar eskola publikoaren zenbakietan", adierazi du. "Gasteizen bertan, sei ikastetxetik hiru egingo dituzte, eta horrek lerroak, lanpostuak eta ikaspostu publikoak galtzea dakar".   

Plangintza falta salatu zuten Adurtza eta San Ignacio eskoletako gurasoek bateratze prozesu hasieran. Argazkia: ARGIA

Lopez de Luzuriagak bat egiten du "gardentasun faltaren" salaketarekin, eta prozesua goitik beherakoa izan dela kritikatu du: "Guraso eta irakasleek etsipen sentsazio batekin bizi dute prozesua: hau da daukaguna, eta goazen ahalik eta hoberen egitera. Eta, tira, gauza politak atera dira ikas komunitateak elkartuta, baina seguru aski baliabide nahikorik eskaini gabe bateratze horiek modu egokian egiteko". Besteak beste, denborarik gabe, esan duenez. Ikasturte bateko tartea izan dute prozesuak abiatzeko, eta modu horretan zaila dute bategitea prestatzea: "Oso zaila da ikasturte batean modu koherente eta polit batean fusioa prestatzea, bitartean ikastetxe horiek martxan daudelako, egunerokoan murgilduta".

Segregazioaren kontrako neurria ote den galdetuta, Lopez de Luzuriagak uste du eskola publikoak ixtea ez dela horretarako neurria, jatorri atzerritarreko ikasleak gehiago pilatzea dakarrelako. "Jaiotza tasaren jaitsiera toki guztietan eman da, baina fusionatzeko neurriak bakarrik eskola publikoak jasaten dituela ematen du. Ikastetxe pribatuei mugak jarri behar zaizkie", adierazi du, eta gogoratu irakaskuntza pribatuari 920 milioi euro eman zaizkiola ikasturte honetan. "Gasteizko NClic ikastetxeari, adibidez, 2,5 milioi euro emango dizkio eraikuntza berri bat egiteko, kapera bat barne... Ez dute zaintzen eskola publikoa".

"Bateratzea deitu diote, baina horrek murrizketa dakar eskola publikoaren zenbakietan"

Maribel Lopez de Luzuriaga, Euskal Eskola Publikoaz Harro

Steilas sindikatuko kide Amaia Marañonek, Jabi Kerexazuk eta Zuriñe Estibarizek bat egin dute irakurketa horrekin, eta Hezkuntza Sailaren epe luzeko estrategia bat ikusten dute atzetik. Azaldu dutenez, jaiotza tasaren jaitsieraren aurrean, Jaurlaritzak "mekanismoak" martxan jarri ditu itunpeko sarea babesteko, hezkuntza sare duala bermatzen jarraitzeko. "Auzo berean dauden bi ikastetxe publikoetatik bat itxiko dugu, baina auzo berean dauden itunpeko ikastetxeei ez diegu ituna kenduko. Zerbait itxi behar bada, zerbitzu publikoa izango da", salatu du Marañonek.

Estrategia horren barruan kokatu dute administrazioak ezarri duen zaurgarritasun indizea ere, ikasleak modu "arrazista eta klasistan" banatzeko tresna bilakatzen ari dena: "Lehen ikasle horiek nahi ez zituzten itunpeko ikastetxeak ikaslez betetzeko modua da, orain jaiotze tasaren jaitsieragatik gelak ixteko arriskuan daudenean". Kerexazuren ustez, hau eskola publikoa "suntsitzen" duen hezkuntza politiken "izebergeko punta" besterik ez da. "Ulertuko genuke itundutako ikastetxeetan gelak ixtea jaiotza tasaren jaitsieragatik, egoera normal batean horrela behar luke. Ez dugu ulertzen, ordea, eskola publikoak itxi behar izatea".

Lakua auzoko adibidea jarri dute, non Umandi eta Aita Orbiso ikastetxeak betetzeko umeak egon arren, matrikulazio prozesuetan ez den gertuko eskolaratzea bultzatu, Estibarizen arabera, eta ikasleak urrunago dauden zentroetara bideratzen ari diren, auzoetako eskolak baliabidez hornitu gabe. Horrekin guztiarekin, sistema duala mantentzeko planifikazio bat egotea egozten diote gobernuari.

Era berean, Steilaseko kideek atsekabea agertu dute lau ikastetxe hauetako irakasle eta langileek jasan duten presioagatik: "Eskola hauetatik heldu zaigun kexa da bakarrik utzi dituztela. Lan karga izugarria dira prozesu hauek beraientzat". Aurrera begira, eskolak bateratu edo murrizteko joera hau areagotzeko kezka ere ez dute ezkutatzen: "Makrozentroen eredua hauspotzen ari dira, horrek hezkuntza kalitatean dituen ondorio negatiboekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago