Miguel de Cervantes eskola txikia da, "Ariznabarra auzoa bezala". Hala diote Andrea Diaz de Heredia eta Iñigo Genuak, ikastetxeko zuzendariak eta ikasketa buruak, hurrenez hurren. Ez dira ados jartzen zergatik eskola ez den batere ezaguna Gasteizen, tamainagatik ote den, edo ez dagoelako interes berezirik bertako errealitatea ezagutzeko. Miguel de Cervantes Gasteizko ikastetxe segregatuenetako bat da gaur egun.
Zuzendariaren arabera, "orokorrean, izen konposatua duten eskolek ospe txarragoa dute eta ikusezinagoak dira". Niri dagokidanez, ondo ezagutzen dut Miguel de Cervantes eskola, hogei urte igaro dira hemen ikasi nuenetik. Hasieratik nabaritu dut usaina behintzat berdina dela, baina zertan aldatu den ikustera etorri naiz.
Miguel de Cervantes eskola publikoak 1972an ireki zituen ateak lehen aldiz, Ariznabarra langile auzoan. Eskolaren sorrerak lotura zuzena dauka hiriko industrializazio prozesuarekin; garaiko langile migratuen seme-alabeei hezkuntza eskubidea bermatzeko eraiki behar izan zuten. Lehen, garaiko migratzaileen seme-alabak eta bilobak joaten ziren; orain, oraingoak. Baina, zein da gaur egungo egoera? Zergatik ematen da segregazioa? Eta batez ere, zeintzuk dira segregazioaren ezaugarri eta eraginak?
Segregazioaren erradiografia
Xabier Belasuk, Gironako Unibertsitateko pedagogia irakasleak, horrela definitu du Miguel de Cervantes bezalako eskoletan ematen den fenomenoa: "Eskola segregazioaz ari gara, auzo edo hiri batean ikastetxeek ikasleen profil jakin bat hartzen dutenean, eta profil horrek, estatistikoki, ez duenean bat egiten zonaldeko biztanleriaren osaera sozioekonomiko eta kulturalarekin". Cervanteseko zuzendariaren esanetan, 2011 inguruan hasi zen segregazioa garatzen. Prozesu nahiko azkarra izan zen. "Etorkinen seme-alaba asko etorri zirenean, hemen zeuden familia askok alde egin zuten".
Azpimarratzekoa da Europako beste herrialde batzuetan guztiz lotuta daudela eskola segregazioa eta hiriko segregazio espaziala. Adibidetzat hartu ditzakegu Pariseko suburbioetan dauden eskolak. Baina Gasteizen ez dago horrelako segregazio espazialik. Hiriko toki batzuetan beste batzuetan baino migrazio gehiago dago, baina horrek ez du azaltzen bertako eskolen segregazio maila. Ariznabarran, 2025eko datuen arabera, biztanleriaren ia %10ak Amerika du jaioterri bezala, eta soilik %5,4ak Afrika. Aldiz, Cervantesen, afrikar jatorria duten ikasleen kopurua askoz handiagoa da; guztiz gainordezkatuta daude.
"Begiratzen ez zaion arren, 'zurien' ikastetxe horietan ere falta da aniztasuna"
Genua ikasketa burua harritu egin zen eskolara heltzean: "Ez nuen imajinatzen EAE barruan halako egoerarik egongo zenik, ezinezkoa zela uste nuen". Eusko Jaurlaritzaren gomendioa da atzerritar jatorriko ikasleen portzentaiak ez gainditzea %30a, baina Miguel de Cervantesek soberan gainditzen du tasa hori. Gasteizen jatorri atzerritarra duten ikasleen %95 inguru sare publikoan dago matrikulatua; Araban %84a, Gipuzkoan eta Bizkaian %68 eta %67, hurrenez hurren.
Nahiz eta segregazioan aldea antzematen den sare publiko eta itunpekoaren artean, Diaz de Herediak azpimarratu du sare bakoitzaren barruan ere lehen mailako eta bigarren mailako eskolak daudela: "Ez da berdina Marianistas edo Hogar San Jose, eta ez da berdina Abendaño edo Miguel de Cervantes". Hori dela eta, Gasteizen "aberatsen eta probeen eskolak" daudela ohartarazi dute. Beste alde batetik, gogor kritikatu dute itunpeko eskolen finantziazio publikoa. "Frustrantea da ikustea nola zaintzen diren gauza batzuk eta beste batzuk ez", dio Genuak. Eskolako zuzendariak gogorarazi duenez, "baby boom garaian itunpekoak jarri ziren sare publikoak ezin zituelako asumitu jaio ziren ume guztiak. Orain sare publikoak plazak soberan ditu".
Segregazioaren ondorioak
Segregazioaren eraginak kezkatuta ditu Diaz de Heredia eta Genua. "Cervanteseko umeek ez dute aukerarik beste ume batzuengandik ikasteko, beste kultura edo errealitate batzuetatik". Gehitu dute, baina, "zurien" ikastetxeetan ere aniztasuna falta dela. Cervantesen kasuan, gainera, jatorriaren araberako segregazioari egoera ekonomikoarena ere gehitu behar zaio. Elkarrizketatuen arabera "familien maila sozioekonomiko eta kulturala baxua edo baxu-ertaina izaten da". Zuzendariak nabarmendu duenez, "gure umeek gaur egun dagoen etxebizitza arazoa pairatzen dute. Familiak beste auzo batean etxebizitza bat lortzen baldin badu, eskolaz aldatzen dira". Horregatik barne mugimendu handiko eskola da Cervantes, bai ikasturtean zehar, baita ikasturte batetik bestera ere. "Ez dugu gure hezkuntza proiektua osorik gauzatzen duen ikaslerik", dio Diaz de Herediak. Hori omen da eskolako "erronka nagusia".
Steilasek 2022an argitaratu zuen Ikasle migratzaileen eskola-segregazioa Gasteizen txostena, eta bertan ohartarazi zuten ikastetxe segregatuetan askoz txikiagoa dela goi mailako ikasketak dituen guraso kopurua. Pierre Bourdieu soziologoaren arabera, familia baten kapital kulturalak eragin zuzena dauka ikaslearen arrakasta akademikoan. Adibide bat jarri du Genuak: "Beste eskola batzuetan guraso askok jada erakutsi diete irakurtzen eta idazten lehen mailan sartu aurretik. Hemen zerotik hasten gara gauza askotan". Beste faktore batzuk ikusezinagoak izan daitezke. "Aisialdian edo hiriaren ezagutzan asko eragiten du maila soziokulturalak. Ez ezagutzea zure ingurua, parkera joateko ohitura ez izatea, naturarekin ez izatea harremanik...". Familia batzuetan zeharka ikasten diren hainbat gauza ezin dira beste batzuetan jakintzat eman.
Diaz de Heredia ere kezkatuta dago euskara, euskal kultura eta tokiko kulturaren transmisioarekin. Nahiz eta D eredua aukera bakarra den Cervantesen, "hizkuntza eta kulturaren transmisore bakarrak irakasleak gara. Baina, noski, ezberdin ikasten duzu irakasleak edo lagun batek kontatzen baldin badizu, ezta?". Ikasketa buruak gogoetarekin jarraitu du, "azkenean transmisio bat da, ez bizipen zuzen bat". Genuak azpimarratu du Cervantesen ahalegin berezia egiten dutela "fantasia" emateko euskarari, jolasen, abestien edo bestelako ekimenen bidez, "ez erabiltzea bakarrik natur zientzietarako edo bronka botatzeko". Nahiko pozik daude lortutako emaitzekin: "Saiatzen gara euskaldun senti daitezen eta euskara maitatu dezaten, eta aurrerapausoak ikusten ditugu ikasleen jarreran."
Steilasek, aipatutako txostenean, agerian utzi zuen ikastetxe segregatuetan ikasle asko ez direla bertakoak sentitzen. Adibidez, % 52,6k ez zuen hartzen bere burua gasteiztartzat, eta %19k uste zuen desberdina zela gainerako gasteiztarren aldean. Segregatu gabeko ikastetxeetan, atzerritar jatorriko ikasleek lotura askoz handiagoa zuten hiriarekiko; horrek erakusten du segregazioak nolako inpaktua duen identitatearen garapenean. Cervantesen aitortu digute horren inguruko kezka dutela, eta lan egiten dutela identitate plural baten alde. "Saiatzen gara mezua izatea beti: bi herritakoa zara. Zure jatorrizko herrikoa, eta gasteiztarra eta euskalduna ere bai", azpimarratu du Genuak.
Etsipena eta onarpena
Etorkizunari begira, kontraesankorrak izan daitezkeen emozioak nahasi dira Genua eta Diaz de Herediaren begiradetan. Hezkuntza sailak hainbat neurri jarri ditu martxan aniztasuna modu orekatuan banatzeko, baina biek salatu dute ez dutela funtzionatu. Alde batetik, zaurgarriak ez diren haurrak bidaltzen dituzte Cervantesera. "Baina familia horiek borrokatu egiten dute, joaten dira Delegaritzara, eta azkenean nahi duten lekuan sartzen dira. Hona ez dira etortzen", azaldu du Genuak.
Beste alde batetik, ikasle zaurgarriei plazak erreserbatzen dizkiete beste eskola batzuetan. Baina Cervanteseko haurrei egokitzen zaienean beste eskola batera joatea, familiak aldatu nahi ez badu ere, "askotan ez dute baliabiderik administrazioaren kontra joateko, ezin dute testu bat idatzi, ezin dute erreklamazio bat jarri...". Zuzendariak horrela azaldu du halako neurrien ondorioz sortutako egoera: "Orain guk ikasleak galtzen ditugu, baina ez dugu irabazi ikasle bat ere". Gainera, itunpeko eskoletara bidalitako familia askok bazterketa bizi dutela salatu du Diaz de Herediak.
"Cervantesen ahalegin berezia egiten dute 'fantasia' emateko euskarari"
Eusko Jaurlaritzaren Eskola Bikaina Denontzat ekimenari dagokionez, zalantzan jarri dute "negoziatzeko nahia" existitzen denik. Sindikatuak eta eragileak mahaitik ateratzen joan direla gogorarazi du Genuak, eta ironiaz adierazi du: "Mahai horren inguruan ez dakit nor dagoen, sailburua egongo da eta berak bere buruarekin negoziatuko du". Gainera, elkarrizketatuen ustez, ez da baloratzen Miguel de Cervantes bezalako eskoletan egiten den lana. "Hezkuntza sailean inork ez daki nola egiten dugun lan, inork. Hemendik kanpo ez daki inork", dio zuzendariak etsipenez.

Cervantesen konturatu zirenean segregazio egoera "estatus" kontu baten ondorio zela eta ezin zutela kanpoko begirada aldatu, "penaz baino onarpenez" jokatzen hasi zirela aitortu dute elkarrizketatuek. Itxaroteaz aspertuta itsasora bueltatu den naufragoaren kemena ikusten zaie. Cervanteseko familiek baloratzen dute eskolan egiten den lana eta horrek indarra ematen die. "Aipagarria da beste eskola batzuetan ez delako gertatzen", dio zuzendariak. Diaz de Herediaren esanetan, "jakingo balute nola egiten den hemen lan, jendearen iritzia aldatuko litzateke".
Nahiz eta erronka askori aurre egin, Genuak adierazi du eskolan oso lasai daudela: "Ezin dugu kanpotik gertatzen denaren zain egon eta, gutxienez, argi daukagu zer norabidetan egin behar dugun lan". Bi elkarrizketatuek behin eta berriz adierazi dute konpromisoa Cervantesen garatutako hezkuntza proiektuarekiko. "Hemendik joango bagina, horrelako beste eskola batera joango ginateke", dio Diaz de Herediak. "Orain hobeto dakigu nola eman azalpen bat, nola testuinguratu eta nola motibatu ikasleak", azpimarratu du zuzendariak ere. Biak bat datoz elkarrizketaren azkenengo bi ondorioetan. Lehenengoa, irakasle izaten ikasi dutela Miguel de Cervatesen. Bigarrena, segregazioarekin amaitzeko ezinbestekoa dela sare publikoa lehen lerroan jartzea.
