Aurten Santurtzin antolatu dute Euskal Eskola Publikoaren jaia, 33. edizioa. EHIGEko Iraia Rojo dabil antolakuntza lanetan, eta berak azaldu dizkigu aurtengo aldarrikapenak.
Aurten Santurtzin izango da jaia. Zer esanahi dauka kokalekuak?
Santurtziko eskola publikoak aitortza merezi duelako aukeratu genuen. Izan ere, azken urteotan, elkarlanetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin garrantzitsuak egin ditu Santurtziko Euskal Eskola Publikoaren sareak; eskola ehundura sendoa eta aberatsa sortu dute, eta lan asko egin dute euskalduntzearen alde. Gehien euskalduntzen duen sarea da, eta esan beharrik ez dago hezkuntza eskaintza publikoaren %100a D eredukoa dela.
Zein da Euskal Eskola Publikoaren jaiaren helburua?
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak 1994. urteaz geroztik antolatzen du jaia, Euskal Eskola Publikoa jai giroan aldarrikatzea helburu. Urteak pasa diren arren, hasierako helburuak mantentzen ditu jaiak, besteak beste, eskola publikoen arteko elkarlana indartzea, familien parte hartzea bultzatzea eskolan, Euskal Eskola Publikoaren irudi berritzailea, kalitatezkoa, parte hartzailea eta euskalduna erakustea, guraso elkarteen aldarrikapenak plazaratzea, familiarteko eremu euskaldunak bultzatzea…
Zein dira gaur egun eskola publikoak dituen erronka nagusiak?
Azken urteetan krisi kultural, sozial eta ekonomiko etengabeetan bizi gara. Egoera honetan hezkuntza askotan ahultzen da eta egoera berriak aztertu eta egokitu behar da, eskola curriculuma birpentsatu behar da aldaketa guztiak kontuan izanik. Ikaskuntza metodologien eraginkortasuna berrikusteko unea ere bada; gure ikasleria ez da berdina, eta ez dute beti metodologia edo gauza berberek balio. Berrikuntza motelegia da ditugun aldaketetarako eta beharretarako, denbora eta diru gehiago behar da. Kezkatzen gaitu ikastetxeek eta hezkuntza komunitateek oso autonomia gutxi dutela, administraziotik ez dutela sinesten hezkuntza espazio kritiko eta propioak sortzeko duten gaitasunean. Gehiago ikertu beharko litzateke hor, eta indartu, eraginkorragoak izateko. Eta adimen artifizialari dagokionez, beharrezkoa da eztabaidak eta araudiak hobeto ezagutzea, eta hausnarketarako espazio bat sortzea hezkuntzan izan ditzakeen aplikazioei buruz.
Zein da zuen ikuspegitik hezkuntza publikoaren indargunerik handiena?
Hezkuntza erronka sozialekin lotzeko aukera, gizarte euskaldun justuagoa eta berdintasunezkoagoa egiteko aukera. Hori posible da eskola ez delako burbuila aseptiko bat, arazo sozialetatik isolatua. Aitzitik, gure inguruko errealitate sozial guztia jasotzen du bere baitan, eta arlo guztietan hobetzeko aukera emango duen aldaketa bat aurrera eramateaz arduratzen da.
Zein dira zuen aldarrikapen nagusiak?
Urtero bezala, aurtengo edizioak aldarrikatu nahi du sare publikoa izan behar dela euskal hezkuntza sistemaren ardatza. Horrekin batera, Ehunetan, aurtengo jaiaren leloak azaltzen du beste aldarrikapen nagusia. Adierazi nahi dugu Euskal Eskola Publikoaren sarea ehunduta dagoela, eta ospatu nahi dugu. Sare bat non pertsona guztiek lekua duten.
Euskararen esparruan zein erronka eta aukera ikusten dituzue?
Euskararen biziraupena ziurtatzeko, adituek diote helburu estrategikoa "euskal hiztun osoak" lortzea dela. Gure ikasleak hizkuntza aniztasun erraldoi baten testuinguruan murgildurik bizi dira. Egoera horretan, euskara bezalako hizkuntza minorizatu bateko hiztun osoa izateak eskatzen du hainbat baliabideren jabe izatea, eta tamalez gaurko gazte gehienek ez dituzte. Ondorioz, asko oraindik ez dira heldu "euskal hiztun osoak" izatera, eta egoera honek zama gehigarri bat ezartzen dio hezkuntzari. Eskolaren erantzukizunak eta betebeharrak lotuta daude beste eragile sozial eta korporatiboen erantzukizunarekin. Euskararen egoeran, besteak beste, administrazioek, hezkuntza sistemak, hedabideek, hiritarrok eta hainbat eragile sozial eta kulturalek dugu erantzukizuna. Hala ere, aurrerantzean hobeto zehaztu beharko da eskolaren betebeharra, bai euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta hobetzeko prozesuan, eta baita gure kulturaren transmisioan eta herri identitatea eratzeko prozesuan.

Zer paper izan behar dute familiek eta komunitateak eskola publikoaren defentsan?
Familien zeregina ezin da mugatu ikastetxetik programatzen diren jarduerei laguntza ematera. Eskola kontseiluetan ahotsa izatea ez da nahikoa, lehen esan bezala, autonomia eta erabakitzeko gaitasun gutxi baitute. Familiei eta hezkuntza komunitateei entzun egin behar zaie, eta parte hartu behar dute hezkuntza politiken erabakietan; gizartearen premiei benetan erantzungo dien Hezkuntza Komunitarioko eredu bat sortuko badugu. Gobernantza komunitarioa garatu behar da Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetatik eta gizartetik, familiak ere benetan bihur daitezen gure hezkuntza sistema hobetzeko eragile.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo egitarauaren barruan?
Urtero bezala familian ongi pasatzeko egitaraua izango du aurtengo jaiak. Lau gune nagusi egongo dira eta ekintza ibiltariak ere egongo dira Santurtziko kaleetatik. Loa eta Laia, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore, jolas kooperatiboak, tailerrak, herri kirolak, Tapia eta Leturia, Sardina freskue antzerki musikala, herri bazkaria, Santurtziko abesbatzak, perkusio tailerra… hortaz, guztientzako lekua egongo da Santurtzin!
Zer mezu bidali nahi diezue familiei eta herritarrei?
Eskola eta hezkuntza ez direla bakarrik gurasoen zeregina. Gurasook oso arduratuta eta inplikatuta gaude gure seme-alaben heziketan, eta gehiago egin behar dugu. Baina hezten ez duen herriak, gizarteak, komunitateak, ezin du espero etorkizun hobeagoa. Beraz, egoera aldatu nahi badugu, gure herria aurrera atera nahi badugu, biztanle euskaldunak, kritikoak, konprometituak, berdintasuna eta dibertsitatea errespetatzen duten horietakoak nahi baditugu, orduan denok konprometitu behar gara hezkuntzarekin, eta ondorioz, Euskal Eskola Publikoarekin.