Sorbeltz arrunta

"Hegalak harrotuz atseden hartu daiteke, baita lo egin ere"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 31

Sorbeltz arrunta. Argazkia: JESUS ESTEBAN SAN JOSE

Muturreko bizitza darama sorbeltz arruntak; egun osoa hegan egiten pasatzen du, baita lo egiten eta kopulatzen duenean ere, eta txitak hazteko bakarrik pausatzen da. Udatiar ezaguna da, iskanbilatsua.

Gasteiz erdigunean gaude, Santa Maria katedralaren kanpandorrean, katedral zaharrean. 2026ko maiatzaren 1a da, eta hiru ordu eman ditugu sorbeltz bat noiz agertuko zain, Afrikatik egun hauetan etorri ohi dela esan digute eta. 14:00ak dira, eta migrazio bidaia handitik etorri berria da. Ea zer kontatzen digun!

Ongi etorria sorbeltz! Azalduko diguzu nor zaren eta zertan ari zaren?

Lehenik eta behin, barkatu hegan egiten kasu egiteagatik; ez baitzait batere gustatzen pausatzea, guztiz beharrezkoa ez bada. Sorbeltz bat naiz (Apus apus), sarritan enarekin (Hirundo rustica) edo haitz-enarekin (Ptyonoprogne rupestris) nahasten nauzue, baina gorputz osoa iluna daukat eta nire hegoak luzeagoak eta zorrotzagoak dira. Igitaia ematen dut zeruan.

Urte osoa emango duzu gure artean?

Afrikatik zuzenean etorri berria naiz. Gaur da nire lehen eguna Gasteizen, negua Sahara hegoaldean igaro ondoren. Hain zuzen, niri Tanzaniaraino joatea gustatzen zait, eta han-hemenka erraldoien artean ibiltzea: elefanteak, errinozeroak, bufaloak... Udarekin identifikatzen den espezieetako bat gara hemen: maiatzaren hasieran iritsi ohi gara, eta abuztuan jada maletak egiten ari gara. Lau hilabete eskas igaroko ditugu ingurune hauetan gure txitak hazteko, eta gero denak batera hegoaldera joango gara, Mediterraneoan zehar Saharaz hegoaldeko Afrikarantz.

Zein leku dituzu gustukoen Araban zehar ibiltzen zarenean?

Funtsean intsektu osasungarri ugari dituen ingurune osasuntsua behar dugu bizitzeko eta ugaltzeko, eta gure habiak teila baten azpian edo eraikin baten hormako zuloren batean jartzen ditugu. Lehen, zulo ugari zeuden, baina gaur egun zuen ingurutik baztertzen saiatzen ari zarete, eta hazteko erabiltzen ditugun hutsuneak estaltzen dizkiguzue; beraz, gero eta zailagoa da etxebizitza duin bat izatea. Eskerrak batzuk konturatu diren eta legeak egiten ari diren eraikin berrietan zuloak uzteko. Ez dugu hainbesteko gerrarik ematen! Eta gainera eltxoak eta beste intsektu batzuk jaten ditugu, sarritan gogaikarri ere egiten zaizkizuenak.

Nola elikatzen zarete?

Esan dizudan bezala, intsektuez elikatzen gara. Udan oso ugariak dira… Tira, gero eta gutxiago egia esan. Hegan eginez ehizatzen ditugu, mokoa irekiz haiek bakarrik sartzen dira ahora. Ehunka behar ditugu tripa ondo betetzeko, baina eguna airean pasatzen dugunez, azkenean behar adina lortzen dugu. Esan daiteke aireko planktonaz elikatzen garela.

"Hemen lau hilabete eskas pasako ditugu txitak hazteko, eta gero Afrikara joango gara"

Azalduiguzu nolakoa den egun arrunt bat zure bizitzan.

Nire egunerokoa hegan egitea da. "Aireko txoriak" deitzen digute, lurreratzen garelako bakarrik txitak hazteko. Bizitza osoa hegan egiten pasatzen dugu: hegan egiten dugun bitartean jaten dugu, edaten dugu, lo egiten dugu, eta hegan egiten kopulatu ere egiten dugu. Artistak gara!

Airean egiten duzue lo?

Bai, bai, hegan egiten dugunean ere lo egiten dugu. Izan ere, arratsaldearen amaieran argia moteltzen denean, talde ugaritan elkartzen gara eta inor konturatu gabe atmosferako goiko geruzetara igotzen hasten gara eta han igarotzen dugu gaua. Zaila da sinestea baina hegalak harrotuz atseden hartu daiteke, lo egin eta amets egin, egunsentira arte, berriro zuen herrietara eta hirietara jaisten garenera arte. Lehenik, garunaren erdiak hartzen du atseden, eta, gero, beste erdiak.

Nola ezagutu zaitzakegu? Sorbeltzak nolakoak garen oraindik ez badakizu, bilatu itzazu udako edozein arratsaldetan enara motako txori taldeak, 20 edo 30eko taldeetan elkartzen diren hegaztiak, sriiii moduko txilio bat botatzen dutenak, eta oso azkar hegan egiten dutenak. Hiriguneetako udako soinurik bereizgarriena da gurea. Zergatik egiten dugu hori? Sozializatzeko, hazkuntzarako lurraldea markatzeko modu bat delako ere, eta Supermanek bezala kalapita sortzea eta hegan egitea maite dugulako: batzuek diote hegaztirik azkarrena garela, baina nik uste dut belatz handia gu baino azkarragoa dela.

Hitz egin dezagun familiaz. Nola hazten dituzue txitak?

Gure etxea nahiko ezegonkorra den habia bat da, airean hartzen ditugun lumekin edo zatikiekin eta plastikozko zaborrekin osatzen dugu, plastiko horiek txitentzako oso arriskutsuak diren arren. Bildutako guztia zulo estu batean jartzen dugu, beti toki garaietan, eraikinen goiko aldeetan, bertatik erraza delako salto egitea eta zuzenean hegan egitea. Udak gero eta beroagoak direnez, bero-boladak daudenean gure txitak habiatik botatzen dira tenperatura jasaten ez dutelako, eta laguntzen ez bazaie, lurrean hil daitezke.

Horrez gainera, zer beste arriskuri aurre egin behar diezu egunerokoan?

Belatz handi batek ustekabean harrapatu eta atzaparretan eramatea. Ni oso azkarra naiz, baina lehen esan dizuedan bezala, pirata hori mortala da! Eta batik bat gosearen beldur gara. Intsektuen presentzia izugarri aldatu da, produktu kimikoen (batez ere nekazaritza industriako intsektiziden) erabilera masiboa medio, eta klimaren aldaketa dela eta. Lehen oso arraroa zen udan janaria falta izatea, baina orain gero eta ohikoagoa da, eta intsekturik gabe ezin dugu bizirik iraun, eta gure txitek ere ez. Dugun beste beldur handia da gure betiko habiara itzultzea eta ikustea eraikina eraitsi dutela edo fatxadak edo teilatuak zaharberritzean hutsuneak itxi dituztela. Eraikin berrietan ez digute sartzeko aukerarik uzten, eta zaharrak gure beharrak kontuan hartu gabe zaharberritzen dituzte. Gure ondoko eraikinean hazitako bikote bat, esaterako, Seminarioko eraikinera joan behar izan da bizitzera. Arabako Naturaren Institutuko jendea gure arazoez ohartu da, eta bertan egurrezko kaxa batzuk jarri dituzte oso ondo datozkigunak, batez ere nire bizilagunak bezala etxetik botatzen gaituztenean. Bederen hazi ditzakete txitak eta inork ez die enbarazurik egiten.

Amaitzera goaz, lagun. Sekreturen bat kontatuko diezu ALEAko lagunei?

Tira, sorbeltz gurasook egiten dugun gaiztakeria txiki bat kontatuko dizut. Uda betean, gure txitak hazten ari garenean eta hotz eta euri ekaitza datorrenean, ospa egiten dugu txitak utziz, guraso ardurarik izango ez bagenu bezala. Entzuten duzuna, bai, hanka egiten dugu! Beste toki batzuetara joaten gara  meteorologia atseginagoaren bila, elikatu ahal izateko, eta han itxaroten dugu denboralea igaro arte. Hori bai, gero itzuli egiten gara, eta gure eginbeharrei ekiten diegu berriro ere, gure seme-alabei ehunka intsektu ekarriz eta haziz, habiatik salto egitera ausartzen diren arte. Ez gaizki begiratu gero! Gure espeziea egokitua dago. Eguraldi txarra dela eta, gurasoek txitak egun batzuetan abandonatzen dituztenean, hibernazio moduko batean sartzen dira txikiak, eta hibernazio horri esker, metabolismoa jaisten dute, hil gabe, janariarekin itzuli eta berriro suspertzen diren arte. Naturaren mirariak!

Kuxkuxeroek kontatu digutenez, berezitasun bat dute txitek.

Bai, bai. Ez da batere erraza sorbeltz txita batentzat habitik salto egitea. Beste hegazti espezie batzuek ez bezala, gure txitek ez dute hegan egitea praktikatzen eta egun batetik bestera hutsera botatzen dira hegan egitera. Hobe dute lehenengoan asmatzea! Bestela, inoiz lurrean sorbeltzen bat ikusten baduzu, ziur arazoren bat dagoela. Ez izan zalantzarik: jaso ezazu eta fauna berreskuratzeko zentro batera deitu, berriro hegan egin ahal izateko laguntza beharko du eta. Gurea bai muturreko bizitza!

 

Inperfekzioaren garaia!

Gizakiaren historian zehar etxebizitza izugarri eboluzionatu den elementua da, kobazuloetatik hasi eta etxe orratz modernoetaraino.

Jatorrizko etxebizitzek zituzten inperfekzioetan bizitzera egokitu zen fauna.

Europa osoan zahartutako etxeak eta eraikinak, biodibertsitate gehien dutenak, pixkanaka eraberritzen ari dira. Eraberritze horietan, zuloak eta pitzadurak itxi dituzte, leihateak kristaleztatu, txapitulak isolatu, teiletan eta erlaitzetan hegaztien kontrako sareak jarri… Tradizioz han bizi den fauna bota egiten ari dira. Nora joango dira beren bizitzekin jarraitzeko?

Eraikin jasangarri berriak egiten dira Europan isolamenduak erabiliz eta CO2 isuriak nabarmen murriztuz. Baina eraikin bat ez da guztiz jasangarria eraikin zaharretan bezala barruan animalia bizitzarik ez badu.

Gero eta zailtasun handiagoa dago hutsuneak aurkitzeko eraikin berrien fatxadetan edo birgaitzen ari diren eraikinetan. Horrek interes handiko espezie askoren ugalketa tasak murriztea eragin du, hala nola hontza arruntarena, motzondoarena, sorbeltz arruntarena, mendebaldeko grajatxoena, txolarre arruntarena, belatz arruntarena, belatz handiarena, karaboarena. Eta zulo horiek hazteko edo babesteko erabiltzen dituzten saguzarren dozena bat espezierena ere bai.

Historian zehar haien berezko habitata bihurtu diren egitura horiekin lotura izan duten hegazti eta ugaztunen populazioak murriztu egin dira. Arrazoi horiengatik, eta beste batzuengatik, eraikinei, etxeei eta azpiegiturei lotutako biodibertsitateak behera egin du, urtean %1,5 eta 2 artean, Europa osoan, hegazti espezie askotan, bai eta dozena bat saguzarretan ere.

Legeak fauna hori babesten du, ingurumen orekarako funtsezko onura handiak dituelako eta, zuzenean gizakientzat, izurrite ugari kontrolatzen dituelako.

Biodibertsitatea oinarrizko beharra da gure bizi-kalitaterako eta gure planetaren epe luzerako iraunkortasunerako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago