Hondamen eta fantasia kronika

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 30a

Goyaren 200 grabatu baino gehiago bildu ditu Arte Ederren Museoak 'Arrazoia eta fantasia' erakusketan. Argazkiak: ERLANTZ ANDA/ ALEA

Arabako Arte Ederren Museoak Francisco de Goyaren lau grabatu sail handiak bildu ditu lehen aldiz ‘Fantasia eta arrazoia' erakusketan. Sara Gonzalez de Aspuru zuzendariak aurkeztu duen azkeneko bilduma da, erretiroa hartu aurretik.

Gizon bat belauniko dago, besoak zabalik eta zerura begira, iluntasunean galduta, gainera datorkion hondamendi ikusezina gelditu nahian edo. Francisco de Goyak (Fuendetodos, Espainia, 1746-Bordele, Frantzia, 1828) Tristes presentimientos de lo que ha de acontecer izenburua jarri zion Los Desastres de la Guerra seriea irekitzen duen estanpa honi. Arreta berezia jarri du Sara Gonzalez de Aspuru Arabako Arte Ederren Museoko zuzendariak grabatu honetan. "Jesusen baratzeko otoitzaren ikonografia klasikoa gogora dakarren irudi hori aukeratuko nuke, izugarrizko indarra duelako eta serie lazgarri baten hasiera delako, mendeak igarota ere, egungo gatazka eta gizakiaren berezko indarkeria salatzen dituena".

Aragoiko maisuaren begirada unibertsala Gasteizera iritsi da Fantasia eta arrazoia erakusketarekin, lau grabatu sail handiak aurkeztu dituen bildumarekin, hain zuzen ere: Los Caprichos, Los Desastres de la Guerra, Tauromaquia eta Los Disparates. 2022an hartu zituen museoak funts hauek, Juan Celaya Letamendi Fundazioak aldundiarekin zituen zerga zorrak kitatzeko egindako ordainketari esker. Harrezkero, erakundearen barruan zaharberritze, dokumentazio eta katalogazio lan eskerga egin dute museoan paratu baino lehen. "Egia esan, luxu bat da Goyaren ibilbide artistikoko serie aipagarrienak gurean izatea, salbuespen bat, esango nuke; gainera, serieak osorik daude, eta horietako batzuk lehen ediziokoak dira".

2017ko otsaila arte izango da Goyaren erakusketa. Argazkia: E: ANDA/ ALEA

Kronologikoki, Los Caprichos (1797-1799) izeneko sailari erreparatu behar zaio lehendabizi. Laurogei estanpa hauetan, laban zorrotza atera zuen Goyak; prostituzioaren eta hitzartutako ezkontzen engainua nabarmentzen du; haurrak gaizki heztea eta horren ondorioak; baita sineskeriak, ezjakintasuna eta sorginkeria ere. Istorioak segidan irakurtzeko liburu gisa sortu zuen serie hau, baina Inkisizioaren errepresalien beldurrez, artistak merkatutik kendu behar izan zuen. "Serie honen anbiguotasuna argitzeko, argitaratzean, eskuz idatzitako iruzkin anonimoak erantsi ohi ziren, eta Gasteizen dagoen aleak horiek jasotzen ditu, zazpi orrialdetan, Berlingo Staatliche museoan dauden Sátiras de Goya izenekoekin antz handia dutenak".

Ondoren, Los Desastres de la Guerra (1810-1815) iritsi zen, Espainiako Independentzia Gerran inspiratutako laurogei irudi dramatikorekin. Fernando VII.aren itzulerak ezarri zuen giro politiko itogarriaren ondorioz, Goya ez zen ausartu horiek argitaratzera, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak plazaratu zituen lehen aldiz 1863an. "Indarkeriari eta haren ondorioei buruzko adierazpen artistiko handi eta onenetako bat da", zuzendariaren ustez. "Zoritxarrez, gaurkotasuna izaten jarraitzen du, ingurura begiratu baino ez dago... Bisitaria ez du epel utziko".

"Gaurkotasuna izaten jarraitzen dute grabatuek; ez dute bisitaria epel utziko"

Sara Gonzalez de Aspuru

Aurrekoarekin izan zezakeen zentsura politikoa saihestu nahian, gai herrikoiago bat aukeratu zuen Tauromaquia (1816) sailerako. Zezenketen inguruko 33 estanpa hauek, ordea, ez zuten espero zitekeen arrakastarik izan. Gizakien eta animalien arteko borrokaren inguruko irudi gordinek ez zituzten erosleak erakarri, agian karga tragiko txikiagoko estanpetara ohituta zeudelako. "Artistaren jarrera kritikoaren ondorioz, garai hartako ikusleek ez zuten lana ulertu, eta porrot komertziala izan zen". Araban ikusgai dagoena Kalkografia Nazionalak 1855ean egindako bigarren edizioa da.

Bilduma Los Disparates (1815-1824) serie enigmatikoak ixten du. Goyak Bordelera ihes egin zuenean amaigabe geratu ziren hemezortzi estanpa, eta Akademiak argitaratu zituen 1864an. Oso kriptikoak dira grabatu hauek, pintoreak askatasun sortzaile osoz jokatu zuelako, baina bere mezuak ezkutatuz, Inkisizioak sor zitzakeen arazoetatik babesteko. "Testurik eta zenbakirik gabeko irudi anbiguo horien interpretazioa oso zaila da, eta hainbat ikuspuntutatik heldu diote ikertzaileek: indarra hartu duenetako bat da Espainiako gizartearen alegoria irudikatu duela, inauterien eta zirku ikuskizunen bidez adierazten dena".

Siniskeriak eta ezjakintasuna kritikatu zituen 'Los Caprichos' sailean. Argazkia: E. ANDA/ ALEA

Bisitariaren aldetik ahalegin bat eskatzen du erakusketak, Gonzalez de Aspururen arabera, Goyak egiten dituen kritikak ez baitira beti agerikoak, eta irudiak bezain garrantzitsuak dira askotan jatorrizko izenburuak. Los Desastres de la Guerra seriearen barruan, esaterako, bada egun ere ikuslea hunkitzen duen beste irudi bat, Grande hazaña! Con muertos! izenburukoa. "Zatitutako gorpuak, biluziak eta zuhaitz adarretara lotuta daudenean, gerra betean, hazaña (balentria) hitza erabiltzeak gerran mundu guztiak galtzen duela adierazten du nolabait, modu ironiko eta gogorrean".

Goyaren erakusketa berezi honek, gainera, "urrezko amaiera" emango dio Sara Gonzalez de Aspururen aroari Arabako Arte Ederren Museoko zuzendaritzan. Agur esateko unean, zuzendariak nabarmendu nahi izan du bere agintaldian zentroak euskal artearen inguruan lortutako "identitate propioa", baita erakundeko funtsak obra oso garrantzitsuekin handitu izana ere. Etorkizuneko erronkei begira, ordea, ez ditu ezkutatu museoak dituen egiturazko ahuleziak, eta gogorarazi du "giza baliabideen zein baliabide ekonomikoen falta oso handia" pairatzen dutela egunerokoan, bilduma gordetzeko espazio faltarekin batera. "Nortasun propioa du museoak, baina horri eusteko ezinbesteko inbertsio horiek beharrezko izango ditu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago