indarkeria matxista

Hiru gizon ikertzen ari dira Ikasbidea eta Iruña Okako institutuko adingabeei sexu abusuak egiteagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 12a

Ikasbidea ikastola, Duran. Argazkia: IKASBIDEA

Ikasbideako ikastolako eta Iruña Okako institutuko ikasleei sexu abusuak egiteagatik hamar salaketa ikertzen ari dira.

Hiru pertsona ikertzen ari dira Durako Ikasbidea Ikastolako eta Iruña Okako institutuko adingabeei, ikasturte amaierako bidaian, sexu abusuak egiteagatik. Guardia Zibilak Europa Press berri agentziari jakinarazi dionez, Ertzaintzak zein Guardia Zibilak jaso dituzten hamar salaketekin zerikusia dutelakoan ikertzen ari dira hiru gizonak.

Bi ikastetxeetako ikasleek Mediterraneoan egin duten itsas bidaia batean gertatu dira sexu abusuak. Ikasle batzuek beren familiei jakinarazi zieten susmatzen zutela beste bidaiari batzuek alkohola eta drogak eman zizkietela eta, konortea galduta, ukituak egin zizkieten. Guardia Zibila ikertzen ari da gizon horiek substantziaren bat bota ote zuten ikasleen edarietan.

Bi salaketa maiatzaren 6an aurkeztu ziren Gasteizko Ertzaintzaren egoitzan, eta beste zortzi, Bartzelonan, itsasontzia porturatu zenean. Biktimak 15 eta 16 urte artekoak dira.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago