Ikasbidea ikastolako zenbait ikaslek sexu abusuak salatu dituzte ikasbidaian

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 8a

Ikasbidea Ikastola, Duran. / Argazkia: IKASBIDEA

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak zortzi gizonezko identifikatu dituzte susmagarri gisa.

Ikasbidea ikastolako zenbait ikaslek sexu erasoak salatu dituzte ikasturte amaierako bidaian, Mediterraneoan egin duten itsas bidaia batean. Biktima diren adingabeen arabera, beste bidaiari batzuek alkohola eta drogak eman zizkieten, eta, konortea galduta, ukituak egin zizkieten. Salaketa hauen ostean, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko.

Orain arte, hamar salaketa ofizial bideratu dituzte Ertzaintza eta Guardia Zibilaren aurrean. Eta dagoeneko zortzi gizonezko identifikatu dituzte susmagarri gisa, 18 eta 39 urte artekoak. Polizia iturrien arabera, gizon horiek ez zuten aldez aurreko harremanik ikasleekin bidaia hasi aurretik. Agintariak ikertzen ari dira gizon horiek substantziaren bat bota ote zuten ikasleen edarietan, eta horretarako ezinbestekoa izango da ospitalean egindako analisi toxikologikoen emaitzak jasotzea.

Adingabeek bidaiaren arduradunei berehala eman zieten erasoen berri, eta horri esker, ustezko egile batzuk itsasontzian bertan identifikatu ahal izan zituzten. Bartzelonan hasi eta amaitu zen itsas bidaia, eta hara iristean biktimak ospitalera eraman zituzten azterketak egiteko. Ikerketarekin jarraitzeko, Ertzaintzak segurtasun kameren irudiak eskatu dizkio itsasontziaren enpresa jabearen arduradunei.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago