Hirugarrenez antolatu dute 'Emakume, zu ere suhiltzaile' campusa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 12a

Iazko campusa Espejon egin zuten. Argazkia: PHOT.OK

Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak eta SUTAUR Emakume Suhiltzaileen Elkarteak antolatu dute campusa, eta interesa duten 18 eta 30 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago.

Emakume Zu Ere Suhiltzaile campusa hirugarrenez antolatu dute Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak eta SUTAUR Emakume Suhiltzaileen Elkarteak, aldundiaren babes ekonomikoarekin. Hiru egunetan zehar egingo dute: uztailaren 3an hasiko da, 16:00etan, eta uztailaren 5ean amaituko da, 20:00etan. Jarduerak Langraiz Okako suhiltzaileen parkeko instalazioetan eginen dituzte animatzen direnek eta herri bereko Menesianoen aterpetxean ostatu hartuko dute.

Campusaren helburua suteen prebentzio eta itzaltzearen eta salbamenduaren mundua emakumeengana hurbiltzea da, eta era berean lanbidearen inguruan dauden estereotipoak haustea eta suhiltzailearen jardueraren inguruko genero rolak eta usteak gainditzea.

Hiru egunetan zehar hainbat jarduera egingo dira Langraiz Okan, hala nola suteak itzaltzeko maniobrak, istripua izan duten pertsonei osasun arreta ematea, entrenamendu fisikoak, dinamikak, talde-jokoak, eta genero estereotipoei buruzko gogoetak. Jarduerak hainbat zerbitzutako emakume suhiltzaile profesionalek (Gasteiz, Nafarroa, Castelló), Osakidetzako osasun langileek, gizarte hezitzaileek eta entrenatzaileek dinamizatuko dituzte.

Campusa doakoa da eta 18 eta 30 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago (1996tik eta 2008ra bitartean jaiotakoak), 30 plaza ditu eta arabarrek lehentasuna izango dute. Beharrezkoa izanez gero, plazak zozketa bidez esleituko dira.

 Izen-emateak ekainaren 7ra arte daude zabalik, eta Suhiltzaileak Araba web orrian dagoen orria betez egin daitezke: https://suhiltzaileak.araba.eus/eu/udalekuak.

Erlazionatuak

Suhiltzaileen harrobia lantzen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025 aza 24 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago