Asier Etxenike

"Erakundeei dagokien hutsune bat betetzen ari gara"

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 10a

Salburua auzoko harrera sareko ordezkarien agerraldia, joan den apirilaren 22an. Argazkia: HARRERA SAREA

Asilo eskaeren blokeoa eta administrazioen arteko koordinazio falta salatu dute Salburua auzoko harrera saretik.

Asilo eskaeren blokeoaren ondorioz, dozenaka pertsona geratu dira babesik gabe Gasteizko kaleetan azken hilabeteotan. Espainiako Poliziaren egoitzaren atarian sortzen diren ilarek agerian utzi dute, alde batetik, administrazioaren baliabide falta, eta, bestetik, herritarren elkartasuna. Salburuko harrera saretik boluntarioek egiten duten lana azaldu du Asier Etxenike kideak. 

Zergatik erabaki zenuten Harrera sarea antolatzea?

Behar batetik sortu zen sarea. Joan den uztailean hasi ginen Zaramaga inguruan jende pilaketak ikusten, eta ostean Salburuan. Polizia Nazionalaren egoitza auzoan dagoenez, asilo bila datozen pertsonek, Maliko herritarrak gehienak, bertan egin behar dituzte lehen urratsak, eta haietako askok kalean ematen dute eguna zein gaua.  Hori ikusita, bizilagun batzuk elkartasunez hurbildu ziren mantak, janaria edota etxeko dutxak eskaintzera. Laguntza pertsonal horretatik, sare batzuk josten joan ziren bizilagunen artean eta hainbat eragileren artean (Salburuko auzo elkartea, Etxebizitza Sindikatua...) eta abenduan hartu zuen taldeak gaur egungo forma.

Zer dela eta halako ilarak Gasteizen?

Faktore ezberdinak daude. Batetik, Frantziak paperak lortzeko baldintzak gogortu ditu. Bestetik, Mali gerra egoeran dago berriro, eta jendeak ihes egiten du. Gainera, Italiak ibilbide naturalagoak zirenak itxi ditu, eta jende asko Kanarietatik sartzen ari da. Europan asiloa eskatzeko baldintza bat da zapaltzen den lehen estatuan eskatzea, eta asko Kanarietatik sartu eta han erregistratu direnez, Espainian egin behar dute. Frantziatik gertu gaudenez, agian horregatik estatuko beste leku batzuetan baino gehiago pilatzen dira hemen.

"Maiatzetik aurrera kalean pertsona gehiago egongo dira, erantzunik ez badago"

Zer pauso eman behar dira asiloa eskatzeko?

Prozesu luzetxoa da. Prozesua hasteko hitzordu bat behar dute Polizia Nazionalaren egoitzan, eta hori da orain trabatuta dagoena. Hitzordu hori orain online eskatu behar dute, baina astero kopuru zehatz bat banatzen dute. Momentu honetan, hogei bat dira astean, eta horiek baino eskari gehiago daude Araban. Eta, noski, ez dira bakarrik malitarrak, beste herrialde batzuetakoak ere badaude... Horientzat guztientzat hogei baino ez. Ez da nahikoa, ezta gutxiagorik ere. Hor sortzen da lehenengo enbutu efektua;  egunak eta asteak hitzordu hori hartu arte. Bitartean ez daukate eskubiderik ezertarako. Hitzordu hori hartzen dutenean, gutxieneko aukera bat daukate bestelako errekurtso sozialetarako; baina bitarte horretan ez dira administratiboki inon agertzen.

Online sistemak ez ditu kaleko ilarak arindu?

Esango nuke ezetz. Ez dakigu ahoz ahokoagatik den, baina bertan jarraitzen dute kontzentratzen. Elkar topagune bat da beraientzat, informazioa trukatzeko modu bat, agian. Nahiz eta otsailetik fisikoki hitzordurik ez eman, bertan jarraitzen dute.

Laguntza eskaintzen diezue hitzordua eskatzeko?

Bai. Poliziaren webgunea gaztelaniaz dago, eta haietako askok ez dakite hizkuntza, edota ez dakite irakurtzen. Saiatzen gara Zehar-Errefuxiatuekin harremanetan jartzen eta aholkularitza bideratzen, baina lehen harreman hori gure saretik egiten da.

Asier Etxenike, Salburua auzoko harrera sareko kidea. Argazkia: A. AMENABAR / ALEA

Migratzaileak erregularizatzeko ezohiko prozesua lagungarria al da?

Guk dakigunez, eta gu ez gara adituak, malitarren kasuan ez die merezi tramite horretan sartzea. Batetik, haietako askok ezin dutelako frogatu hemen sei hilabete baino gehiago daramatela. Eta, bestetik, asiloaren bidetik ia bermatuta daukatelako bi urteren bueltan baimena lortzea. Nolabait berme gehiago dauzkate asilo eskaera horretatik jota, beste bidetik baino. Eta, oker ez banaiz, bietako bat hautatu behar dute.

Azken asteetan zenbat lagun izan dira hitzorduaren zain?

Oso gorabeheratsua da. Duela bi aste jaisten hasi zen, hogeita hamar bat inguru geunden, eta aste honetan bertan berriz igotzen hasi da, eta bikoiztu egin da berriro ere. Azken egunetan 60tik gora egon dira guk eskainitako lo lekuetan eta, beste hamar bat  kalean, lekurik ez zegoelako.

Non egiten dute lo?

Auzo elkartean eta bi parrokiatan.  Parrokiako aretoak guk kudeatu ditugu urte hasieratik, baina hilabete honetan itxi egingo dituzte, eta loleku horiek gabe geratuko gara. Emergentziarako utzi zizkiguten neguko tenperaturengatik, baina maiatzetik aurrera kalean pertsona gehiago egongo dira, Gasteizko Udalak erantzunik ematen ez badu.

Nolako laguntza eskaintzen die sareak?

Momentu honetan lan gehien egunerokoak ematen du; lo lekuak kudeatzea eta pertsona hauek horietara bideratzea, bai arratsalde gaueko txandetan, bai gero goizean goiz nolabait ziurtatzeko horiek uzten direla eta txukun uzten direla. Zaramagako dutxak erabiltzeko txandak egitea, erosketak eta janaria bideratzea —sukaldatu beraiek egiten duten arren— eta puntualki medikuetara laguntzea; azkenean, hainbeste jenderekin eta egun osoan kalean, beti dago zeozer... Aurreko astean, esate baterako, bi emakume agertu ziren, eta horrek ere bereziago bihurtzen du kudeaketa hau guztia, lo lekuetarako eta beste. Egunero zereginen bat dago, eta antolatuta dagoenaz gain, momentuko erantzuna emateko ere sare horretan hainbeste jende egotea ondo dator eta beharrezkoa da gainera.

Erakundeen aldetik jaso duzue erantzunik?

Guk hutsune bat betetzen dugu, baina ez gara profesionalak. Lehenengo harrera bat ematen diegu, baina erakunde publikoek eman behar dute erantzun hori. Esaten digute lanean ari direla, baina uztailaz geroztik kalean ikusten dugun egoera ez da aldatu; beraz, erantzun horiek ez dira nahikoak. Koordinazioa falta da Udala, Jaurlaritza eta Gobernu Ordezkaritzaren artean. Besteak beste, ez dugu ulertzen zergatik dagoen hitzorduen muga hori, are gehiago online eskatzen direnetik; noski, gero horiek kudeatzeko errekurtsoak behar dira, baina ez dugu ulertzen hitzordua bera muga izatea eta arazo hau sortzea.

Nola lagundu dezakete herritarrek?

Zeregin ezberdinak daude: txandetan lagundu, itzulpen zerbitzuak lortu, medikutara lagundu... Edozein laguntza ongi etorria da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago