Ama esnea da haur jaioberriei eman dakiekeen elikadurarik onena, baina maiz ezinezkoa dute hainbatek haur txikiari bularra ematea. Orduan beste ama baten donazioa behar dute haur goiztiarrek aurrera egiteko. "Garrantzitsua da amek bularra eman ezin dieten jaioberriei giza esnearen bidezko elikadura bermatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak esan duenez, amaren esnerik ez dagoenean, beste ama baten esnea da bigarren aukera onena", azaldu du Maria Villaverde Osakidetzako Ama Esnearen Euskal Bankuko arduradunak.

Arabako emaileen hautaketa Txagorritxun egiten dute, jaioberrien unitatean. Basurto, Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxuko ospitaleetan jasotzen dute amek etxean atera eta izoztuta eramaten duten esnea, eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan zentralizatuta dagoen esne bankura bidaltzen dute.
Emaileek momentu desberdinetan jaso duten esnea iristen denean pool bat egiten dute, nahastu egiten dute, eta gero 130 edo 50 mililitroko biberoiak prestatzen dituzte. Halaber, esne hori pasteurizatu egiten dute birusak eta bakterioak ezabatzeko, eta pasteurizatu ondoren nutrizio kalitatea aztertzen da, proteina, koipe eta laktosaren kantitateak zenbatzen dira hain zuzen. Ondoren, 80 graduz azpiko tenperaturan gordetzen dute ama esnea, askoz jota urtebetez.
"Inoiz ez dugu eskasiarik izan, oso harrera ona dugu"
Iaz, 96 emaileren donazioak jaso zituzten Ama Esnearen Euskal Bankuan. Hamazortzi ama arabarrek eman zuten esnea. Heroiak. Ez baita prozesu samurra. Neketsua da, zaila, eta batzuetan mingarria ere bai. Amek beren etxeetan atera behar dute esnea protokolo zurrun bat jarraituz. Baldintza oso zehatzetan, produktua baldintza onenetan zaintzeko, eta ondoren, norberak eraman behar du jasotakoa esne bankua duen ospitalera.
"Esnea ematea erraza da eta, aldi berean, ez da erraza. Guk amari ematen diogu donaziorako behar duen material guztia. Ez dugu gutxieneko bolumen bat finkatzen, ezta ordutegi bat ere, hau da, amak aukeratzen du noiz ateratzen duen esnea, baina egia da, sei hilabete arteko haurra baduzu, ez dela erraza", aitortu du Villaverdek.
Izan ere, ezin da ahaztu guztia dohainik, borondatez eta eskuzabaltasunez egiten dutela emakumeok, eta une horretan ama direla, oso haur txikiak dituztela etengabeko zaintzaren beharrean daudenak. Sarritan lanean ari dira aldi berean eta, beraz, eguneroko jardueran ez dute denbora librerik eta aisialdirik. Ama batzuek behin bakarrik ematen dute esnea, eta asko da. "Lehen umearekin esne emaileak izan diren emakumeak ditugu, ia bankua ireki genuenean, eta batzuek bigarren aldiz eman dute".
Emaile bakoitzak litro bat eta hiru litro artean ematen du batez beste. Alta, badira zorioneko salbuespenak. Galdakaoko esnearen bankuko arduradunak gogoratu du nola ama emaile batek 50 litro eman zituen. "Urte erdian 50 emailek ematen dutena eman zuen. Berarekin hitz egin nuenean kontuak egin genituen zenbat umeri lagundu zien… Emakume batzuek esne gehiago dute, eta errazagoa egiten zaie, baina, tira, egia da denek esaten digutela zein ona den berea bezalako beste haurtxo bati laguntzen ari direla pentsatzea".
Villaverdek azaldu duenez, emaginek eta erizain espezializatuek egiten dute hautaketa ospitaleetako jaioberrien unitateetan. Emakume osasuntsuak izan behar dira, eta bizimodu osasungarria izan behar dute. Haurtxoei bularra ematen dieten amen populazio jakin horretan ia ehuneko ehunean betetzen dira baldintzak, eta, gero, sei hilabetetik beherako haurtxoak izan behar dituzte. "Erditze dataren 2-3 astetik haurtxoaren sei hilabetera arte eman dezakete esnea, betiere bere haurrari emateko adina esne baldin badute, eta emateko soberan".
Gaitzak saihesteko "botika"
Esnearen hartzaileak 37. astetik behera jaiotzen diren ume goiztiarrak dira, amek edozein arrazoi dela eta ezin dutelako une horretan bularra eman. Jaioberri zaurgarrientzat eta beraientzat bakarrik da emandako esnea: "Zerbitzua ez dago pentsatuta kanpora esportatzeko. Azkenean, produktu biologikoa da, eta zaindu egin behar da. Biztanleria jakin batentzat da, ez da supermerkatu bat", argitu du Villaverdek.
Haurtxo txikien bizitza eta etorkizuneko bizi kalitatea zuzenean lotuta daude eurenak ez diren beste ama batzuen esnearekin. Villaverderen arabera, ama esnea ematearen onura nagusia da haurrek garatu ahal duten hesteetako gaixotasun bat izateko arriskua saihestea. "Heste heldugabea dute, eta badakigu, ebidentzia zientifikoa dago, formulako esneek hestea kaltetzen dietela eta gaixotasun hori eragin diezaieketela. Ume goiztiarrei dagokien gaixotasuna da, eta, gainera, hilgarria izan daiteke. Amaren esnea askoz hobea da gaixotasun hori prebenitzeko, pasteurizatzen dugunean hainbat propietate galtzen dituen arren. Ama esneak onura asko ditu, baina onura nagusia gaixotasun hori prebenitzea da", zehaztu du bankuko arduradunak.
"Esponentzialki igo dira esnea jasotzen duten umeak"
Gainera, ama esneari esker, umea zunda bidez elikatu behar duten egunak gutxitu egiten dira, ospitaleratze egunak murriztu egiten dira, eta haurtxoaren gaitasun immunologikoa handitu egiten da.
Villaverdek ALEAri azaldu dionez, emaile batena baino gehiagorena da jaioberriek jasotzen duten esnea, lote desberdinetatik hartzen dutelako. Bakoitzak konposizio bat izango du, adibidez, nutrizionala. Batzuek proteina gehiago dute, proteina gutxiago, koipe gehiago… Biologoaren esanetan, onuragarria da nahastea emaile desberdinen esnea, ama bakoitzak konposizio immunologiko desberdina duelako, adibidez.
"Onuragarriena beti da amaren esnea, haurra elikatzeko prestatuta dagoelako, baina, tira, nahasketa horrek pixka bat irekitzen dio aukera globulina desberdinak, proteina desberdinak, koipe kantitate desberdinak jasotzeari".

Esnearen euskal bankua 2017an zabaldu zutenetik, ehunka dira aurrera atera dituzten haur txikiak, eta zerbitzua behar dutenen zifra gora doa. Haur goiztiarren kopurua %10ekoa da erkidegoan, eta esnea bankutik jasotzeko hautagaiak %0,3 dira. "Hasi ginenetik, bankuko esnea hartzen duten haurtxoen kopurua esponentzialki igotzen joan da, eta iaz 184 umek jaso zuten", zehaztu du Villaverdek. Azaldu duenez, hazkunde horren arrazoiak anitzak dira. Batetik, pediatrek ama esnea agintzeko joera handiagoa dutela gaur egun; bestetik emakumeak gero eta adinez nagusiagoak direnean izaten dituztela umeak; eta halaber, laguntza bidezko ugalketa tratamendu gehiago ere badaudela, eta horiek goiztiartasunarekin lotuta daude.
Eskaerak gora egin arren, eskasiarik ez dago Osakidetzako bankuan, eta ez dituzte emaile asko behar urtean. Halere, behar izan dituztenean berehala lortu dituzte. "Zorionez, oso harrera ona izan dugu beti. Inoiz ez dugu eskasiarik izan, inoiz ez gara esnea ospitaleetara bidali gabe geratu. Emaile gutxiago izan ditugunean, emaginek, edoskitze tailerretan, elkarteetan, berehala egiten dituzte kanpainak, eta oso erantzun ona izan dugu".
Prestutasuna eskertzeko egun bat
Ama Esnea Emateko Mundu Eguna ospatuko da maiatzaren 19an. Esnea ematen edo eman duten amei beren eskuzabaltasuna eskertzea da helburua; izan ere, emakumeekin –eta kasu honetan amekin– eta haien ekintzekin, erabakiekin edo aukerekin zerikusia duten beste hainbat gauza bezala, giza esnea ematea gutxietsi egin da duela gutxira arte, beste donazio mota batzuekin alderatuta (organoak, odola, plasma). Era berean, giza esnearen donazioak jaioberri gaixo eta goiztiarrentzat dituen onurak zabaltzeko baliatzen da eguna.
Hain zuzen, 2005ean, Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan esne bankuen munduko sare bat sortzeko lehendabiziko akordioa sinatu zuten Brasilen. Guztira, 13 herrialdek eta nazioarteko erakundek bat egin zuten hitzarmenarekin. Maiatzaren 19an sinatu zen, eta horregatik aukeratu zen egun hori munduko eguna ospatzeko.