Astebete barru abiatuko da Eusfera, guraso eta haurrei zuzendutako erronka

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 29a

Fabio Perez, Uxue Izko eta Jon Txarroalde, Eusferaren aurkezpenean. Argazkia; TAUPA

Maiatzaren 7tik 17ra bitartean izango da ekinaldia, Euskal Herriko ehun herri ingurutan.

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera ekimenaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur Bilbon. Egitasmoa maiatzaren 7tik 17ra bitartean izango da, Euskal Herriko ehun herri ingurutan, eta helburu nagusia 12 urte bitarteko haurren testuinguru linguistikoan eragitea da. "Gurasoen gizarte aktibazioa bilatzen du proiektuak, haurren egunerokoan, eta bereziki eskolatik kanpoko aisialdian, euskararen presentzia sendotzeko", azaldu dute sustatzaileek.

Ekimenak bi bide nagusi proposatzen ditu familientzat. Alde batetik, etxean egiteko "misioak" egongo dira, haurren unibertsoa osatzen duten zortzi planetatan (ipuinak, pantailak, sormena...) banatuta eta webguneko galdetegi baten bidez egokituko dena. Bestetik, "Euspazioak" sortuko dira herriz herri, familia artean euskaraz gozatzeko eta hizkuntza ohiturak modu dibertigarrian lantzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, kezka handia dago erderek haurren munduan duten eraginaren inguruan, eta ekimen honek tresna praktikoak eman nahi dizkie familiei joera horri aurre egiteko eta etxean zein kalean urrats berriak emateko.

Aurkezpenean parte hartu duten eragile eta gurasoek komunitatearen rola nabarmendu dute: euskararen erabilera sustatzea ez da soilik eskolen lana, gizarte osoarena baizik. "Eusferak ez du 'soluzio magikorik' agintzen, baina kontzientzia pizteko eta gurasoak eredugarri izan daitezen aktibatzeko tresna eraginkorra da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago