Argantzongo eta Trebiñuko Konderriko udalek Eusfera ekimena martxan jarriko dute eskualdean, Taupa euskaltzaleen mugimenduaren babesarekin. Euskaraz jakin ala ez, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei –edo guraso rola betetzen duten helduei– dago zuzendua asmoa. Haurren inguru euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guzti-guztientzat da, beraz.
"Gurasoekin elkarlanean, gure etxeko haur eta gaztetxoen atmosferan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea da helburua", azaldu du Trebiññuko Euskara Zerbitzuak. Horretarako, baliabide eta tresna ezberdin eta askotarikoak eskainiko dituzte eta euskaraz gozatzeko familientzako elkarguneak sortuko dira. "Norabide horretan jada pausoak ema(te)n dituzten familiei baliabide, bide eta euskarazko espazio berriak eskainiko dizkiegu eta horretan hasi nahi duten familiei, berriz, abiapuntua".
Hortaz, maiatzaren 7tik 17ra Euskal Herri osoan batera hainbat eta hainbat ekintza antolatzea proposatzen da. Eusferak proposatzen duen markoan eta haurren hizkuntza unibertsoa euskaldunagoa bilakatuz, hamaika Euspazio sortuko ditugu Euskal Herri osoan zehar.