Gasteizko Udaleko erretreta nobedadeekin dator aurten. Izan ere, Udal Folklore Eskolari elkarte gastronomikoak batuko zaizkio lehendabiziko aldiz; kalejiran iritsiko dira Plaza Berriraino, eta bertan, bi abesti joko dituzte lehen erretreta deiaren ondoren eta Leire Betolaza zuzendaritzapean. Ohi denez, udaleko erretreta 20:00etan entzungo da; bost dei izango dira, bat hamabost minuturo, festara deituz.
Gainera, Luis Aranburu Udal Folklore Eskolak hartuko du lekukoa, eta, Indarra dantza taldeak lagunduta, musika eta dantza emanaldien programarekin jarraituko dute. Bigarren berritasuna udaletxeko balkoian izango da; izan ere festarako deia egiten atabalari jotzaileak, lehen aldiz, emakumezkoak izango dira.
Jarraian, 21:00ak eta 22:00ak bitartean, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetariek eta atabalariek erretreta joko dute Probintzia Plazan, eta tronpeta dei tradizionalen tarteetan hainbat proposamen artistiko egongo dira, A Contra Blues, Kanta Berri Abesbatzaren, Mala Brigoren eta Artea Antzerki Musikal taldeenak.
Egun handia
Gaurko danbor hotsen ostean, bihar ospatuko dute jai nagusia Gasteizen eta Armentian, tradizioa eta aisialdia uztartzen dituen egitarau zabal batekin. Eguna goizeko bederatzietan hasiko da Probintzia Plazan, ohiko Zortzikoarekin, eta eguerdian Biznietos de Celedon taldearen danborradak jai giroa zabalduko du hiriko erdigunean eta Alde Zaharrean zehar.
Arratsaldean, haurrak izango dira protagonista nagusiak hiriburuan. 17:30ean haur danborrada hasiko da, eta ondoren, Diskofamily ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute familiek Probintzia Plazan. Ekimen hauen bidez, belaunaldi berriek jaietan parte hartzea eta tradizioari jarraipena ematea bermatu nahi dute.
Armentiako zelaietan, berriz, herri giroko jarduerak egingo dira egun osoan zehar: meza eta ohorezko aurreskuaren ostean, euskal dantzak, puzgarriak eta herri kirolak egongo dira. Eguna amaitzeko, musika eskaintza anitza izango da, Txapela Brava taldearen rantxerekin eta, aurtengo berrikuntza gisa, Aldaia Larrein taldearen rock alternatiboarekin, jaiari amaiera emateko.