San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak ate joka daude dagoeneko. Joan den astean egin zuen programaren aurkezpenean, Ana del Val Kultura diputatuak nabarmendu zuenez, "topagune" eta "espazio partekatua" izateaz gain, jaiak "elkarrekin bizitzeko, gozatzeko eta Arabaren parte sentitzeko dugun modua" ere badira. Diputatuaren arabera, "belaunaldi artekoak eta publiko guztientzat pentsatutakoak" dira. Tradizioaren eta eboluzioaren arteko oreka baten alde lerrokatu da foru diputatua.
Antonio Altarriba idazle eta komiki gidoigileak emango du pregoia
Erretreta, danborrada edo Armentiako eguna arabarren nortasunaren "adierazpen paregabeak" direla aldarrikatu du Del Valek. Baina, "tradizio horiek zaintzeko lan egiten" ere, horiek "aberasteko beharra" eraman du mahai gainera.
Jaien hasiera instituzionala apirilaren 24an izango da, Antonio Altarriba idazle eta komiki gidoigile gasteiztarrak Probintzia plazan emango duen pregoiarekin. Besteak beste, Espainiako Komiki Sari Nazionala jaso zuen kulturgileak, El arte de volar izeneko nobela grafikoan —aitaren bizitzatik bertatik abiatuta—, gerraosteko egoeraz egin zuen erretratu gordinagatik. Ekitaldi horretan, Josune Velez de Mendizabal arituko da aurkezle.
Gastronomia, erdigunean
Ondorengo larunbatean, hilaren 25ean, ohiko gastronomia lehiaketak eta dantzak izango dira plaza berean, bai eta Arabako Fanfarre Eguna ere. Gauean, A Contra Blues taldeak bi hamarkadako ibilbidea birpasako du. Zuzenekoa baita, hain zuzen, taldearen "esentzia nagusia".
Arka plazako Euskal Gune izenekoan igande gauetik aurrera egongo dira ekitaldiak. Muxutruk taldeak emango dituen kontzertuetan euskarazko abesti ezagunak kantatuko dituzte. Ahotsa, panderoa, trikitia, gitarra elektrikoa, teklatua eta bateria erabiltzen dituen talde bat dela iragarri du aldundiak, "erromeria" kutsuko berbena batean.
Musika eta festa
San Prudentzio aurreko egunean ohiko danborrada egingo dute arratsean. A Contra Bluesekin batera, oraingoan, Kantaberri abesbatza, Malabrigo eta Artea antzerkia arituko dira deialdi batetik bestera, eta, ondore, su artifizialak botako dituzte.
Ohi bezala, apirilaren 28ko egun handian, ekitaldiak egongo dira bai hiri erdian zein Armentian. San Prudentzioren zortzikoa eta danborradak tartekatuko dira erdigunean. Armentiaren kasuan, agintariei egindako harrera, prozesioa eta mezaz gain, arratsaldean Txapela Brava taldea arituko da kantari. "Euskal arima duen rantxera eta corridoen talde bat" dela azaldu du aldundiak. Behin gaua sartuta, Aldaia Larrein taldea ariko da. Asteazken eta ostegunean ere egongo da musika proposamenik, bai eta zirku garaikidea ere. Azkenik, maiatzaren 1ean, Estibalizko erromeria egingo dute, eta Desagrabioen lehen azokaren 50. urteurrena ospatuko dute ere egun horretan.