Elena Odriozola (Donostia, 1967) ez da foku zalea. Munduko ilustratzaile onenen artean egon arren, nahiago du Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) isiltasunean lan egin, paper artean eta arkatza eskuan duela. Gasteizko Liburu Egunetan jaso duen Zabaliburu sariaren aitzakian, bere egunerokoan etena egin du, eta lan prozesuaren mekanismoak eta ofizioaren egungo erronkak aztertu ditu ALEArekin.
Nolakoa da ilustratzaile baten egunerokoa?
Nire kasuan, ez daukat errutina finkorik, egia esan. Gogoaren eta aldartearen arabera lan egiten dut, batez ere. Eta ez da gogo kontua bakarrik; askotan lanean jartzen zara eta ez da ezer ateratzen. Goizetan paseo bat ematea gustatzen zait, gosaldu, eta gero hasten naiz. Goizak nahiago ditut ekintzarako: marraztu, pintatu... hainbeste pentsatu behar ez den hori egiteko. Arratsaldeetan, berriz, pentsatzea, bozetoak egitea eta nola bideratu erabakitzea errazagoa egiten zait. Goizeko zereginak eta arratsaldekoak nahiko banatuta dauzkat. Gaur, adibidez, zertxobait marraztu dut goizean. Nire argitaletxeko –Ediciones Modernas el Embudo– liburu batekin nabil...
Papera eta arkatza dira protagonista lanean?
Bai, beti. Orain kolorezko arkatzekin nabil, baina akrilikoak ere erabiltzen ditut... Ordenagailua ere beharrezkoa dut irudiak eskaneatu, garbitu eta maketatzeko, baina marrazkia bera beti eskuz egiten dut.
Zein da lan prozesu horretan gehien disfrutatzen duzun unea?
Lanaren arabera aldatzen da. Batzuetan, zer egingo dudan erabakitzen dudan une hori da onena; ikustea buruan duzun hori paperera ondo pasatzen ari dela. Horrekin disfrutatzen dut gehien.
"Zuregana eraman behar duzu testua, zure interpretazio propioa eman"
Urteekin sorkuntza prozesu hori errazagoa ala zailagoa al da?
Zailagoa ez, baina aldatu egin naiz. Orain dela hogei urte baino gutxiago marrazten dut orain. Orain, kontatzeko zerbait argi ez badut, nahiago dut ez ilustratu. Ezinbestekoa da zer konta izatea. Lehen, zer kontatu ez izan arren, ondo pasako nuelako hartzen nituen lanak. Garai batean egin nituen liburu asko orain ez nituzke egingo, baina une hartan egin behar nuena ziren, eta listo.
Zer da horietatik gustatzen ez zaizuna?
Estetika, mezua... dena. Nire buruarekin oso kritikoa naiz. Lan bat gustatzen zaidala sentitzen dut urteak pasata ere oraindik niretzat balio duela ikusten dudanean; igual desberdin egingo nuke atal hau edo beste hori, baina balio dit. Gustatuko litzaidake egiten dudan guztia gustatzea, denbora pasata ere, baina oso zaila da hori.
Zabaliburu moduko sariak badira atzera begiratzeko momentua.
Bai, eta oso eskertuta nago aitortzagatik. Baina, egia esan, ez naiz gehiegi atzera begiratzekoa. Nire liburu bat argitaratzen dutenerako, ni beste zerbaitetan ari naiz, ez nago horretan. Ez dut asko begiratzen, eta ez diot buelta gehiegi ematen. Gustora ikusten ditut beste ilustratzaile batzuen bildumak eta erakusketak hasierako marrazkiekin, baina niri ez litzaidake gustatuko nirea egitea.
Elkarrizketa askotan nabarmendu duzu marrazkiaren atzeko mezua. Garrantzia berezia ematen diozu?
Mezua baino gehiago, zu zeu izatea da garrantzitsuena. Zer daukat nik testu honekin kontatzeko? Ez badut ezer kontatzeko ez dut egingo. Baina horrek ez du esan nahi testua ona ez denik. Askotan badira asko gustatu zaizkizun testuak, baina zuk kontatzeko aproposak ez direnak. Zuregana eraman behar duzu testua, zure interpretazio propioa eman. Hori da nire lana: erabaki zer kontatu eta horretarako teknika edo modu egokiena bilatu.
'Frankenstein' liburuarekin, adibidez, prozesu berezia izan zenuen...
Bai, hasieran bide bat hartu nuen, marrazki bat egin nuen, gustatzen zitzaidana, baina berehala konturatu nintzen ez zihoala ondo. Gustavo Puerta nire kidearekin hitz egin nuen, eta berak paperezko antzerki baten ideia eman zidan. Bat-batean dena argitu zen. Askotan, kanpoko begirada bat behar duzu, oso sartuta zaudenean. Oso ondo pasatu nuen liburu horrekin, eta hori da inportanteena; gero jendeari gustatu ala ez beste gauza bat da. Lehenengo aldia izan zen paperezko antzerkia egiten nuena, eta ez dut berriz egin halakorik, baina disfrutatu nuen.
Bada ilustratu ezin daitekeenik edo oso zaila denik?
Bada, bai. Edonork ezin du dena ilustratu, eta uste dut, gainera, dena ez dela ilustratu behar. Zaila baino gehiago, zuk ez duzu ikusten, badakizu hori ez dela zuretzako. Gertatu izan da, halere, gogo handiarekin hasi eta nekez egitea...
Ingalaterrako argitaletxe batekin esperientzia zaila izan zenuen, ezta?
Dena oso neurtuta zegoen. Bozetoak urtebete lehenago entregatu behar ziren, koloreak zehaztuta... Nik ezin dut horrela lan egin. Sei hilabetera agian ez dut modu berean marraztu nahi, batek daki. Bost liburu egin nituen eta utzi egin nuen. Gaizki sentitzen nintzen; ondo ordaintzen zuten, baina ez nengoen gustora egindakoarekin.
Geroztik, besteak beste, Ediciones Modernas El Embudo zure argitaletxearekin jarraitzen duzu?
Bai, zazpi urte daramagu Gustavo Puertak eta biok, eta horretan jarraitzen dugu. Oso argitaletxe txikia da, eta proiektuak oso mantso doaz, baina gustatzen zaiguna egiten dugu. Joan den urtean, esate baterako, ez genuen libururik atera; agortuta zegoen Arrautza berreskuratu genuen. Badaude liburu batzuk denbora asko behar dutenak, oso zaila da, eta horregatik batzuetan eten egin behar izaten dut eskaintzen dizkidaten beste enkargu batzuk egiteko, bestela ezinezkoa da; bizi behar da, eta kobratu behar da. Zaila da halako proiektu bat aurrera ateratzea, baina oso pozik gaude orain arte atera ditugun liburuekin.
"Barruan egotea gustatuko litzaidakeen mundu bat sortzen dute gustuko autoreek"
Hainbat sari jaso dituzu, besteak beste, bi aldiz Euskadi Literatura Saria ilustrazioan, Espainiako Ilustrazioaren Sari Nazionala, Bratislavako Grand Prix-a... Lanean jarraitzeko pizgarriak dira?
Espainiako saria jaso nuenean momentu ekonomiko txarrean harrapatu ninduen eta lagungarria izan zen. Baina bitxia da, badirudi saria ematen dizutenean eskaintzak areagotuko direla, eta, nire kasuan, lehorte bat izan zen denbora batez. Baina bai, orain pentsatuta, halako saririk gabe ez dakit nola egingo nuen aurrera, balio izan zaizkit alokairua ordaintzeko eta bizitzeko; horiek gabe ez dakit, ziurrenik beste moduren bat bilatuko nuen...
Eta, era berean, presio handiagoa sariekin?
Bai eta ez. Badirudi sari nazionala ematen dizutela eta zure ibilbidea saritzen dutela. Eta nik 47 urte nituen! Jubilatu nahi naute? Nik beti egin nahi dut hurrengoa aurrekoa baino hobea, halakoa da nire izaera, pizgarri bat da niretzat. Marraztu bai, baina pizgarri horrekin, hobetzeko asmoarekin. Eta exijentzia hori banuen saririk gabe ere, nahiz eta sariek hori areagotu. Zer egiten dut esku artean dudan honekin? Hori da gehien gustatzen zaidana testu baten aurrean. Erronka hori ez badut, ez dut marrazten. Badago jendea egunero edozein momentutan marrazten duena, bere libretatxoarekin batera eta bestera doana, eta inbidia ematen dit, baina niri ez zait ateratzen, ez dut behar hori. Erronka behar dut mugitzeko.
Publizitate agentzia batean hasi zinen. Baina argi zenuen marrazkietara dedikatu behar zenuela orduan?
Nik uste beti jakin izan dudala. Argi nuen zer egin nahi nuen, marraztu, baina argi neukan ere ez nuela orduko lana utziko; lana uztea aldaketa hori behartzeko modu bat izango zen, eta ez nuen hori nahi. Orduan, publizitate agentzia batetik beste batera pasa nintzen, esperientzia handikoa hau ere, eta hilabete batzuetara itxi zuten. Eta orduan bai, momentua zen.

Teknologia berriekin nola moldatzen zara?
Lehen, marrazki originalak inprimategira bidaltzen nituen eta han eskaneatzen zituzten, baina emaitza ez zen beti ona izaten. Orain, prozesu hori nik neuk egiten dut: denbora asko eskatzen duen lana da, eta aurrekontuetan nekez kobratzen da, baina gustatzen zait emaitza ikustea. Lan digitala gustukoa dut eta gure argitaletxeko liburuak guk maketatzen ditugu, baina irudiak sortzeko orduan gauzak ez dira aldatu, eskuz jarraitzen dut.
Adimen artifiziala nola bizi duzu ofizioan?
Adimen artifizialak ez nau kezkatzen, momentuz. Ez naiz chatgpt edo bestelakoetan sartu, eta gogorik ere ez daukat. Momentuz ez dago nire buruan. Dena den, marrazki bat estetika baino askoz ere gehiago da; eta agian estetika bat kopiatu dezake adimen artifizialak, baina nire interpretazioa ez. Eta estetika bera ere aldatzen doa, nik beti ez dut gauza bera egiten. Oraingoz ez diot beldurrik, eta agian kezkatuta egon beharko nuke, baina oraingoz ez.
Animazioan aritzea gustatuko litzaizuke?
Ez. Duela urte pila bat egin nuen zerbait, baina ez naiz ona horretan, eta ez zait interesatzen. Gauza zoragarriak egingo dira, seguru, baina egiten diren asko ez zaizkit gustatzen.
Baduzu gogoko ilustratzailerik?
Asko ditut, baina gehienetan atzera jotzen dut: Nathalie Paraine, Jean Jacques Sempe, Wolf Erlbruch edo E. H. Shepard. Niri barruan egotea gustatuko litzaidakeen mundu bat sortzen dute autore hauek, hori lortzen dute, beraien marrazkiak gustatzeaz gainera. Hori da zailena, nire ustez, marrazki horietan babesleku bat sentitzea. Badaude oso marrazki ederrak egiten dituzten ilustratzaileak, baina ez dute hori lortzen, eta, egia esan, ez dakit zein den aldea, ez dakit nola lortzen den hori.
Zure marrazkietan ere barneratuko zinateke, ezta?
Ez dakit [barrez]. Gustatuko litzaidake norbaitek hori sentitzea, marrazkietan babeslekua duela, baina oso zaila da. Nik askotan jotzen dut nire etxea egitera marrazkietan, eta, hain justu, etxea ageri den liburu horiek dira gehiago maite ditudanak. Zerbaitengatik izango da.