Salhaketa eta Katearen Lotura elkarteek espetxe sistemaren "egiturazko krisia" salatu dute, duela astebete Zaballako espetxean hilik agertu zen lagunaren harira. Andre Maria Zuriaren plazan goizean eginiko elkarretaratzean, nabarmendu dute azkenaldian hiru preso hil direla Hego Euskal Herriko kartzeletan, eta kasu horietan guztietan patologia duala izan dela faktore komun nagusia: buru osasuneko arazoak eta adikzioak.
Elkarteek ohartarazi dute kartzeletan ez dagoela baliabide terapeutiko nahikorik profil kliniko konplexu horiei erantzuteko. Salatu dutenez, tratamenduak espetxe barruan eteteak "bazterketa eta deskonpentsazio arriskuak areagotzen" ditu, askotan suizidio arriskura edo autolesioetara eramanez.
Egoera honen aurrean, Arartekoari eskatu diote gertakariak sakon ikertzeko eta arreta integrala bermatuko duten neurriak sustatzeko. Azpimarratu dutenez, hauek ez dira kasu isolatuak, "egiturazko problematika baten sintomak" baizik. Elkarteen ustez, heriotza hauek ekiditeko bide bakarra baliabide espezifikoak sortzea eta osasun, gizarte eta espetxe arloen arteko lankidetza hobetzea da.