Preso bat hilda aurkitu dute Zaballako espetxean

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 11

Duela bi hilabete beste lagun bat hil zen Zaballan. Argazkia: IREKIA

Aurten Arabako espetxean hildako bigarren pertsona da.

Gaur goizean preso baten gorpua aurkitu dute Zaballako espetxean, goizeko kontaketa egiten ari ziren unean. NAIZ hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Jaurlaritzako Justizia Sailak baieztatu du heriotza, egunkari horrek jasotako informazioen ondoren. Lehen miaketen arabera, gorpuak ez du indarkeria zeinurik erakusten, baina datozen orduetan autopsia egin beharko diote heriotzaren zergatiak argitzeko.

Gaurkoa urte hasieratik Arabako espetxean gertatzen den bigarren heriotza da. Joan den otsailean, Salhaketak 35 urteko preso baten heriotzaren berri eman zuen kartzela berean. Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena bere gain hartu zuenetik, hamaika dira guztira EAEko kartzeletan bizia galdu duten pertsonak.

Egoera honen aurrean, Salhaketa elkarteak espetxeetako osasun asistentziaren gabeziak salatu ditu. Elkartearen ustez, kartzeletako arreta medikoa "eskasa, azalekoa eta berantiarra" da, eta sarbidea oso konplexua dela gaineratu du. Bereziki kezkagarritzat jo dute osasun fisiko zein mentalari ematen zaion erantzuna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago