Zigor Olabarria

"Kezkagarria da ezkerretik datozela helegite euskarafoboak"

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 20a

Zigor Olabarria Oleaga kazetaria aritu da ikerketa taldean. Irudia: Argia

Oldarraldi judizialaren atzean dauden diskurtsoak eta izen-abizenak plazaratu ditu Argiak, euskara eskakizunez egindako ikerketan.

Lanpostu publikoetarako euskara eskakizunen aurkako helegite uholdea ulertzeko heldulekuak eman ditu Argiak azken ikerketan, euskarafobia zabaltzen ari diren talde antolatuak salatuz. Zigor Olabarria Oleaga (Gasteiz, 1977) ibili da ikerketa taldean.

Errenteriako lan eskaintza bati buruzko informazioa argitaratu zenuten lehenik.

Errenteriako Udalak lan eskaintza publiko bat etetea erabaki zuen, herritar batek helegite bat aurkeztu zuelako. Argitara eman genuena, eta gure ustez frogatua geratu zena, da horren atzean talde antolatu bat zegoela. Guk sabotaje deitu genion. Helegitea aurkeztu zuen pertsona Osakidetzako Unidas por la Igualdad Linguistica (UIL) plataformako kidea zen, eta plaza finkoa zeukan Osakidetzan. Hau da, ez zuen inongo interesik lanpostuan. Eta, batez ere, saiatu zirela pertsona gehiago lortzen helegitea aurkezteko. "Ahalik eta jende gehien", beraien hitzetan. Osakidetzako 700 profesional baino gehiagoko whatsapp talde batean gutxienez bidali zuten mezu bat, esanez C1 eskatzen zutela udal administrari izateko, lotsagarria zela... eta ea edonor animatzen zen izena ematera. Propio esanda, batetik, ez zutela azterketara aurkeztu beharrik izango, eta abokatua dohainik zela. Azkenean, mezua bidali zuen pertsonak soilik aurkeztu zuen helegitea.

Bigarren atalean Comisiones Obreraseko kide batzuk eta Euskara Denontzat elkartea lotzen zenituzten auziarekin.

Bai. Guk lortutako audio eta mezuetan frogatu genuen Euskara Denontzat elkartea ari zela guzti hori antolatzen; elkarteak jartzen zuen abokatua. Sabin Zubiri da elkarteko presidentea. Eta titularrean CCOO ere aipatzen genuen, Sabin Zubiri delako, batetik, Euskara Denontzateko presidentea, eta baita ere Comisiones Obreraseko kidea eta militantea ere, eta sindikatuaren erreferentzia nagusia bereziki euskararen alorrean, bereziki administrazio publikoko euskara eskakizunen alorrean. Horrez gain, helegitea jarri zuen pertsonak, Maria Isabel Veirasek, UIL plataformako beste pertsona batengana bideratu gintuen, Maria Teresa Peralesengana, 2024an CCOOren zerrendetan joandakoa hauteskunde sindikaletan. Gainera, Veirasek berak mezu batean esaten zuen "CCOO guzti honen jakinaren gainean dago", eta zalantzak agertu zituen pertsona bati esan zion "beraiek azaldu ahal dizute zertan ari garen Sabin eta ni". Haiek diote pertsona bat joan zitzaiela, lanerako interesa zuena, eta helegitea jarri nahi zuena ez zitzaiolako zuzena iruditzen euskara eskakizuna, baina ez zela ausartzen, beldurra dagoela herri honetan. Ukatu dute egindakoa pertsonak bilatzea zenik; haiei laguntza eskatu zietela, eta beraiek lagundu egin dutela. Hori jaso genuen guk.

Esan duzue kasu gehiago ere egon daitezkeela lotuta.

Bai. Guk lau helegite deigarri atera genituen, abokatu bera zutenak. Helegite gehiago jarri ditu abokatu horrek, baina guk lau atera genituen, datu nahikoa genuen kasuak soilik. Abokatu hori da Errenterian Euskara Denontzat elkarteak dohain eskaini zuen bera, Emilio Jose Aparicio. Lau helegite horietako bi Irkus Larrinaga izeneko nafar herritar batek aurkeztu zituen, Ezker Batuaren Nafarroako zuzendaritzako kide izandako batek, eta beste bat Comisiones Obreraseko liberatu izandako Andoni Basterrak, Euskara Denontzat elkarteko idazkari eta Ezker Anitzako zuzendaritzako kide izandakoak. Euskalgintzaren Kontseiluak azaroan salaketa bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, euskara eskakizunen aurkako 38 helegite aurkeztuz, 800 lanposturi eragiten zietenak; helegite bakoitzeko hogei lanpostu, batez beste. Guk aipatutako beste lau helegiteekin bakarrik 345 lanpostu baldintzatu zituzten. Ezin dugu frogatu, baina ematen du deialdi hautatu batzuk izan direla, eragin handiagoa izateko.

"Neurriak egungo errealitatearen arabera ezartzea tranpa da, betiko minorizatzen da"

Bi proposamen daude orain mahai gainean, EAJrena bata eta EH Bildurena bestea, euskara eskakizunak blindatzeko.

Bai. Enplegu Publikoaren Legean indize famatu hori dago, formula matematiko batzuen bitartez zehazten duena eskatu beharreko euskara maila, dagoen euskaldun kopuruaren eta beste aldagai batzuen arabera. Kontua da denbora askoan hori hartu dela helburu minimo bezala, eta hortik aurrera gero erakunde bakoitzak ikusiko du; baina gutxiago ezin zela eskatu euskaraz. Minimo bezala hartu izan dute euskara teknikariek-eta toki askotan. Baina helegiteak heltzen hasi ziren, esaten indize hori maximoa zela. Nik dakidala dekretuan ez dago jarrita maximoa edo minimoa den. Ebazpen batean gutxienez epaile batek minimo gisa interpretatu zuen, baina hortik aurrera denek maximo bezala hartzen dute. Eztabaida legala egon daiteke, baina gure ustez erdigunean egon behar duena da nola bermatzen diren euskaldunen eskubideak administrazio publikoan, eta ea hori den bidea edo ez. Azkenekoz amarekin ospitalera joan nintzenean, C1a zuen mediku bat egokitu zitzaigun, baina ezin zuena elkarrizketa bat izan euskaraz, duela hogei urte atera zuelako titulua. Oso jatorra zen, barkamenak eskatzen aritu zen, baina errealitate hori oso orokortua dago.

2023ko abenduaren 3ko Euskararen Eguna 'Euskarari bai, klase arrakalarik gabe' jardunaldiekin ospatu zuen CCOOk. Argazkia: CCOO

 

Aipatzen duzue ez dela soilik borroka legala, borroka ideologikoa ere badela, eta diskurtso hau ari dela sartzen euskal gizartean. Zer ezaugarri ikusten dizkiozue diskurtso honi?

Guk ondorio gisa nabarmentzen genuen ez direla PP eta Voxekoak izan. Haiek jarri dituzte helegite batzuk, baina bereziki kezkagarria da ezkerreko posizioetatik datozela helegite gehienak, eta diskurtso gehien egin duten erakunde euskarafoboak; ezkerreko balioen izenean ari dira eragiten. Ez da berria, eta inboluzioa ere badago agian. Errenteriako kasuan bi adibide: Administrariei C1a eskatzen zien lan eskaintza erabakitzeko prozesuan parte hartu zuten PSEk eta CCOOk, eta ez zuten arazorik jarri, baina publikoa egin denean atera da PSE esanez gehiegikeria bat dela. Eta gero jakin zen 2008an, hamasei urte lehenago, PSE gobernuan egonda haiek proposatu eta onartu zutela administrariei C1 eskatzea.

"Haiek antolatu dira eta militatu dute, euskararen aurka, eta Vocentoren laguntzaz"

CCOO sindikatuak estatuko beste hizkuntza gutxituen kasuan jarrera oso ezberdina duela plazaratu duzue.

Bai. Herrialde Katalanetako CCOOko hiru federazioek, Valentziakoak, Kataluniakoak eta Balearretakoak, txosten bat aurkeztu zuten duela bi hilabete edo, hizkuntza gutxituen inguruko proposamen batekin. Bertako marko ideologikoa eta proposamen praktikoak erabat kontrakoak dira hemen Comisiones egiten ari denaren aldean. Hizkuntza minorizatuaz hitz egiten dute, ez minoritarioaz, eta diote horri bakarrik politika positibo eta aktiboekin ematen zaiola buelta, arrazoi historikoak dituelako. Eta zehazki proposatzen dute, administrazioko langileen eskubide bezala, hizkuntza gutxituak ezagutzea derrigorrezkoa izan behar dela postu guztietan. Eta hezkuntzan murgiltze eredua izan behar dela; hemen hori ere auzitan jartzen dute. Hemen politika guzti horiei deitzen diete baztertzaileak, arrazistak… baina Herrialde Katalanetako CCOOk esaten du inklusiorako balio dutela, arrazakeriaren aurka egiteko, aukera berdintasuna sustatzeko, eta arrakalarik ez sortzeko langileen artean. Gainera, haiek propio esan ziguten proposamen hori estatuko hizkuntza minorizatu guztientzako zela.

Langile sektore batzuk baztertzen dituela euskarak, egungo egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar dela… zentzu komunari dei egiten diote.

Bai. Urteak dira tantaka joan direla helegiteak heltzen, eta aprobetxatu dute beraien diskurtsoa egiteko. Ateratzen genuen beste ondorio bat zen antolatzeak eta militatzeak emaitzak ematen dituela. Gainera, kasu honetan, maldan behera militatzen baduzu, eta Vocentoren erabateko laguntzarekin… are gehiago. Baina haiek hori egin dute, antolatu eta militatu, euskararen aurka. Diskurtso bat hedatu dute, eta jendarte osoan eragin du. Eta logika bat dauka. Esaten dizute, euskara gutxiago langile zaurgarrien izenean. Eta noski, langile zaurgarriak babestea, a priori ondo. Eta hezkuntzan esaten dute euskara gutxiago etorkinen zailtasunen izenean. Kristoren tranpa dago, baina elementuak behar ditugu ideologikoki buelta emateko eta gure burua ahalduntzeko. Adibidez, nire semea D ereduko eskola batera doa, baina orain arte A eredukoa zen. Nork izango du tresna gehiago integratzeko, lana bilatzeko, harremantzeko, D eredukoek edo euskaraz ezer jasoko ez dutenek?

"Herrialde Katalanetako CCOOk dio hizkuntza gutxituak jakin behar direla postu publiko guztietan"

Euskarak klase arrakala sortzen duela diote.

Euskara bai, klase arrakalarik gabe dio CCOOk. Haien argudioa da euskara eskakizunak jende bat kanpoan uzten duela. Egia da. Eta gaztelera eskakizunak? Atzerritarrei C1 eskatzen zaie Osakidetzan. Eta naziotasuna lortzeko berdin. Horrek ez du arrakalarik sortzen?

Euskara pribilegioarekin lotzea ere salatu duzue.

Bai. Euskara eta euskaldunak. Lanpostuetan, pribilegiatuak, hezkuntzan, ere bai… hori elikatzen ari dira. Ezkerreko baloreekin lotzen da, eta uste dut horregatik eragin duela. Esan daiteke, bai, euskaradunak pribilegiatuak garela, batez bestean. Baina ahaztu gabe badaudela euskaldun baztertuak, arrazializatuak, migratzaileak… bestela ematen du euskaldun guztiak direla txuriak, klase ertain gorakoak… Eta pribilegioak egon daitezke, baina ez euskarari lotuak. Nik pribilegio asko ditut jendarte honetan, baina mendebaldeko herritar gisa, zuria edo gizona izateari begira. Euskaldun kategoriak ez dit pribilegiorik ematen, are gutxiago euskaraz bizitzen saiatzen banaiz. Eskuin muturrak esaten du, baina bestela inori ez zaio bururatzen esatea emakumeek emakume izateagatik pribilegioak dituztenik.

Diskriminazio positiboa ulertzeko modua dago ezbaian agian? Emakumeentzako kuotak, euskararentzako kuotak, horiek bilakatzen omen dira pribilegio.

Bai. Esaten dute politika linguistikoak errealitate soziolinguistikoaren arabera eraiki behar direla. Euskal Federalistak elkarteak adibidez hitzaldi asko eman ditu gaiari buruz, euskara-inposaketa-pribilegioa mantra hori elikatzen. Errealitate soziolinguistikoaren kontuan tranpa egiten dute, errealitatea naturala izango balitz bezala. Neurriak horren arabera ematen badituzu, inoiz ez da aterako minoritario egoeratik. Orduan beti politika linguistikoak izango dira sabai bat, gutxitua izateari ez uzteko.

Arabako kasurik ez duzue aipatu ikerketan, baina horrek ez du esan nahi ez denik kasurik egon, ezta?

Ez dugu atera, kasu gutxi batzuk aztertu ahal izan ditugulako datu nahikoarekin, baina Araban ere egon dira ebazpen euskarafoboak. Oso deigarria izan zen Laudioko epaile hark esandakoa, langileak salbuesten zituela euskara oso hizkuntza zaila zelako. Bestalde, uste dut Sumarrek eskatu ziola Jaurlaritzari informazioa, eta Vocentok argitaratu, ea derrigortasun indize horren arabera nola zeuden administrazioak. Administrazio gehienak, oro har, indizearen gainetik zeuden, salbu Araban. Berriz egin dezaket galdera, minimora ez heltzeagatik sektore horietako norbaitek aurkeztu du kexarik, helegiterik, eskaini du abokaturik doan? Nik dakidala ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago