Arabako Eliza katolikoaren barruan kanpotik etorritako apaizen inguruan dauden barne tentsioak azaleratu ditu, beste behin, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak. Lurraldeko katolikoen erreferente nagusiaren arabera, Arabako Eliza katolikoan dauden hainbat lagunek "jarrera arrazistak eta xenofoboak" dituzte beste kontinenteetatik etorritako apaiz eta seminaristekiko.
Joan den martxoaren 21ean, arrazakeriaren kontrako nazioarteko egunarekin batera, elizbarrutiak bidalitako adierazpen bat gogora ekarri du Elizaldek gutun pastoral batean. Bertan, Eliza katolikoaren barruan "jarrera xenofobo, arrazista eta baztertzaileak" salatu zituen, bai eta kanpotik etorritako apaiz eta seminaristen gaineko "diskurtso faltsuak" ere.
Gutun berri honetan, Elizalde harago joan da, eta, zuzenean, nahita zabaldutako gezurren inguruan mintzatu da. "Ez dago ondo buloak eta oinarririk gabeko beldurrak zabaltzea", ohartarazi du.
Gotzainak dio "aniztasun handi bat" dagoela Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako apaizen artean, "gure artean bezala". Baina, kontu honetan, Elizako kideei "kritiken" inguruan ohartarazi die. "Ni aita naiz, eta pertsona guztiak onartu behar ditut; baita nire ideiekin bat ez datozen ideiak dituzten apaiz batzuk ere", adierazi du gotzainak. Halere, haiei eskatu die "konbertsio pertsonal eta pastorala" egiteko. Multikulturalitatea "arrisku bat" ez dela nabarmendu du Elizaldek.
Ez da aurreneko aldia horrelako tentsioak azaleratzen direna. Izan ere, joan den urrian Elizaldek elizbarrutiko apaiz guztiei bidalitako gutun batean gairen bueltan bide dauden "liskarrak eta desadostasunak" albo batera uzteko dei egin zuen.