Apaizen arteko liskarrak saihesteko deia egin du Elizaldek

Juanma Gallego 2025eko urriaren 10a

Apaizgoan dagoen "jatorri, arraza, kultura eta karismen aniztasuna" babestu du gotzainak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kanpotik etorritako eta bertoko apaizen arteko barne tirabirak azaleratu ditu gotzainak argitaratutako gutun batek. Barne oztopoak aipatu ditu.

Juan Carlos Elizalde gotzainak Gasteizko Elizbarrutiko apaiz guztiei bidalitako gutun batek Arabako Elizaren baitako tirabirak azaleratu ditu.

Apaizen Erretiroa izeneko hitzordu batera egindako gonbidapenean, Testamendu Berriko Joan 17, 20-23 pasartera jo du Arabako katolikoen ordezkari nagusiak. "Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula", dio pasarteak.

"Jakin badakigu komunio hori gaur egun isolamendua edo autoerreferentzialtasuna bultzatzen duen kultur giroak oztopatzen duela. Zuetako inor ez dago gure bizitza izpiritualaren sendotasuna eta gure ministerioaren indarra mehatxatzen duten maltzurkeria hauetatik salbuetsita", esan die apaizei.

Harago jo du gotzainak, eta "adi egoteko" eskatu die, "testuinguru kulturalaz gain, gure arteko komunioak eta anaitasunak ere, nolabait esateko, 'barneko' oztopo batzuk aurkitzen dituztelako", ohartarazi du gotzainak.

Aipatu du ere presbiterioa "oso une berezia" bizitzen ari dela, "komunitate berrietatik" etorritako apaizak barneratu dituelako. "Gaztetzea handia da, eta itzela da jatorri, arraza, kultura eta karismen aniztasuna", deskribatu du. Elizalderen aburuz, horrek "ebanjelizazioa egiteko aukerak" handitzen ditu, baina, modu berean handitzen ditu "liskarrak eta desadostasunak".

Horregatik, deia luzatu die apaiz guztiei gaurkorako deituta duten bilkura horretara hurbiltzeko. "Etorri zure lagun berriekin", esan die. "Joan den ikastaroko elkarrizketak ederrak izan ziren, eta batere tentsiorik gabekoak". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago