Nekazaritza ekologikoa hazten ari da, baina ez behar duen erritmoan. "Bidean gaude, baina oso atzeratuta", ohartarazi zuten Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko (ENEE-Ekolurra) kideek Eusko Legebiltzarrean iaz egin zuten agerraldi batean.
Martxoan aurkeztu berri dituzten azkeneko datuek berretsi dute esandakoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %9 soilik dago ekologikoan, Europako Itun Berdearen helburua betetzetik oso urrun: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatzera heltzea, alegia. Ekolurrak azpimarratu du ekologiko bezala inskribatutako azalera asko hazi dela, eta sektorearen eboluzioa 2009 urtetik gaur arte oso inportantea izan dela. "Halere, 2030 urteari begira oso atzeratuta goaz, eta aldapa hori igotzea zaila da, baina hori lortzeko medioak jarri behar ditugu".
Hazkundea mahastietan
Bizkaia eta Gipuzkoaren parean, Araba da ekologikoan nekazaritza lur gehien duena, 7.514 hektarea; herrialdeko nekazaritza lurren %6,7. Ekolurrak emandako datuen arabera, ekologikoaren buru diren udalerriak Kuartango eta Arraia-Maeztu dira, Arabako azalera ekologikoaren liderrak. Eta biek ezaugarri komun bat dute: larreen eta belardien garrantzia.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %9 bakarrik dago ekologikoan
Hirugarren postuan Guardia dago, 650,2 hektarearekin, baina kasu honetan eredua desberdina da, mahasti ekologikoari baitagokio gehiena. Zigoitia, Samaniego, Lantaron edo Lantziego bezalako udalerriak hamar onenen liderren zerrendatik kanpo daude, baina azalera garrantzitsuak dituzte guztiek.
Ekolurrak azaldu duenez, azalera ekologikoaren banaketak bi errealitate argi marrazten ditu Araban. Barrualdean eta mendialdeetan larreak eta belardiak dira nagusi, abeltzaintza estentsiboari lotuta. Arabako Errioxan, berriz, hazkundea mahastizaintza ekologikoan oinarritzen da, eta azken garaian bultzada garrantzitsua izan du.
"Mahatsgintzan Errioxan garapen bat egon da, eboluzio bat, potentea, baldintza egokiak, oso egokiak direlako nekazaritza ekologikoa egiteko. Isuri Atlantikoan edo kantauriar isurialdean zailtasun gehiago daude", azaldu du Ekolurra erakundeak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Galera larria zerealean
Hala ere, zenbait landaketa estentsibotan jaitsiera eman da aurten; Arabako lekale eta pataten azaleren beherakada horren adibide dira. Beherakada horretan larriena urtetik urtera zerealen ekoizpen ekologikoan gertatzen ari da. 2025ean, 262 hektarea baino ez daude ekologikoan, 2024an (272 hektarea), 2020an (366 hektarea) edo 2019an (292 hektarea) baino gutxiago. Beraz, zereal ekologikoaren azalera ez da azalera osoaren %1era iristen.
Europako Itun Berdearen erronka soilik Austriak beteko du, eredu ekologikoan %27 duelako
Ekolurrako arduradunek Gasteizko Legebiltzarrean azaldu dutenez, arazoa merkaturatzean eta sektorean dagoen estrategia propioaren faltan dago. "Merkaturatze kooperatiba batzuk daude hor; prozesu nahiko industrializatuak dira. Eta Garlan da Araban daukagun kooperatiba garrantzitsuena, pixka bat sektore horri erantzuten diona. Eta beraiengandik jasotzen dugun mezua da bezero handiek bideratzen dutela norantz jo, eta benetan ez daukatela ekologikoarentzat merkaturik. Gure ustez, konbikzioa falta da, falta da apustua, eta argitasun falta bat ikusten dugu. Uste dugu ez daukatela estrategia propio bat, hori falta zaio landaketa estentsiboen sektoreari", azaldu dute.
Ekolurraren irudikoz, ekoizpen industrialarekin bilatu izan dena da ekoizpen kantitate gehiago egitea, eta inkluso esportatzeko; "hori da politikarik ohikoena". Eta ekologikoan, aldiz, efizientzia bilatzen da: "Erabiltzea dauzkagun baliabide naturalak era iraunkor batean elikagai osasuntsuak sortzeko", eta orduan planifikazioa desberdina da. "Planifikazioa ez da esportatzeko eta gero erosteko".
Nekazaritza konbentzionalean orokorrean egiten den kimikoen erabilera jaisten joan behar dela ere aurreratu du Ekolurrak. "Iritsiko gara lehenago edo beranduago nekazaritza ekologikora, baina trantsitua behar da ". Beraz, gaur gaurkoz Europako Itun Berdearen 2030eko erronka soilik Austriak beteko luke; %27ko bueltan baitago.
