Iñaki Viñaspre/ Unai Anda

"Datorren bertsolari gazte talde handi horri jaten eman behar zaio"

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 11

Aspalditik dute harremana aurtengo txapeldunak eta txapeldunordeak. Argazkiak: Ekaitz Anda / ALEA

Arabako Bertsolari Txapelketak utzitakoez aritu gara txapeldun eta txapeldunordearekin batera. Aurten Euskal Herriko bertsolari txapelketarako sailkatu dira Iñaki Viñaspre, Unai Anda, Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta. Inoizko final gazteena izan da; indartsu dator Arabako harrobia.

Iñaki Viñasprek (Abetxuku, 1984) irabazi du aurten Arabako bertsolari onenaren txapela, bigarren aldiz. Unai Andak (Ametzaga, 1998) lehen aldia izan du finalean, eta buruz burukora heldu da, bere irakasle izandako Viñasprerekin batera.

Iñaki, zu 2005ean heldu zinen lehen aldiz Arabako finalera. Garai hartan aurtengo finalistaren bat ez zegoen jaioa ere.

Iñaki Viñaspre: Hala da, eta besteak ere oso txikiak ziren. Beste belaunaldi bat badator Araban, atea bota nahian. Uste dut bost finalista horiek erakusgarri direla, baina ez dira dauden bakarrak; askoz gehiago ditugu atzetik ere, eta geroz eta zailago jarriko digute. Niretzako plazer bat izan da gazteekin oholtza konpartitzea, oso maitatua sentitu naiz. Nik ere asko maite dudan jendea da, eta oso prestatuta daude.

Oso final gaztea, inoizko gazteena.

Unai Anda: Gaztea eta berdindua. Orokorrean ikusi nuen jendea jausi gabe nabarmen, eta edonork irabaz zezakeela txapela. Puntuek ere hala erakutsi dute. Zentzu horretan maila altuko finala uste dut geratu zela, pozgarria.

Aspaldidanik dator zuen harremana, irakasle eta ikasle ere izan zarete bertso eskolan. Iñaki, zer da zuretzat Unai?

I.V.: Unai da txikitatik ezagutzen dudan ume bat. Bera txikia zenetik esango dugu, ze ni ja adin batekoa izango nintzen ordurako. Beti iruditu zait oso pertsona umila, lasaia, maitagarria, eta orain bertsotan iruditzen zait oso maila altua daukala. Umoretik egiten oso ondo dakiela, baina serio tokatzen denean ere, jartzen badakien horietakoa dela. Iruditzen zait asko duela emateko Arabako bertsoari.

Eta zuretzako Unai, zer izan da Iñaki?

U.A.: Guretzako beti izan da bertsolaritzan erreferente bat, guretzako bertsolaritza gauza inportante bat ez zenean ere. Iñaki etortzen zen eskolara, guri bertsolaritza irakastera. Ostera ere izan da, esaterako, Arabako Binakakoan izan ginen bikotekideak, entrenatu genuen elkarrekin, hurrengo txapelketa ere elkarrekin ibili ginen prestatzen… Guretzako eta Arabako bertsozaleentzako nire ustez pertsona erreferentziala izan da.

Nola deskribatuko zenuke Viñaspreren bertsokera?

U.A.: Oso bertsokera diferentziatua da, nabarmen jendeak identifikatzen zuena berarekin, oso partikularra eta berezia. Oso ezaguna zen Viñaspreren segidilla, bere rollo makarragoan, kalekoagoan, oso izaera berezia eman dio Arabako bertsolaritzari. Nahiz eta Arabako bertsolaritza ez den bakarrik bertsolaritza mota hori. Badago, esango dugu, beno, beste formatu batzuetan mugitzen den jendea…

I.V.: Nik esango dut. Finagoak direnak badaude. Hori esan nahi duzu, ezta? Finagoak direnak badaude, bai.

"Ni hasi nintzenean Otamendik zeraman txapela urtero, orain ez da hala izango"
Iñaki viñaspre

U.A.: Beste modu bateko bertsolaritza. Ez finagoa. Zer da finagoa, zer da okerragoa…? Hobea da txapelketako rollo serioago bat ematen duzunean, edo hobe benetan ari zarenean jendearekin disfrutatzen, kalean edo bertso poteo batean? Bertsolaritza modu ezberdinak dira askotan, ez dakit beharko luketen horrela, baina horrelakoak dira.

Kutsu makarra horrek ez dauka lekurik txapelketan?

I.V.: Ez du izaten lekurik. Jende askok aipatu dit buruz burukoan ofizioa egin genuenean ikusten zela plazan egongo bagina bezala. Eta niretzako hori da bota ahal diguten lore politena. Normalean txapelketan zaudela nabaritzen da tentsioan, karratua zaudelako, pixka bat beldurrez. Aukera hartu genuen biok umoretik eta gozatzen kantatzeko, eta esango nuke fruituak eman zituela. Hala ere, egungo gazteek bertso maila oso ona dute, homologagarria beste txapelketetako gazteekiko, eta bakoitzak badauka nortasuna eta zer eskainia.

Zer da gai on bat txapelketa batean? Zer gai ez hain on bat?

U.A.: Gai on bat izan daiteke norberari momentu bakoitzean datorkionaren araberakoa. Askotan kritikatzen dugu gai bat ez zaigula gustatu, baina ez da berdina gai bat txarra izatea, edo gustatu ez izana.

I.V.: Ados nago, uste dut bertsolariaren araberakoa dela. Egia da, hala ere, egoten direla gai batzuk konplikatuagoak, helduleku gutxiago dituztenak. Baina bertsolariak entzuten duenean, bidea okurritzen baldin bazaio, gaia ona bihurtu da bat-batean.

U.A.: Badago beste elementu bat ere, nabarmendu beharko litzatekeena: publikoa. Gerta daiteke bertsolari bati okurritzea zer esango lukeen, baina akaso pentsatzea ez lukeela konektatuko publikoarekin. Eta horrek ere badauka bere garrantzia, publikoa elementu zentrala da bertsolaritzan.

Nahiago izaten duzue librexeago uztea gaia, edo bideratuagoa?

I.V.: Nik uste dut muga bat dagoela xehetasun kopuruan. Batzuetan gehiegi zehazten da gai bat eta zailago bihurtzen da. Gutxiegi zehaztean ere zaila egiten zait. Ez daukat argi non dagoen kopurua, baina kopuru bat dago. Helduleku nahikoa ikusten diozu, baina ez dituzu gauza gehiegi; niretzako hori da neurria. Asmatzea oso zaila iruditzen zait, baina pentsatzen dut gai jartzaileak horretan saiatzen direla.

U.A.: Elementu gehiegi dituenean, heldu behar diezu elementu guztiei. Baten bat ahal duzu albo batera utzi momenturen batean, baina ezin diozu kontra eraman gaiari, ezin duzu beste elementu kontrajarri bat sartu. Horrek zailtzen du ere apur bat kantatzea.

Principala obretan oraindik, Europa jauregian 1000 pertsonara heltzeko helburua jarria zuen Bertsozale Elkarteak. Azkenean 800 inguru. Pixkanaka gora?

I.V.: Bai. Inoizko jendetsuena izan da. Ez da izan elkarteak nahi zuen helburua, baina gora doa. Asteburu hau ere nahiko betea geneukan, Korrika, pilotako zera, merkatu bat ere bazegoen ez dakit non; gauza asko zeuden. Eta zortziehun pertsona horiek oso ondo erantzun zuten, sartu ginenean berotasun izugarria nabaritu genuen, asko diegu eskertzeko. Zortziehun izan ziren, baina zarata egin zuten mila izan balira bezala.

"Hobea da txapelketako rollo serioagoa, edo jendearekin disfrutatzea bertso poteoan?"
Unai Anda

U.A.: Nik uste dut kristoren plaza zegoela, jendea gogoz, bero, txalotzen. Entzun nion Aroari elkarrizketa batean esaten jendeak txalotzen zuela, ez soilik norbaitek benetan asmatzen zuenean, eta hori beti da eskertzekoa.

Orain gazte asko egon dira, baina non daude zaharrak? Viñaspre, zure belaunaldikoak eta zaharragoak ere aritu dira orain gutxi arte.

I.V.: Bai. Batzuk plazetan jarraitzen dute, baina txapelketan ez daude. Eta txapelketan zeuden batzuk beherago geratu dira. Nik Otamendi eta Igoaren kasua aipatuko nuke. Urte askotan finalean egon diren bi bertsolari, eta aurten finaletik pixka bat urruti geratu dira. Ni hasi nintzenean, Pleistozenoan, Otamendik eramaten zituen txapelak urtero, Oihane izaten zen bigarrena urtero, eta iruditzen zait oraingo belaunaldi honek ez duela hori izango. Urte bakoitzean ezberdin batek irabazteko aukera dago, finala aldatzeko aukera, maila handia dutelako denek.

U.A.: Aipamen berezia egitea ere Danel Herrarteri. Agian jende askok ez du jakingo, baina enpatearekin ez zen sartu finalera; hor hiru pertsona egon ginen bi puntuko marjinarekin, eta azkenean Danel geratu zen kanpoan. Baina oso bestela ere izan zitekeen.

I.V.: Finalistak gehiago aipatzen ditugu, baina bidean geratu direnak… Aitor Ugartek ere oso txapelketa polita egin du, Danel Herrartek berak, Elik [Zaldua] ere oso txapelketa polita egin du. Badaude gehiago, eta jendeak horiek ezagutzeko aukera galdu du nolabait. Nahi badituzte entzun, plazara deitu, eta harrituko dira mailarekin.

Aurten lehen aldiz Arabako lau bertsolari pasako dira Euskal Herriko txapelketara, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta eta zuek biak. Gipuzkoar eta bizkaitarrek lekurik utzi dute?

U.A.: Beno, egin da lekua, saio bat gehiago gehitu da lehenengo fasean. Orduan Arabak bi postu irabazi ditu, Nafarroak beste bi eta Iparraldek beste bi.

Desoreka nabarmena izaten da herrialde bakoitzak bidaltzen duen bertsolari kopuruan. Orekatze bide hori nola ikusten duzue?

I.V.: Uste dut gure esku egongo dela neurri batean orekatzeko eskatzea, eta maila txukuna ematea. Orain artean bi bakarrik sailkatu dira, eta horrek egoera arraro batzuk eman ditu. 2004tik egon naiz ni aldiro finalean, eta nire lehenengo Euskal Herrikoa izango da aurtengoa. Orain lau izanda zailagoa izango da hori gertatzea, behintzat finalean maiztasun batekin dagoen bertsolari batek aukera edukiko duela noizean behin Euskal Herrikora joateko, eta iruditzen zait gainera oso maila txukuna dagoela. Planteatu liteke final osoa joatea ere, ez zait iruditzen astakeria bat denik, bereziki ikusi dugulako oso puntu gutxiko aldea egon dela lehenengotik seigarrenera, eta bederatzi epaile egonda. Oraingoz lau tokatu dira, ea lau horiek ze lan egiten dugun.

Zer erronka ikusten dituzue Arabako bertsolaritzan gaur egun?

U.A.: Lekua egiten eta bidea egiten jarraitzea. Bertsolaritza haziko bada, beti izango da harrobitik, gazteetatik, eta hor kristoren lana egiten ari da, izan hezkuntza arautuan, izan bertso eskoletan. Ni Legution eta Gasteizen nabil bertso eskola ematen, eta bietan dago kristoren harrobia, plazetan egongo dena hemendik urte batzuetara. Jendea harrituko da maila igoerarekin, berriro ere. Zentzu horretan egin behar da lana, jende gazte gehiago biltzea bertsolaritzara, eta bakoitzak bere ideiak, bere nortasuna ekartzea bertsolaritzara.

I.V.: Eta gazte talde handi horri jaten eman behar zaio. Ohituago egon gara plazetan ibiltzen ziren bertsolari gutxiago izatera, eta momentu honetan plazan ibiltzeko moduko bertsolari pilo bat daude. Horientzako aukerak bilatzea izango da erronketako bat, lehen zegoen plaza kopuruarekin orain dagoen bertsolari kopuruari erantzutea. Normalean tendentzia izaten da beti hiruzpalau aukeratu eta horiek egitea saioak. Interesgarria da orain bide berriak sortzea, denek eduki dezaten aukera beraien bertso maila garatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago