Mundua Bizikletaz

"Bizikletaz joanda bertako kultura usaintzen da benetan"

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 3a

Lau hilabeteko bidaia egin dute familian, bizikletaz, AEBetan. Argazkiak: Mundua bizikletaz

Bidaiatzean, puntu turistikoetara soilik joan baino, herrialdea benetan ezagutzeko aukera eskaintzen du bizikletaz bidaiatzeak. AEBetan zehar lau hilabete eman dituzte gaurko protagonistek, familian.

Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretak hamarkadak daramatzate bizikletaz bidaiatzen mundu osoan zehar. Lagunarteko plan gisa hasi zena bikote plan bihurtu, eta orain bi seme-alabarekin batera egiteko familia plana bilakatu da. Azken urtean, lau hilabete eman dituzte AEBetan zehar, bizikletaz. Ematen dien askatasuna goraipatzen dute, eta partekatzeko gogoz itzuli dira. Maiatzaren 9an Mendiolan egingo dute bidaian sortutako ikus-entzunezkoaren proiekzioa, bidaia eta bidaiatzeko modua bertatik bertara ezagutzeko.

Nola hasi zen bizikletaz bidaiatzeko ohitura?

Koldo Zubizarreta: Ez zen oso modu pentsatuan hasi. Unibertsitate garaian geundela, lau lagun joan ginen Kubara, hogei egunez bizikletan. Helburu handirik gabe hasi zen, eta ordutik, urtero gure bidaiak bizikletaz izan dira, mundu osotik zehar. Hasi eta gutxira batu zen Ainhoa ere.

Ainhoa Perez de Nanclares: Bai, 2006an batu nintzen ni. Aurretik ere esaten zidaten animatzeko, baina beste plan batzuk nituen, ez neukan hainbeste lotura bizikletarekin, eta kristoren pausua izan zen halako bidaia bat egitea. Animatu nintzen, eta geroztik urtero egin dugu bidaia bizikletaz; bai udakoak, eta urte osokoak ere egin ditugu. Asko gozatzen dugu.

Bizikletaz joanda gertutik ezagutzen omen duzue joaten zareten lekua.

A.PdN.: Herrialde batera joaten zarenean, puntu turistikoak egoten dira, ezagunenak, eta kotxez mugitu behar izaten duzu, edo bertako garraiobide batekin, puntu batetik bestera. Baina puntu horiek pixka bat kutsatuta egoten dira, turismoaren eraginez, ez dira toki naturalak izaten, ez da bertako kultura usaintzen bertan. Eta hori da bizikletak ematen dizun jokoa; toki batetik hurrengora joateko egunak behar dituzu. Eta bitarte horretan herri txikietan gelditzen zara; bertako jendea, janaria, kultura, bertako bizitza. Horrek ematen dizu gertutasuna. Puntu turistiko politak soilik ezagututa pixka bat azalean gelditzen zara.

Zertan da ezberdina puntu turistikoetan ezagutzen duzuna, eta ibilbidean dagoena?

K.Z.: Lehenengoa, askoz xumeagoak direla. Ez daude turistentzat prestatuta, ostatuak, jatetxeak… Guretzako bidaietatik gauza politenetako bat da, bidean zaudenean, ez dakizula non egingo duzun lo. Herrixka batetara iritsi, galdezka hasi, eta eskaintza bat jasotzea ederra da. Hor ikusten duzu jendea bere etxean, bere sukaldean, eta xumeagoak izaten dira. Inolako kutsadurarik gabe, zentzu horretan. Ez digute begiratzen turistak bagina bezala.

Ohikoa izaten da ez jakitea non egingo duzuen lo?

K.Z.: Orain umeekin pixka bat aldatu da azken urteetan. Baina bai, guk normalen ez dakigu zenbat kilometro egingo ditugun ere. Badaukagu agian puntu bat ikusia, herritxo bat, eta horra goaz zerbait egongo delakoan, baina ez dugu aurrez lotzen normalki. Askatasuna daukagu, eta autonomia guztiz bidaiatzen dugu. Eta horrek ematen digu aukera, txoko bat agertzen bada, gelditzeko. Bidaietan ikasi dugu eskaintzak beti onartzen, bidean suertatzen diren elkarrizketetara zabalik egoten. Aldatu izan ditugu ibilbideak ere, bertakoek esandako bide bat egiteko edo, malgutasuna daukagu.

A.PdN.:Asko aldatu da gaur egun, informazio asko daukagu, edo gehiegi, eta badakigu zer dagoen kilometroz kilometro. Baina duela hogei urte ez. Mapa begiratu, eta ez zenekien zenbateko portua zen, zenbat metro… gutxi gorabehera egiten genuen. Irekiak egoten gara, eta horrela dena da ongi etorria. Berdin zaigu lo egitea erreka baten ondoan, edo arkupe baten azpian. Arratsaldeko laurak, gaua hurbiltzen ari da, eta hasi behar duzu planteatzen zenbat kilometro dituzun hurrengo herrira, eta agian lehenago bilatu behar duzu lotarako toki bat.

Kotxez edo autokarabanaz joateak ere eman dezake askatasuna. Zer alde dago bizikletarekin?

K.Z.: Guztiz aldatzen da jendearen begirada zurekiko. Herrialde oso xumeetan batez ere, bizikletaz heltzen bazara, maila baxuago bat bezala ikusten dute beraien estandarretan, eta gertutasuna ematen du. Zikin iristen zara, izerdituta, neka neka eginda eta gosetuta. Laguntzeko gogo gehiago eman dezake hala iristeak. Eta askotan harritu egiten dira gainera. "Herrialde garatu" batetik gatozela ikusten dute, eta batzuetan ez dute ulertzen bizikletaz plazeragatik ibiltzearen kontzeptua, haiek askotan halabeharrez egiten baitute. Eskemak apurtzen dizkie, eta nolabaiteko jakinmina ere sortzen du.

"Umeekin bidaiatzea berriz hastea da; gauza asko egokitu behar dira, baina amets bat izan da"

Eta zein dira arazoak, edo mugak, bizikletaz bidaiatzean?

A.PdN.: Mugak distantziak dira. Ezin dituzu egin nahi dituzun kilometro guztiak, edo ibilbide guztia, eta batzuetan aukeratu egin behar duzu. Iparra eta hegoa bisitatzeak merezi badu, agian bat bakarrik hartu behar duzu. Eta bestea, hurrengo baterako. Beti alde ona ikusten dugu; zerbait uzten badugu, bueltatu beharko gara.

K.Z.: Jendeak esaten digu, Laosen egon zarete eta ez zarete Vietnamera joan? Ba ez. Motxilero bezala hilabete batean ikusi ditzakezu gauza turistiko pila. Baina esandakoa, ez da gure helburua. Toki turistikoak ere gustatzen zaizkigu, normalki politak izaten direlako. Baina tarteko bide hori, beste puntu horiek ikustea, hor suertatzen dira istorio politenak, oroitzapen politenak horkoak dira.

Zer aldatzen da umeekin joanda?

A.PdN.: Asko aldatzen da. Hasteko, herrialdearen aukeraketa jada aldatzen da. Bilatzen duzu bideak seguruak izatea, herrialdea segurua izatea eta erosotasun puntu bat edukitzea. Ez izatea oso distantzia luzeak, janari asko eta ur asko eraman behar ez izateko. Noski, bikote bezala agian egin ditzakezu 80 kilometro egunean, baina umeekin 40. Gu asko erakartzen gaitu mendiak, portuak, aldenduta egoteak. Baina umeekin ezin da izan, eta Estatu Batuetan ere gertatu zaigu hori. Ideia bat geneukan, baina esan ziguten ez zela posible, leku batetik bestera hamar egun eman behar genituela desertuan, ezer gabe. Moldatu egin behar izan dugu, pixka bat lotuago eraman gauzak, pentsatuago. Malgutasuna mantenduz, baina ardura puntu gehigarri batekin.

K.Z.: Baina oso polita da, amets bat izan da guretzat. Bikote bezala bidaiatzen genuenean esaten genuen, noizbait guraso izatekotan ederra izango zela umeekin ere bidaiatzen jarraitzea; eta egiten ari gara. Asko betetzen gaitu horrek.

Eta praktikan nola egiten duzue, umeekin joateko, bizikletak…

A.PdN.: Gure bi bizikletak, bakoitza lau alforja eta petate handi batekin. Nik gantxo moduko bat daukat bizikletan, Follow me izenekoa, eta hor lotzen da Hodeiren bizikleta. Aske ere joan daiteke Hodei, baina gehienetan lotuta, errepideetan ibiltzen garelako. Eta Koldok gurdi bat darama bizikletara lotuta, Lur eramateko. Hori da azpiegitura.

K.Z.: Eta autonomoak izateko, guztia eramaten dugu. Lau zaku, lau esterilla, sukaldea, pertzak, janaria, laurontzako denda bat, arropak… Beti bidaiatu izan dugu hala, baina familian joanda, izugarria da daramagun pisua. Horrek asko gogortzen du fisikoki, hasiera behintzat, erritmoa hartu arte. Pisu gehiago daramagu orain, baina denbora gutxiago ematen dugu bizikleta gainean.

Nola egiten duzue lotarako?

K.Z.: Modu ezberdinak bilatu ditugu. Batetik, Estatu Batuetako bidaian batez ere, kanpalekuak baliatu ditugu. Campground deitzen diete; kanpinak bezalakoak dira, baina askoz xumeagoak, baliabide gutxiago dituzte, eta askoz sartuagoak daude naturan. Halakoetan gelditu izan gara gehienbat, AEBetan asko daude. Batzuetan ezin duzu halakoetara iritsi, eta librean ere akanpatu izan dugu batzuetan. Eta azkenik, bizikletaz bidaiatzen duen jendearen sare bat dago, aplikazio baten bidez, Warm Showers, Dutxa Beroak izenekoa, eta asko baliatu dugu hori ere, oso ondo funtzionatzen du AEBetan. Lotura polita egin dugu jende askorekin horren bidez. Euskal Herria guk ere hartu izan dugu jendea etxean.

Lehen errazago egiten zenituzten erokeriak, biok bakarrik joanda?

A.PdN.: Bai. Eta sekulako jipoia hartzen bazenuen, ba gero iritsi eta deskantsatu. Baina orain ez dago deskantsurik. Nekatuta heltzen zara, iritsi, eta dena muntatu behar duzu, dena prestatu, eta bitartean jolastu. Lehen fisikoa zen gehiago, orain fisikoa eta mentala.

Eta umeei zer iruditu zaie?

K.Z.: Txikiarentzat errazagoa izan da. Bi urte zeuzkan bidaia egin genuenean, eta inkontzienteagoa da. Lo egiten du gurdian, eta asko errazten du horrek. Hodeik jada ez du siestarik egiten, eta ezin da lokartu, bizikleta gainean doalako, nahiz eta pedalei eragin ez. Orduan lan gehiago izan da, entretenitu egin behar genuen, abestu, gauzak kontatu… Hodeirentzat gogorragoa izan da nire ustez, hasieran batez ere. Gero esaten zuen hurrengoan bidaiatzea ondo, baina bizikletarik gabe. Ba familia honetan…

"Ez da oporraldi bat, zure bizimodua bilakatzen da, zure bizitzako fase txiki bat"

Gehienez hilabeteko oporraldietara gaude ohituta normalean. Zuek lau hilabetez egon zarete AEBetan, urtebeteko bizikleta bidaiak ere egin dituzue. Zertan aldatzen da halako denbora luzeekin, deskonexio maila handiagoa?

K.Z.: Txipa ez da oporretara goazela. Bizimodu bat bilakatzen da, ez zaude pentsatzen etxera itzuliko zarela, lau hilabetek ematen dute horretarako.

A.PdN.: Egia da. Astebeteko oporraldia egitean, pixka bat deskonektatzen zara, baina hau ezberdina da. Joan eta ahaztu. Guztiz. Ez da oporraldi bat, fase bat da, zure bizitzako beste fase txiki bat, esperientzia berri bat. Opor motzak direnean antsietate puntu bat daukagu, ahalik eta gehien aprobetxatzeko, amaitu aurretik. Ba orain, lasai egon gaitezke, lau hilabete ditugu.

Eta nolakoa izaten da buelta. Zer espero zenuten AEBetaz, eta zer topatu duzue?

K.Z.: Oso esperientzia positiboa izan da. Herrialde oso banatua ikusi dugu, badaudela eskuindar trumpzaleak, baina guk ez dugu hori bizi izan. Kalifornia eta Oregon ez dira bereziki Trumpen eremuak, eta txirrindulari sareko jendea ere ezkertiarragoa zen oro har. Jende ezezaguna zure etxean sartzeko irekia izan behar duzu. Askok barkamena eskatu digute haien presidenteagatik. Eta jende mobilizatua ikusi dugu, manifestazioak, kontzentrazioak errepide ondoan… Eta jende jantzia; gu euskaldun bezala gindoazen, eta askok bazekiten zer zen. Eta paisaiak, izugarriak.

A.PdN.: Aurreiritzi asko ezabatu dizkigute. Guk pentsatzen genuen agian itxiagoak izango zirela, jendea ez dela mugitzen, ez dela Estatu Batuetatik ateratzen. Baina egia da ezagututako jendea, eta mugitu garen inguruarekin, ez dela hala izan.

Mezuren bat baduzue bizikletaz bidaiatzea pentsatzen ari den norbaitentzat?

K.Z.: Probatzeko. Guretzako hau da bidaiatzeko modurik onena. Hasi ginenetik, jada ez da nola bidaiatuko dugun, baizik eta nora, argi dugu bizikletaz izango dela. Eta probatzeko ez da AEBetara edo Albaniara joan behar. Euskal Herritik bide ederrak daude, edo familian probatzeko Frantzia da gure ustez hoberena, oso ondo prestatua dago. Baina frogatu dezatela.

A.PdN.: Esan beharra dago, zoragarria da, baina kontu txarrak ere badauzka. Fisikoki gogorra da. Zuk erabakitzen duzu non sartu, baina lehenengo egunak gogorrak dira, ipurdiko minez. Hotza eta euria baldin badago, akabo. Eta kanpin dendan lo egin beharra, esterillan… Baina gu asko betetzen gaitu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago