Gorbeia barrunbeetan, zero kilometroko abentura

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 23a

Gaur aurkeztuko dute dokumental laburra Gasteizen. Argazkia: 'ALDABIDE'

'Aldabide' film laburra aurkeztuko dute gaur Gasteizen, Mendi Tour zine zikloaren barruan.

Mundu ezezagun bat gordetzen da Itxinako harresien azpian. Aldabide dokumentalak espazio hori argitara ateratzeaz gain, espeleobuzeoaren muga teknikoak eta emozioen arteko talka jasotzen du. Oskar Etxebarria eta Carlos Arranz espeleologoek, Jon Mendizabal dokumentalgilearen begiradapean, Gorbeiako sifoirik sakonenetan murgilduko dute publikoa. Mendi Tour zine jaialdiaren barruan izango da gaur, 19:30ean, Arkabia kulturunean.

Gorbeiako koba nagusira sartzeko bide bakarra dago: urpean igeri egitea. Erronka horrek berak definitzen du Aldabide proiektuaren izaera. Ez da soilik esplorazio tekniko bat, lurraren sakonenean gordetako sentsazioen bilaketa bat baizik. Oskar Etxebarria espeleologoak argi du hasierako asmoa: "Espeleologian zer egiten dugun erakutsi nahi genuen, zer berezitasun dituen espeleobuzeoak. Barruan zer dagoen eta, gehienbat, zer sentsazio bizi dugun hor barruan".

Esplorazioa 2023ko azaroan hasi zen, eta taldeak berehala neurtu zuen erronkaren neurria. "Guretzat ordura arte egindako sifoirik luzeena izan zen, 150 bat metrokoa", gogoratu du Etxebarriak. Uraren tenperatura baxuak (8 gradu) eta sifoiaren egoerak lana zaildu zuten. Gainera, duela hamarkada bat baino gehiago beste esploratzaile batzuek utzitako hari bat aurkitu zuten, baina guztiz apurtuta. Lehen lana segurtasuna bermatzea izan zen: "Bagenekien hiru edo lau urte egongo ginela koba hau esploratzen, eta hari hori ondo jarri beharra zegoen".

Sifoia pasatzeak mundu eder baten ateak ireki zizkien. 30 metroko eskaladak bloke artean, jauzi ugariko errekak eta kanoi baten itxura duen barnealdea. Etxebarriaren esanetan, "lehenengo 300 metroak nahiko exijenteak dira", baina saria 500 metroko kanoi ikusgarri bat da, Itxinatik datorren ur guztia biltzen duen kolektore erraldoia.

Proiektuarekin jarraituko dute aurten, azken sifoia buzeatzeko helburuarekin. Argazkia: 'ALDABIDE'

Proiektu tekniko hori film bihurtzeko ardura Jon Mendizabal dokumentalgileak hartu zuen. Hasieratik konturatu zen espeleologoen pragmatismoa eta emozioak uztartu behar zituela. "Beraiek beti kontatzen zuten nolako materialak erabiltzen zituzten, teknikak, uraren tenperatura... eta nik emozioak transmititu nahi nituen", azaldu du Mendizabalek. Horretarako, dokumentalak bi mundu bisual bereizten ditu: kanpoko argi biziak eta koloreak, eta barneko atmosfera klaustrofobiko eta iluna. Grabazioa, ordea, ez zen erraza izan. "Asko aurreikusi dezakezu, baina gero inprobisazioa eta daukazun materialarekin egin behar duzu ahal duzuna", dio Etxebarriak, eguraldi txarragatik hainbat aldiz plana aldatu behar izan zutela gogoratuz.

Carlos Arranz espeleologoak dokumentalaren mezu nagusia laburbiltzen du: abentura ez dagoela urrutira joatean. "Erakutsi nahi dugu etxetik irten barik bizi ahal duzun benetako abentura bat. Konpromisoa, adiskideen beharra... zero kilometroko abentura bat da". Hala ere, Aldabideko bidaia ez da hemen amaitu. "Proiektua oraindik bizirik dago", iragarri du Etxebarriak. Azken sifoia buzeatzea da hurrengo erronka handia, eta aurten bertan Eliseo Belzunze espeleologoaren laguntzarekin lortzea espero dute.

Oskar Etxebarria, Jon Mendizabal eta Carlos Arranz, 'Aldabide' proiektuko kideak. Argazkia: 'ALDABIDE'

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago