Martxoaren 23tik 27ra bitartean ospatuko da Gasteizen Mendi Tour zine jaialdia, aurten berrikuntza nagusi batekin: egoitza aldatu eta Arkabia izango da jaialdiaren txoko nagusia. Vital Fundazioaren eskutik datorren 14. edizio honek bost eguneko egitaraua eskainiko du, Mendi Film jaialdian nabarmendutako lan onenekin.
Edizio honetako mugarrietako bat Mikel Urdangarinen Itsasora filmaren aurkezpena izango da. Bizkaitarraren lehen pelikula da hau, eta Mendi Filmen estreinatu ondoren, lehen aldiz ikusi ahal izango da Mendi Tour zirkuituan, Urdangarinek berak aurkeztuta.
Guztira 13 dokumental proiektatuko dituzte, eta gai aldetik aniztasun handia egongo da: mendizaletasuna, eskalada, eskia, espeleologia, mendi lasterketak eta nabigazioa landuko dituzte genero honetako zuzendari onenek. Filmak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin, publiko orokorra zein mendizale adituak erakartzeko asmoz.
Euskal zinemaren loraldia mendiko generoan ere islatuko da, Itsasora lanaz gain beste sei film proiektatuko baitira. Horien artean daude, besteak beste, Jon Mendizabalen Aldabide, Alfonso Garciaren Un día al año edota Nagore Ezeizaren Izarren zaunka, Txindokiko eskalada ardatz duena.
Kartela nazioarteko ekoizpenekin osatuko dute, publikoa Himalaiara, Frantziara edota AEBetara eramango duten istorioekin. Ruben Perez Ino errioxarraren Bhagirathi III edota John Sherman eta Jim Morrison bezalako atleta ospetsuen lanak ikusi ahal izango dira.