M17

Milaka lagunek aldarrikatu dute gutxieneko soldata propioa

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 17a

ELA eta LAB sindikatuen arabera, greba orokorra "jarraipen zabala" izaten ari da.

Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1500 euro lelopean, milaka lagunek egin dute bat eguerdian Gasteizen egin den manifestazio nagusiarekin. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta protestek goizetik baldintzatu dute lurraldeko jarduna.

Grebalariek hiriburuko sarrera garrantzitsuenak blokeatu dituzte goizean goizetik. Amerika Latinako biribilgunean eta industrialdeetako sarbideetan nabaritu da eragin handiena. Lurraldeko industria guneetan ere eragin zuzena izan du deialdiak; piketeak izan dira, esate baterako, Mercedes lantegiaren inguruan eta Aernnovako sarreran, ekoizpena oztopatuz.

Sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez, Arabako enpresa esanguratsuenetan lanuztea oso handia edo erabatekoa izan da, besteak bestek, Cie Goian, AEG, Fibertecnic eta Laminaciones Arreguin, eta eragin hori bereziki nabarmena izan da Aiaraldean, non Tubacex, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio bezalako lantegiek bat egin duten mobilizazioarekin, eskualdeko jarduera ekonomikoa ia erabat geldituz.

Zerbitzu publikoen esparruan, Arabako administrazioetan eta hezkuntzan jarraipen handia izan du, LAB eta ELAk nabarmendu dutenez. Bereziki, Gasteiz, Gorbeialdea eta Lautadako udaletan lanuzteak indar handia izan du, eta hezkuntzan, Gasteizko Toki Eder eta Zabalgana ikastetxeak edo Laudioko institutua gutxieneko zerbitzuekin soilik aritu dira.

Osasungintzari eta zerbitzu pribatuei dagokienez, "irudia gazi-gozoa" izan da, sindikatuek azpimarratu dutenez, gutxieneko zerbitzuen ezarpenagatik. Santiago ospitaleko ebakuntza gelak itxita egon diren arren, langile askok salatu dute greba eskubidea mugatua izan dutela.

"Ofentsiba kapitalista"

CNTk eta EHKSk, ildo beretik, "ofentsiba kapitalistaren aurkako" mobilizazioa egin dute, greba orokorrarekin bat. Ehunka lagun izan dira Gasteizko manifestazioan, eta langile borroka ezberdinen aldarrikapenek presentzia izan dute: hala nola iaz greban egoteagatik kaleratutako lorezaina berriz hartzeko aldarria, greba mugagabean dauden Mercedes enpresako suhiltzaileak, zein hitzartze kolektiboaren ondorioz baja eskubidean murrizketak izan dituzten ostalaritzako langileen aldarrikapenak. Bi erakundeek langile klasearen egoera larria salatu dute, prekarietatea, zerbitzu publikoen gainbehera eta bizi kostuaren igoera azpimarratuz.

"Elkarrizketa soziala" 

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, elkarrizketa soziala eta akordioa aldarrikatu ditu Euskadirentzat berezko gutxieneko soldata lortzeko bide gisa. Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Maria Ubarretxena bozeramaileak eta Mikel Torres sailburuak gogor kritikatu dute sindikatu deitzaileek aukeratutako "konfrontazio" bidea. Ubarretxenak aitortu du Euskadik berezko gutxieneko soldata izateko gaitasuna eta eskumenak izan beharko lituzkeela, gaur gaurkoz, Jaurlaritzak ez duela botere juridikorik hori ezartzeko. Helburu hori "bideragarria" izan dadin, enpresa eta sindikatuekin mahai baten inguruan esertzea dela bide bakarra defendatu du, "egungo marko konpetentziala errespetatuz".

Bestalde, Jaurlaritzak irmo gaitzetsi ditu goizean goizetik hiri nagusietako sarreretan gertatutako istiluak eta errepide mozketak. Mikel Torresek adierazi du greba eskubidea "konstituzionala" den arren, lanera joan nahi duten pertsonen eskubidea ere bermatu behar dela. 

Argazkiak: Ekaitz Anda

Erlazionatuak

1.500 euroko gutxieneko soldata zerumugan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute mar 17, 08:28 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago