greba orokorra

1.500 euroko gutxieneko soldata zerumugan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 16a

Arabako Foru Aldundiaren aurrean grebaren aldeko ELAren elkarretaratzea. Argazkia: ELA

Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa lortzeko greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17an. Goizean goizetik piketeak egingo dira, eta 12:30ean manifestazio nagusia Gasteizen.

Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezar dadin eskatzeko, Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra du deituta martxoaren 17rako. Greba orokorrerako prest eta baikor azaldu dira ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak azken orduetan: "Greba orokor arrakastatsua espero dugu", esan dute, eta azaldu dute 1.750 langile batzordek eta ehun eragile inguruk dagoeneko bat egin dutela deialdiarekin.

Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa lortzea eta eztabaida hori agenda politikoan jartzea izan da azken hilabeteetako kanpainaren xedea. Helburu horren bueltan Arabako berrehundik gora enpresa batzordek bat egin dute greba orokorrarekin. Besteak beste, Aguraingo Atusa, Bastida ikastola, Denon Bizitzak Erdigunean, Aguraingo Udala, Amurrio Ferrocarril, Dulantziko Udala, Carrefour Gorbeia, Aernova, Arabako Foru Suhiltzaileak, Mercedes Benz, Tubacex edo Maderas de Llodio batu dira deialdira.

Gainera beste dozenaka gizarte eragilek ere bat egin dute grebarekin. Tartean daude Araba Bizirik, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Ernai, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, eta SOS Aiaraldea. UAGA Arabako nekazarien sindikatuak ere iragarri du biharko greba orokorrarekin bat egiten duela.

Piketeak goizetik

Goizean goizetik, piketeak antolatu dira. Gasteizen, 05:00etan izango dira, Mercedesen eta Gamarrako Repsol gasolindegian, besteak beste. 10:00etan, berriz, kontzentrazioa eta pikete informatiboa antolatu dute Boulevard merkataritza zentroan, eta 10:30ean, hiru zutabe abiatuko dira Lakuatik, Boulevard merkataritza zentrotik eta Esmaltaciones fabrika zaharretik. Gero, 12:30ean, manifestazio nagusia egingo dute Bilbo plazatik abiatuta.

Arratsaldean manifestazio dezentralizatuak egingo dira, halaber, Arabako eskualde buruetan. Gasteizko manifestazioa 18:00etan irtengo da Andra Maria Zuriaren plazatik.

Gerraren itzala

Martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eta, oro har, soldatak hobetzea eskatuko dute, baina ez hori bakarrik, "gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba" ere izango dela adierazi dute sindikatuek. "Bizitzaren garestitzea areagotzen ari da Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Ekialde Hurbilaren aurka egiten ari diren eraso inperialisten ondorioz, eta, hain zuzen ere, garestitze horri aurre egiteko neurriak dira greba orokorrarekin aldarrikatuko direnak: aberastasuna banatzea, soldatak hobetzea eta LGSa hemen erabakitzea", azpimarratu dute.

EHKSren manifestazioa

Beste aldetik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Euskal Herriko sindikatu nagusiek deitu duten grebarekin bat egin du baina sindikatuen "greba ereduarekin" ados ez dagoela adierazi du, eta mobilizazioak bere aldetik egingo ditu. "Bizi eta lan baldintzen okertze orokortua gertatzen ari den testuinguru honetan, langile klasea borrokarako subjektua eta sozialismoaren eroale bilakatzea ezinbestekoa" dela azaldu dute. 

Gasteizen indarrak batu dituzte CNTk eta EHKSk, eta batera egingo dute manifestazio bat, 11:00etan Andre Mari Zuriaren Plazatik abiatuta. Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean zabaldu dute deialdia, eta "langile klasearen borroka hedatzera" deitu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago