Arabako Foru Aldundiak kanporatze prozedura abiatzeko eskatu du, eraso homofoboaren ustezko egile nagusia den 17 urteko adingabea bere jatorrizko herrialdera deportatzeko. Gaztea Gasteizko Bideberria zentroko erabiltzailea da, eta bera da ustez igandeko eraso homofoboan parte hartu zuten hiru adingabe tutelatuen artean "egile materiala", aldundiak adierazi duenez. Jakinarazi dute ez dela lehen aldia indarkeriazko ekintzetan parte hartzen duena.
Aldundiak argudiatu du gazte honek "erabateko egokitzapen falta" erakutsi duela, bai zentroko arauetara, bai "gizartean integratzeko eskaintzen zaizkion baliabideetara". Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak berretsi du "ez duela borondaterik integratzeko, ez dituela arauak errespetatzen eta aurrekari bortitzak" dituela; "beraz, bidezkoena bere jatorrizko herrialdera itzultzeko eskatzea da". Gobernu Ordezkariordetzari bidali diote adingabea kanporatzeko eskaera, erakunde honek baitu halako gaietarako eskumena.
Beste bi adingabe ere atxilotu zituzten igande goizaldean, bi gazteri egindako eraso homofoboagatik, ostikoak, ukabilkadak eta irainak tarteko. Hirurak daude oraindik Adingabeen Fiskaltzan deklaratzeko zain.
Kriminalizazioaren kezka
Bideberriako langileen batzordeak irmoki gaitzetsi du igandean gertatutakoa, "eraso koldar, zital eta onartezina" dela adierazita. Aldi berean, ohartarazi dute ez dela bidezkoa adingabe migratzaileak oro har kriminalizatzea, eta gogorarazi dute zentroko gehienek "arrakastaz lortzen dutela integrazio prozesua".
Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ere salatu du eraso larria, eta mobilizazio bat deitu dute astearte arratsaldean, 19:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Behatokiak adierazi du bere babesa adierazi nahi diela erasotuei, eta aldi berean, kolektibo jakin batzuen kriminalizazioa salatu du, diskurtso arrazistak elikatzeko erabiltzen direla ohartaraziz.
Aldundiak azpimarratu du Bideberriako adingabeak ez daudela kartzelan, eta askatasunez mugi daitezkeela, nahiz eta hiru gazteek "baimenik gabeko irteera" egin zuten erasoaren egunean. Etorkizunera begira, erakundeak dio lanean jarraituko duela "aniztasun sexualaren errespetua eta gizarteratzea" lantzen.