Aldundia akusazio gisa uxatu zuten Bakoren buruaren auzian

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 10a

Otsailaren hasieran atera zuten burua Ertzaintzak zigilatutako kutxatik. Argazkia: AFA

Fiskaltzak ebatzi zuen aldundiak ezin zuela bere burua aurkeztu akusazio partikular gisa, lapurretarekin "kalterik jaso" ez zuela argudiatuta. Ondare historikoaren gaineko deliturik ez zuen ikusi, 1933ko lege batean oinarrituta.

Bakoren buruaren gaineko auzian Arabako Fiskaltzak diputazioari ukatu zion akusazio partikular gisa pertsonatu ahal izatea, fiskalak ebatzi zuelako foru erakundea ez zela delitu horretan "ofenditua" izan. 2024ko agiri batean, Arabako Fiskaltzak ondorioztatu zuen aldundia ez zela Bakoren buruaren jabea, eta ez zuela "kalterik jaso" salatutako gertakarietan. 

Idazkian fiskalak argudiatzen du lapurreta 1976an gertatu zela, eta 1973ko Zigor Kodearen aplikazioa dagokiola, bai eta Bigarren Errepublikan onartu zen 1933ko Ondare Artistiko Nazionalaren gaineko legea ere. Hortaz, eta piezak "kalterik jaso ez duenez", fiskalak ez du ikusten ondare historikoaren gaineko deliturik; bide beretik, 1933ko lege horretan oinarritu da argudiatzeko Bakoren burua ez zela aldundiarena 1976an Jon Buesa EAJko goi kargudun ohiak Arkaiatik pieza ustez lapurtu zuenean.  

Otsailean izandako beste polemika bat argitu da orain argitaratutako agiriekin. Izan ere, une horretan Kultura departamenduari egotzi zitzaion bederatzi hilabete aurretik Gasteizko Instrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak piezari Ertzaintzaren zigilua kentzeko baimena atzeratu izana. Alabaina, EH Bilduk egindako galdera bati emandako erantzunean atxikitako erregistro orokorreko agiriaren arabera, notifikazioa aurtengo otsailaren 11n iritsi zitzaion foru erakundeari, epaileak emandako probidentzia iazko maiatzaren 26an datatuta dagoen arren. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago