Bibat museoaren biltegi batean gordeta egon den Bakoren burua ireki du aldundiak, behin auzia ikertzen ari den epailaren baimen judiziala jasota. Iritsitako probidentziaren bitartez, epaileak baimena eman dio foru erakundeari pieza nahieran erabiltzeko, eta Ertzaintzak jarrita zuen zigilua kendu ahal izateko.
Hortaz, burua arkeologia museoan erakutsi ahalko da, beharreko katalogazioa egin ondoren. "Lanek aukera eman bezain laster, Bakoren burua Bibat Museoaren atarian jarriko da, eta bertan egongo da publikoarentzat ikusgai", aurreratu du gaur aldundiak ohar batean.
II. mendeko marmolezko pieza txikia da, hamabi zentimetrokoa, duela 50 urte Arkaiako aztarnategian aurkitutakoa. Denbora gehienean, ordea, Jon Buesa EAJko goi kargudun ohiaren esku egon da, baina, momentuz, hori zergatik gertatu den ikertzeko abiatu den prozesu judizialak ez du aurrera egin. Buesak 2022an bueltatu zuen pieza, aurretik hainbat aldiz berak zeukana "kopia bat" zela esana bazuen ere.