Akordiorik gabe amaitu da Tubos Reunidosen negoziazio epea

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 9a

Gaur Bilbora eraman dute langileek protesta. Argazkia: ESK

Langileek Bilbo erdigunera eraman dute gaur protesta, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek Euskalduna jauregian bilera egin bitartean. Kontsultaldia amaitu bada ere, enpresak beste bilera batera deitu ditu sindikatuak.

Tubos Reunidosen erregulazio espedientea negoziatzeko epea gaur amaitu da, eta langileen ordezkaritzak uko egin dio Amurrioko fabrika ixteari eta 301 langile kaleratzeari, erabaki horrek Aiaraldeko industria etorkizuna arriskuan jartzen duela iritzita. Sindikatuen proposamen nagusia espedientea bertan behera uztea eta "xantaiarik gabeko benetako negoziazio prozesu bat" abiatzea izan den arren, zuzedaritzak bere hasierako planteamenduari eutsi dio. 

Sindikatuek gogor kritikatu dute zuzendaritzaren jarrera, eta enpresak urteetan zehar egindako "kudeaketa negargarria" langileei bakarrik ordainarazi nahi izatea egotzi diote. Salatu dutenez, zuzendaritza ez da gai izan frogatzeko altzairutegiaren itxiera dela alternatiba posible bakarra, eta pieza hori ekoizpen prozesuaren barruan estrategikoa dela azpimarratu dute. LABen ustez, "onartezina" da adostasunez hitz egitea kaleratzeak eta itxiera oinarrizko baldintza gisa mantentzen diren bitartean, eta enplegu suntsiketa zuzen zein zeharkakoa eragingo du eskualdean.

Egoera honen aurrean, erakunde publikoen "pasibotasun kezkagarria" ere jomugan jarri du langileen ordezkaritzak. Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta foru aldundiei bizkarra ematea leporatu diete, Tubos Reunidosek azken urteetan laguntza publiko garrantzitsuak jaso dituen arren ez baitute zeregin aktiborik hartu enpleguaren defentsan. Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariaren jarrera kritikatu dute bereziki. "Izan ere, gaur negoziazio lekutik gertu egon den arren, ez da hurbildu alderdi sozialaren egoeraz interesatzera".

Kontsultaldia amaitu bada ere, enpresak beste bilera batera deitu ditu sindikatuak. ELA, LAB eta ESK sindikatuek kontsulta epea amaitu dela esan dute, eta ikusteko dago ostiralean zer egingo duten. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago