Gorka Abascal

"Eurek sortutako zorra ordainarazi nahi digute langileoi"

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 19a

Gorka Abascal, ESK sindikatuko ordezkaria, asteartean zuzendaritzarekin izan zuten bileraren aurretik. Argazkia: PHOT.OK

Martxoaren 9a bitartean antolatutako bost greba egunetako lehena egin dute Tubos Reunidoseko langileek asteartean.

Aiaraldeko industria lehen lerroan da, berriz ere, eta ez albiste onengatik. Tubos Reunidoseko zuzendaritzak 301 kaleratze iragarri ditu, altzairutegiaren itxierarekin batera. Hasierako "kolpea" eta "shock" egoeraren ostean, langileak egoeraz jabetzen ari direla azaldu du Gorka Abascal ESK-ko ordezkariak, eta afera konpontzeko lan egiteko gogoz daudela, "borrokarako prest".   

Halako erabakirik aurreikusten zenuten?

Lan hitzarmenaren negoziazioetan gaudenok bagenekien enpresaren jarrera zein zen. Azken urteetako aldi baterako erregulazioetan ikusi dugu nola jokatzen duen. Baina langileentzat kolpe galanta izan da; aldi baterako erregulazioak tarteka aplikatzen zizkiguten tresna baten moduan ikusten genituen, libratzen ari ginela, eta bat-batean "aldi baterako" hori erori egin da, eta erregulazio espedientea daukagu. ESK sindikatutik aspaldi ohartarazi genuen: enpresak aurkeztutako memorietan argi geratzen zen egoera honek kaleratzeetara eraman zezakeela. Mozkinak zituztenean aldi baterako erregulazioak erabili zituzten, eta urte bat okerragoa izan denean, zerga mugak tarteko, aizkora atera dute.

Kaleratzeekin batera, altzairutegia ixtea aurreikusten dute.

Enpresak dio bideragarritasun plana dela hau, eta, aldiz, kolokan jar dezake ixteak, Amurrio eta Trapagarango ijezketa-zentroen lehengai hornitzailea akabatzen duelako. Energiaren edo txatarraren kostua aipatzen dute, baina altzairua kanpoan erosiz gero, kostu horiek guztiak gehi kanpoko fabrikatzailearen mozkinak ordaindu beharko dituzte. Gure ustez, Amurrio eta Trapagarango Tubos Reunidos ez da bideragarria altzairutegirik gabe. Gogoratu behar da, gainera, 60 milioi euro inbertitu zirela bertan Trapagarango jendea hona ekartzeko. Orain, inbertsio hori guztia zakarrontzira bota nahi dute.

300 langile gutxiagorekin funtzionatu dezake lantegiak?

Tuboseko kontratua duten 300 lagun gutxiagorekin bai, baina kanpoko jendearekin ordezkatuta. Logistika, esaterako, azpikontratatu nahi dute. Baina, egia esan, ez dakigu zein den enpresaren asmoa, ez dutelako argi hitz egiten. Dakiguna da zor arazo itzela dutela, zuzendaritzak berak sortu duena, eta langileon kaleratzeekin estali nahi dutela.

 

Langileen oihu eta protesta artean sartu zen Tubos Reunidoseko zuzendaritza astearteko bilerara. PHOT. OK

Konpainiaren zorra 263 miloikoa dela jakinarazi dute...

Zor hori ez da egun batetik bestera pilatzen. 2005ean ez zegoen zorrik, kutxa positiboa zen. 2008an Condesarekin bat egiteko proiektu "izarra" etorri zen, sekulakoa egin behar omen zuten, eta 170 milioi eskatu zituzten. Operazioak huts egin zuen, baina diru hori ez zuten itzuli. Gure susmoa da dibidenduak banatzeko erabili zutela, baita urte txarretan ere. Gero SEPI industria funtsari 113 milioi eskatu zizkioten, ICO Kreditu Ofizialeko Institutuari beste 15... Zorra handitu besterik ez dute egin, zuzendarien soldatak igo eta dirua banatzen zuten bitartean. 2023an irabazi errekorrak izan genituen eta orain, 2025ean, bat-batean 70 milioi pasatxoko galerak eta 263 milioiko zorra daukagu. Enpresa lapurreta legala izan da, gobernuen eta CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen babesarekin.

"Diru kopuru handia hartu dute, eta konpromisorik ez zonaldeko lanpostuei eusteko"

Nola egin dakioke aurre zor horri?

Ez dagokigu guri halako proposamenik egitea, enpresari baizik, berak eraman baitu dirutza guztia. Baina okurritzen zait Espainiako Gobernutik zein Eusko Jaurlaritzatik dirua jartzera derrigortu beharko lituzketela gaur egun enpresak dituen inbertsoreak, kanpokoak bilatu gabe, administrazio kontseilu barruan daudenak. BBVAk, esatera baterako, administrazioan pisu handienetako bat izan du, eta oraindik akzioen %5 baino gehiago dauka; zalantzarik gabe, zorrarekin eta langileon soldatekin etekina ateratzen aritu da. Goi zuzendaritzak urtez urte igo ditu bere soldatak, baita krisi garaietan ere, dibidenduak, dietak... Uste dut orain beraiei dagokiela dirua jartzea eta eurek sortutako arazoa konpontzea. Horretan gobernuek giltza izan beharko lukete, eta gehiengoaren alde jarri, langileon alde alegia, eta ez etengabe Neguriko kastaren alde, orain arte egin duten moduan. Sorbaldak altxatu eta batak besteari errua bota; hori da orain arte egin dutena. Eta bitartean diru publiko kantitate handiak sartu dituzte, eta ez da egon benetako konpromisorik zonaldeko enpleguei eusteko. Denok jarri dugun dirua.

Asteartean izan duzue lehenengo bilera zuzendaritzarekin erregulazio espedientearen inguruan. Zer adostu duzue?

Oraingoz, erakusten diguten informazioarekin, ez dago 301 kaleratzeak justifikatuko dituen dokumentaziorik, eta horregatik informazio osagarria eskatu dugu. Gure ustez, enpresak aurkeztutakoa ez da bideragarritasun plan bat, ez du enpresaren etorkizunaz hitz egiten, besterik gabe, kostu murrizketa bat bilatzen du. Altzairutegia ixteak enpresaren etorkizuna arriskuan jartzen duela ohartarazi dugu, eta zuzendaritza gaia alboratu nahian ibili da. Ez digute etorkizuneko hornitzaileei buruzko informaziorik eman ezta zorra berregituratzeko egiten ari diren kudeaketari buruzko argibiderik. Era berean, pizgarridun baimen eskaintza bat jarri du mahai gainean langileentzat, negoziazio mahaiaren lana baldintzatu nahian, gure ustez fede txarrez egindako eskaintza. Astelehenean izango dugu hurrengo bilera.

Zein da ESK sindikatuaren "marra gorria" negoziazio hauetan?

Kaleratzeak. Ez dugu onartuko kaleratze bakar bat ere, ezta akordiorik sinatuko ere horiek badaude.  Hemen ez dago soberan dagoen langilerik, enpresak hori esaten duen arren; enplegu horiek suntsitzea eskualdea hiltzea da.

"Tubacexek erakutsi zuen erregulazio espediente bat bertan behera uztea posible dela"

Sindikatuen arteko batasuna zertan dago? Batzuek greba mugagabea nahi zenuten.

ESK, ELA eta CNT greba mugagabearen alde gaude, baina ez daukagu gehiengorik. LAB, CCOO eta UGT-k lanuzte partzialak egitea erabaki dute. Ez gaude ados, uste dugulako horrek enpresari arnasa hartzen uzten diola, baina batasun sindikalaren izenean eta borroka horretan denok batera joateko, onartu egin dugu. Hala ere, jendea konbentzitu behar dugu: ezin dugu pentsatu hemen ez dela ezer gertatzen. Arazo larri bat dugu, eta uste dut azkenaldian  presio sindikala ahul xamar ibili dela. Halere, espero dut behingoz aktibatzea. Mobilizazioak ez dira falta hurrengo egunetarako. Ostiralean, esaterako, Maderas de Llodioko lagunekin elkartuko gara; greban 150 egun bete dituzten langileekin batera manifestazioa egingo dugu Amurrion. Denon ardura delako, zonalde guztiaren etorkizuna jokoan dagoelako.

Zer mezu emango zenioke 25 urte fabrikan daramatzan lankide horri?

Langile hori ni neu izan naiteke. 47 urte ditut, eta 25 urte daramatzat lantegian. Ezin dugu onartu kalitatezko 300 lanpostu galtzea Aiaraldean. Erantzukizun bat dugu lanpostu hauek defendatzen, belaunaldi gazteen etorkizuna defendatzen. Kaleratzeekin batera, zeharka, eskualde guztiari eragiten baitio honek: okinari, garraiolariari, institutuko irakasleari... Batzuek pentsatzen dute diru pixka batekin joatea irtenbidea dela, baina 48 edo 49 urterekin, eta gehienak adin tarte horretan gabiltza, diru hori ez da deus. Gainera, osasuna utzi dugu bertan, hodi artean. Oraindik amiantoa kentzen ari dira tailerretan! Gure lanpostuak eta gure eskualdeko etorkizuna defendatu behar ditugu amaiera arte. Gure gurasoek borrokatu zuten hau altxatzeko, eta orain guri dagokigu. Zoritxarrez, zonaldeko industria erabat kolpatua dago inguruan erori diren enpresekin; 2000. urtetik ikaragarria da zerrenda: Aceros de Llodio, Valvospain, Somolsa, Kider, Lipmesa, Guardian... Baina borrokan ere eredugarri izan dira.  Tubacexen, esaterako, erakutsi zuten posible dela erregulazio espediente bat bertan behera uztea, epaitegiek atzera bota zuten zortzi hilabeteko borrokaren ostean, eta gatazka hemendik kanpora zabaltzea lortu zuten, borroka sozializatu zuten. Gu ere kapaz izango ote gara? Hori espero dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago