20.000 bazkide bildu ondoren, elkarte gisa eratu da Altxa Burua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 9a

Altxa Burua elkartearen Arabako bazkideak. ALTXA BURUA

Haurren eta nerabeen artean smartphoneen erabilera goiztiarrak izan dezakeen eraginaz kezkatutako familien ekimen gisa sortu zen Altxa Burua.

Familien kezkatik sortu zen Altxa Burua herri ekimena, eta gaur, 20.000 bazkide baino gehiago bildu dituenean, elkarte gisa formalizatzea erabaki du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Altxa Buruak hiru helburu nagusi izan ditu sortu zenetik: lehen smartphonea eskuratzeko adina atzeratzea —adin txikikoek beharrezko heldutasuna garatzeko eta erabilerari lotutako heziketa ulertzeko denbora izan dezaten—; smartphonerik gabeko hezkuntza inguruneak sustatzea; eta osasun irizpideetan eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako digitalizazio arduratsua bultzatzea, adin txikikoei ahalduntze digitala emango diena eta, aldi berean, familiei eta hezitzaileei teknologiaren erabilera kontzientean lagunduko diena.

Familiak, ikastetxeak

Elkarte berriak ohar bidez iragarri du elkarte gisa eratu izanak "sare lana sendotzea" ahalbidetuko duela, "hezkuntza erakundeekin eta administrazio publikoekin elkarlana indartzea, eta familientzako hitzaldiak, tailerrak eta baliabideak sustatzen jarraitzea". Gaur egun, familiez gainera, ehun ikastetxe inguruk bat egin dute Altxa Buruarekin. Horrez gain, medikuen elkargoek, foru aldundiek eta hainbat gizarte eta hezkuntza erakundek babesa agertu diote proiektuari, haren izaera komunitarioa eta zabala indartuz.

"Familia askok smartphonea gero eta lehenago emateko presio soziala sentitzen duten testuinguru honetan, Altxa Buruak erakutsi du komunitateak elkarlanean jarduten duenean presio hori arindu edo irauli daitekeela. Euskal Herriko hainbat herritan, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen ehuneko handi batek ez du smartphonerik, eta horrek ingurune osasuntsuagoak sortzen laguntzen du, baita ikaskideen arteko egiazko harremanak sustatzen ere", adierazi dute.

Logo berria

Aldi berean, gizarte mugimendu berriak bere logoa aurkeztu du, etapa berriari irudi berritu batekin ekiteko. Logo berriak mugimenduaren balio nagusiak irudikatu nahi dituela azpimarratu dute: begirada altxatzea, komunitatea indartzea eta nerabezaro libreago, gizatiarrago eta osasuntsuago baten alde egitea. Diseinu berriak, halaber, batasuna, itxaropena eta konpromezu kolektiboa islatzen ditu".

 
Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago