Adingabeei interneterako sarbidea duten gailuen entrega atzeratzeko kanpainaren arrakasta eta smartphonerik gabeko hezkuntza espazioak sortzeko bultzada azpimarratu ditu Arabako Altxa Burua mugimenduak joan den igandean Gasteizko Salburua gizarte etxean egindako ordezkarien bigarren batzarran. Halaber, herrialde osoan sarea sendotu dela nabarmendu dute: "Arabako zazpi kuadrilletan presentzia sendotuz eta ordezkatutako 54 ikastetxe baino gehiago batuz. Araba osoak baditu familiak eta irakasleak antolatuta, beren adingabeen osasunaren eta ongizatearen aldeko ahalegina eta lana uztartuz".
Altxa Burua Araba mugimenduko kideek azaldu dutenez, sareak hazkunde azkarra izan du jaio zenetik urte eta erdi eskasean 15 ordezkari izatetik 28 izatera igaro baita, milaka familia eta ikastetxe ordezkatuz. "Arabako Altxa Buruak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako taldeekin lankidetza estuan lan egiten du. Bertan, hezkuntzako familien eta profesionalen sareak ere hazten jarraitzen du hilabetez hilabete, mugimendua ordezkatzen duten 200 talde baino gehiagorekin".
Erregulazioa eskatzeko 20.000 sinadura
Ikasturteko ekimen garrantzitsuenen artean, gailuen entrega atzeratzeko familia ituna, erregulazioa eskatzeko 20.000 sinadura biltzeko kanpaina, eta Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailetara bidalitako gutunak azpimarratu dituzte. Halaber, ikastetxeeekin eta beste eragile batzuekin lankidetza sendotzeko egindako ahalegina azpimarratu dute.
2025/26 ikasturteari begirako helburuak ere zehaztu ditu Altxa Burua Arabak: Arabako ikastetxeen %100ean taldeak sortzea, smartphone-a entregatzeko presio soziala ezabatuko duen familia itun komun bat sustatzea, eta erregulazio autonomiko baten aldeko borroka, %100 smartphone-rik gabeko ikastetxeak bermatzeko.