Eusko Jaurlaritzak Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialaren dekretua onartu du aste honetan, 3.000 kilometro koadro ingururi eragingo dion antolaketa neurri batean. Plan horrek zehaztutako gidalerroei egokitu beharko dira eremu horretan datozen hamasei urteetan egingo diren jarduera guztiak.
Praktikan, Araba gehiena sartzen da —Trebiñu salbu—, berezko plana duten Aiaraldea eta Arabako Errioxa alde batera utzita. Orotara, eremu horrek 334.000 biztanle inguru hartzen ditu. Eman dituzten kalkuluen arabera, planaren ondorioz egingo duten inbertsioak 1.200 milioi euro ingurukoak izango dira.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuaren esanetan, arau berriak "lurzorua zaintzea, paisaia babestea eta ekosistemak indartzea, eta, aldi berean, erronka klimatiko, energetiko, demo grafiko eta ekonomikoei erantzuteko aukerak eta ahalmena bermatzea" ahalbidetuko du. Antolaketa industrialari dagokionez, Itxasok nabarmendu du Goiaingo eta Miñaoko industrial deen eta aireportuaren arteko "berrikuntza arku baten bidez" jarduera estrategikoen korridore bat barne hartzen duela.
Besteak beste, onartutako planak azpiegitura eta korridore ekologikoak, paisaiaren katalogoak, lurzoruaren erabilera, mugikor tasuna eta logistika, edota hirigintzaren hedapena aintzat hartzen ditu. Planak instalazio energetikoen ezarpena erregulatzen du ere. Kasurako, 200 metro koadro baino gehiagoko azalera du ten eraikinetan eguzki plakak jarri beharko dira, eta instalazio fotovoltaiko handien kokapen eremuak mugatzen ditu: ezingo dira jarri mendi publikoetan, ezta babes bereziko eremuetan edo eta "nekazaritza balio handiko" lurzoruetan ere. Modu berean, hirigune edo landa guneekiko 500 metro baino gehiagoko gutxieneko distantzia mantendu beharko dute.